Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
Klasizismoak liluratuta
Eraikitzaileak
Atalak
Klasizismoaren alde iluna
- Izenburua:
- Klasizismoaren alde iluna
- Erakusketa:
- Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta historia | Artea eta politika | Estetika | Lehen Mundu Gerra | Faxismoa | Nazismoa | Alemania | Italia
- Mugimendu artistikoak:
- Novecento | Objektibotasun Berria
Lehenengo Mundu Gerrak eragin zuen hondamendia agerikoa zenean klasizismoari berriro eutsi ziotenek heriotza behin eta berriz irudikatu zuten; bi hamarkadaren buruan baina, heriotza ekarriko zuen politika-kanpaina baten lema eta baliabide bihurtu zen klasizismoa. Italiako faxistak lehenbizi eta Alemaniako nazionalsozialistak geroago ohartu egin ziren arte klasikoak ikur bihurtzeko ahalmena zuela eta bortizkeria erabiltzeak eta etengabeko mehatxuek boterea bermatzen zutela; hortaz, ideia bi horiek uztartu zituzten. 1932an horrela esan zuen Benito Mussolini-k: “Liraren hari guztiak sakatuz jotzen dugu: bortizkeria, erlijioa, artea eta politika” eta “Zesar maite dut. Bera izan baitzen gerlari baten kemena eta jakintsu baten iaiotasuna bildu zituen bakarra”. Adolf Hitler-rek urtebete geroago adierazi zuen: “Garai bakoitzak iraganeko aro jakin batekin, hura bezain heroikoa den batekin, lotuko duen zerbait bilatzen du artean. Grekoak eta erromatarrak teutoien hurbilekoak dira bat-batean”. Izan ere, Hitlerrek uste zuen antzinako grekoak “nordiko”ak zirela; horrez gain, harentzat, klasizismoa zibilizazioen handitasuna neurtzeko tresna zen, eta arte moderno guztia haren pentsamenduaren antitesia. Hori guztiaren oinarrian zegoen arte klasikoak gizakiaren bikaintasuna irudikatzen zuela, hots, alemanek eredu izan behar zuten irudia islatzen zuela: “Gaur egun gizaki berri bat jorratzen ari gara. Bizitzaren alor askotan ahalmen handia egiten ari gara gure herria gorentzearren, gure gizonak, gazteak, haurrak, neskak, emakumeak, osasuntsuagoak, beraz, sendoagoak eta ederragoak, izan daitezen [...]. Itxurari eta arimaren gogoari dagokionez, gizadia ez da inoiz Antzinatetik hain gertu izan”, esan zien herrikideei Olinpiar Jokoak amaitu eta urtebete eskasera.