Edukira zuzenean joan

Alberto Durero: Städel Museum-en Bildumako grabatuak

hezkuntza-edukia

Antzinatea

Antzinate Klasikoa berriro aztertu beharreko kultur eredua izan zen, aurrena idatzietan eta hurrena nagusiki Greziako eta Erromako ondare artistikoa eta arkitektonikoa imitatuz.

Eredu hura estanpa-liburuen eta grabatuen bitartez ezagutzera eman zen, baita goren mailako arkitektoaren eskolatzat zuten Erroma hiriko aurriak zuzenean behatzetik ere. Ara Pacis (I. mendea K.o.), Laokoon eta bere semeak eskultura-multzoa (I. mendea K.o.), Farnesoko zezena (II. mendea K.o.), Belvedereko Apolo (IV. mendea K.a.) edo Domus aurea (I. mendea K.o.) garaiko aurkikuntza handietako batzuk izan ziren. Gainera, Zizeron eta Virgilio bezalako idazle grekolatindarren obrak itzuli, berrikusi, berrargitaratu eta zabaldu izanak klasizismoaren mitoa indartu zuen.

Errenazimentuan, Antzinate Klasikoa berrikuntza garaitzat hartu zen, eta aldi berean testu sakratuen interpretazio laikoa ahalbidetzen zuen, baita alderantziz ere. Concordata bat sortu zen, hau da, kultura paganoaren eta eliz dotrinaren arteko “akordioa”, itxuraz paganoak ziren irudiek, askotan, erlijio ikasbiderako garrantzizko edukiak izan zitzaketelako, alegoria, sinbolo, ikur edo hieroglifoetan ezkutatuta; irudi erlijiosoak, aldiz, edertasun eta zentzu estetiko pagano handiz irudika zitezkeen.

Antzinateari zor zaion edertasunaren ideala kontzeptu matematikoetan oinarritutako zatien proportzioan eta harmonian datza. Neurriaren zientzia hori alor plastiko guztietan aplika daiteke, hau da, arkitekturan, pinturan eta eskulturan.