Egon Schiele
Ez dagoenaren aztarna
Arkatzez egindako marrazkiak
Atalak
Muinaren galera
- Izenburua:
- Muinaren galera
- Erakusketa:
- Egon Schiele
- Gaiak:
- Gizakia | Giza gorputza | Artea eta gizartea | Artea eta psikologia | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa
- Aipatutako artistak:
- Schiele, Egon
Bere burua gaitzat hartu zuen eta hainbat pertsonaia hezurmamitu zituen Egon Schiele-k; jorratu gabeko arlo batean sakontzen hasi zen horrela. Mende amaierako gizartean gertatzen ari ziren aldaketak ondo ulertzen zituen, eta, hori dela eta, bere buruaren irudikapenetan jaso zituen gizartearen eta garai hartako psikearen gatazkak; arazo horiek figurazioaren eremura eraman zituen. Izan ere, ez zuen bere burua modu dramatikoan aurkeztu eta irudietan jaso bere barne-barruak aztertu ondoren; ez dira hausnarketa horien emaitza, baizik eta modernotasunean barne-bizitza koherenterik ez dagoela onartzearen ondorio teatralak. Gizakia bere burutik, erlijiotik, gizarte-ingurutik eta naturatik aldendu da: bere muina galdu du.
Autorretratua beheko betazala tenkatuta lanean galera hori jaso zuen: burua okertua dago, eskutik aldentzen da; aldi berean, esku horrek betazala eta aho-ertza tenkatzen ditu, beherantz. Autorretratuak simetria galdu du, eta, hartara, oinarria: ezberdinak dira bi begiak, aurpegiaren bi erdialdeak, belarrien eta buruaren arteko tarteak, sorbalden altuera eta gorputzaren bi erdiak. Simetria galdu du autorretratuak, hots, oinarria. Pintzelkadak bihurgune asaldatuetan zehar nabari dira, Syndetikon fluido aglutinatzaileari esker, eta alkandoraren barrua desorekatzen dute, erdigune gabeko konposizio asimetrikoak irudia desorekatzen duten neurri bertsuan. Schieleren lan handi honetan ez da ageri XIX. mendeko burgesiaren niaren aldarrikatze ideala —nortasun handikoa, sendoa—, modernotasunaren ni zatikatu eta urratua baizik.