Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
Eraikitzaileak
Klasikotasuna eguneroko bihurtzen
Atalak
Gorputz klasikoak, gizatasun berria
- Izenburua:
- Gorputz klasikoak, gizatasun berria
- Erakusketa:
- Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
- Gaiak:
- Giza gorputza | Gizontasuna | Artea eta politika | Sinbologia | Estetika | Lehen Mundu Gerra | Faxismoa | Alemania | Frantzia | Italia | Tradizioa
- Mugimendu artistikoak:
- Objektibotasun Berria
- Aipatutako artistak:
- Dix, Otto | Schrimpf, Georg
Gerraostean alderdi politiko asko hainbat erara baliatu ziren klasizismoak eragiten zuen liluraz, baita haren balio sinbolikoaz ere. Frantsesek Lehen Mundu Gerraren propaganda egiteko irudi klasikoak erabili zituzten: antzinako greziarren eta erromatarren oinordekotzat zuten euren burua; alemaniarrak, aitzitik, barbaro bazter-nahasletzat zituzten. Gerra Handian erori ziren heroiei monumentuak egin zizkieten parte hartu zuten herrialdeetako plazetan; era berean, heroien irudien bidez gero eta maizago jaso zen ezkerraren eta eskuinaren arteko gatazka politikoa pinturan eta eskulturan.
Frantzian, Paristik hedatzen ziren joera artistiko berriak, baina Alemanian eta Espainian, aldiz, artegintzak ez zuen erdigunerik. Gustav Hartlaub arte historialari eta arduradunak neonaturalismo alemaniarren bi alde bereizi zituen: eskuin aldekoak edo klasizistak, Municheko artistak batez ere, besteak beste, Georg Schrimpf pintorea; ezkertiarrak, edo, Hartlaubek izendatu zituen legez, beristak, hau da, “kaosa agerian uzten” saiatzen zirenak, tartean, Dresdengo Otto Dix. Horrez gain, gerraosteko artearen talde are erradikalago bat sortu zen Kolonian. Nahiz eta Hartlaub klasizisten zaleago izan, bi joeren, klasisizten eta beristen, erakusketa ibiltari bat antolatu zuen: Neue Sachlichkeit. Deutsche Malerei seit dem Expressionismus (“Objektibotasun Berria: Alemaniako pintura Espresionismoa ondoren”, 1925). Horretan 124 mihise eta 30 paperezko lan baino gehiago zeuden, 32 artistarenak. Frantzian Kubismoaren aurka agertu ziren moduan, Alemanian Espresionismoaren aurkako joera azaldu zen gerraondoko arte giroan.
Italian, uomo nuovo edo “gizon berria”ren idea sendotu egin zen Benito Mussolini-ren 1922ko udazkeneko Erromako Martxaren ondoren. Faxismoak hutsetik hastea zekarren: politikari burgesak eta herriaren irudi negatiboa alde batera utzi eta 1922an egutegi berri bat hasi. Ildo horretatik, gizon mota berri bat beharrezkoa zen; hark baina, antzinako ezaugarriak berreskuratu behar zituen. Eskuadroi faxisten basakeria defendatzeko hala idatzi zuen 1924an bozeramaile batek: “Gure arrazakoen gerlari tradizioaren alde egitean datza, alegia, italiar gizonak —atzerritarrek, besteak beste, pasta-jaletzat eta mandolina-jotzailetzat dituztenak— gizon bihurtzean”. Gizon berriaren kontzeptuak, paradoxa bada ere, antzinako modara jantzitako gizonak, emakumeak eta haurrak barne hartzen zituen; izan ere, ideologia nazionalistek industrializatu gabeko eskulana eta tradiziozko gizartea biltzen zituen mundua goraipatzen zuten.