Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
Aurrez aurre
Atalak
Jatorrizko suzko bola: Proiektuen proiektua
- Izenburua:
- Jatorrizko suzko bola: Proiektuen proiektua
- Erakusketa:
- Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materiala | Dualtasuna | Suntsipena
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala | Land Art
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Argazkia | Bideoa | Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea | Performance
- Aipatutako artistak:
- Cai, Guo-Qiang
Areto honetako sei bolbora-marrazki Jatorrizko suzko bola: Proiektuen proiektua (1991) instalazioaren osagai gisa sortu zituen Cai Guo-Qiang-ek; instalazio hori Tokioko P3 art and environment arte-eremu alternatiboan aurkeztu zuen 1991n. Haren bi sail nagusien parte dira marrazkiok, Estralurtarrentzako proiektuak eta Gizadiarentzako proiektuak, eta leherketa-proiektuen proposamen gisa eratu zituen. Bi sail horien izenburuek Cairen pentsamenduaren eskalaren eta ikuspegiaren inguruko informazioa ematen digute. Lurrean egindako suzko patroi erraldoiek big bangaren, purifikazio erlijiosoen eta bizitzaren suntsipenaren irudiak dakarzkigute gogora. Kanpoaldean, une jakin batean eta publikoaren aurrean sortzen direnez, leherketa-proiektuek performance gisa jarduten dute: eztanda burrunbatsuek, argi itsugarriek, kea eta airean esekita dauden beste hondakin batzuk denboran dislokatzea sortzen dute, une bateko trantze bat. Land Art eta iraupen gutxiko arte gehiena legez, leherketa-proiektuak jasotzen dituzten euskarrien bidez baino ez dira ezagutzera eman: argazkiak, bideoak eta marrazkiak. Cairen leherketa-proiektuen eta bolbora-marrazkien hurbiltze filosofikoaren azpian daude suntsitze- eta sortze-, kaos- eta kontrol-dialektikak, baita artean hainbat energia-forma erabiltzeko interesa ere.
Leherketa-proiektuak baino lehenagoko eta horien ondorengo dokumentuak dira paper gainean bolbora-lehergailuak piztuz sortzen diren bolbora-marrazkiak, eta beraz, horien arabera ematen zaie izena eta data. Jarraibideak dituzten marrazkiak dira: horietan artistak mapa bat marrazten du eta leherketa-proiektu jakin baten kontzeptuen, teknikaren eta logistikaren nondik norakoak jasotzen ditu. Cairen bolbora-marrazkiek senez agertzen dute materiaren eta energiaren arteko loturan duen funtsezko interesa; materia (bolbora) lehertu eta energia bihurtzen da, berriro ere materia bihurtzeko haren egoera aldatzen denean (erretako marrazkia). Ildo horretatik, denboraren, prozesuaren eta eraldatzearen mapak dira. Haien aztarna abstraktuek —bolborak su hartzearen ondorio diren ke eta sugar aztarnak— atmosfera efektu bizia sortzen dute, materiala galdu egiten denaren froga. Leherketa-proiektuekin batera, bolbora-marrazkiek gaur egungo artearen metodologia eta kontzeptu-irizpideak zabaldu dituzte.