Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
Bolbora
Bilboko errentak biltzeko patioa
Atalak
Hausnarketa—Iwakiko opari bat
- Izenburua:
- Hausnarketa—Iwakiko opari bat
- Erakusketa:
- Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sinbologia | Kolektibitatea | Sozialismoa | Kultura eta globalizazioa | | Gogoeta | Suntsipena | Txina
- Artelan motak:
- Bideoa | Instalazioa
- Aipatutako artistak:
- Cai, Guo-Qiang
Sozialismoaren utopismo bat nagusi da Cai Guo-Qiang-en artean. Haren lan-metodoan lankide ugarik, dozenaka, ehunka, esku-hartzen dute, talde profesionalak, arte-munduko boluntarioak eta proiektua garatzen den tokiko pertsonak barne. Elkarlan-prozesu hori, eta zehazki, lana burutzen duen lekuko komunitateekin lan egitea, funtsezkoa da Cairen kontzeptu ikuspegian. Horrek Joseph Beuys-ek “gizarte-eskulturei” buruz zeuzkan ideiak dakartza gogora: horien arabera arteak gizarte-aldaketak sustatzen ditu, hortaz, publiko orokorraren konpromiso zuzena dakarte. Horrelako elkarlanek Caik komunitatearen idealetan —1960ko eta 1970ko hamarkadako Mao Zedong-en Kultur Iraultza garaian haztearen ondorio— sinisten duela agertzen dute. Artistak aitortzen du Maoren ideologia inspirazio-iturri izan zuela Iwaki hirian, Japoniako kostaldean, bizi zen bitartean —1993ko azarotik 1994ko martxoa arte—. Bertan, hiriko langileen artean integratu zen eta 1994an bi instalazio egin zituen, San Jō dorrea eta Kaikō-Gila (Argiaren itzulera: Dragoi-hezurra), eta leherketa-proiektu bat, Zeruertza Panpazifikotik: estralurtarrentzako proiektua, 14. zk.. Caik Iwakiko komunitatearekin lan egin du instalazio hau ezarri duen bakoitzean, eta lankidetza hori artelanaren alboan proiektatzen den bideoan ikus daiteke, bertan azpimarratzen da kontzeptuari dagokionez giza-dimentsioak zein garrantzi duen.
Hausnarketa—Iwakiko opari bat (2004) lanerako Caik Iwakiko hondartzetatik, lurpetik, atera zuen hondoratutako itsasontzi bat, bertako boluntario batzuk laguntzaile zituela. Pertsona horiexek esku hartu dute lan honen instalazioan ikusgai jarri den bakoitzean. Hori dela eta, haien parte-hartzea kontzeptuaren funtsezko alde bat bihurtu da. Kroskoa portzelana zurizko plater eta irudi zatiez bete da, horiek Avalokiteśvara (Guanyin) budismoaren jainko ezaguna irudikatzen dute, errukiaren Bodhisattva. Dehuan egin zituzten irudi horiek, Cai jaio zen hiriaren, Quanzhouren, ondoko nekazal eskualde batean; eskualde hori ezaguna da XVIII. mendetik Europara bidaltzeko blanc-de-Chine izeneko portzelana ekoizteagatik. Portzelana hori lan honetako itsasontzien modukoetan garraiatzen zuten, maiz hondoratzen ziren, eta zama itsaspean geratzen zen. Caik egungo irudi-kulturari ekarpen bat egiten dio: iraganeko benetako osagaiak erabiltzen ditu Txina eta mendebaldea arteko merkantzia-eta sinesmen-garraioan egoten ziren zoritxarreko istripuen gaineko hausnarketa sustatzeko.