Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
Kaosa eta klasizismoa: gerraren itzalean
Atalak
Sarrera. Ordena berreskuratzea
- Izenburua:
- Sarrera. Ordena berreskuratzea
- Erakusketa:
- Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Estetika | Kaosa | Lehen Mundu Gerra | Nazismoa | Alemania | Espainia | Frantzia | Italia
- Mugimendu artistikoak:
- Neoklasizismoa | Purismoa
- Aipatutako artistak:
- Picasso, Pablo
Bi mundu gerren arteko urteak ezinbestekoak izan ziren arteen garapenean, nahiz eta dolu eta artegatasun sentipenak gailendu. Gutxi batzuk ohartu baziren ere 1920ko eta 1930eko hamarkadak are suntsitzaileagoa izango zen gerra baten atarikoak zirela, ia guztiak jabetu ziren bizitako esperientzia ikaragarria garrantzi handikoa zela. Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936 erakusketak trauma hari aurre egiteko artistek eman zuten erantzuna azaltzen du, hain zuzen, klasizismoa nola ernaberritu zuten. Lehen Mundu Gerraren osteko kaosaren eta hondamendiaren ondoren, ordena birsortzailearen eta edertasun klasikoaren grina jaio zen Europan. Artistek gerra aurreko esperimentazioa baztertu eta antolamendu arrazionalaren, balore objektiboen eta giza irudiaren erabilera heroikoaren alde egin zuten. Grezia eta Erroma klasikoko historia eta kultura, batez ere, izan ziren iturri gerraosteko artistentzat.
Kaosa eta klasizismoak gerren arteko garaiko estetika aztertzen du 1918ko meniatik 1936ko Berlingo Olinpiar Jokoetara, hau da, gerraren gordintasuna nabaria izaten hasi zenetik alemaniarren hobekuntza fisikorako nazien programa hedatzen hasi zen unera. Erakusketa zazpi ataletan antolatu dugu eta horietan garai hartako ardura nagusiak eta Europako artearen eta pentsamoldearen azpi-joerak azaltzen dira. Aretoen mugak izango ez bagenitu, joera horiek ekialderago arte, hau da, Sobietar Batasunera arte, eta mendebalderago, AEB arte, nola garatu ziren ere azter zezakeen erakusketak. Aitzitik, Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian jartzen du arreta, XX. mende hasierako lau gune artistiko garrantzitsuenetan.
1923an, Pablo Picassok ondorengoa esan zuen: “Grekoen artea, egiptoarrena edo beste garai batzuetan bizi ziren margolariena ez da iraganeko artea; gaur bizirik da, beharbada beste inoiz baino gehiago. Artea ez da bere kabuz garatzen, ideiak aldatu egiten dira eta haiekin adierazpideak”. Kaosa eta klasizismoa erakusketa gerra arteko garaiko iraganeko artearen bizitasun hori azaltzen saiatzen da, baita ideiak eta adierazpideak errotik aldatu ziren modua ere.
—Kenneth E. Silver, Komisario gonbidatua.