Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
Klasizismoaren alde iluna
Gorputz klasikoak, gizatasun berria
Atalak
Eraikitzaileak
- Izenburua:
- Eraikitzaileak
- Erakusketa:
- Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artea eta politika | Arkitektura | Eragin artistikoa | Diseinua | Bauhaus Eskola | Nazismoa | Alemania | Italia
- Mugimendu artistikoak:
- Art Decó | Purismoa
- Aipatutako artistak:
- Le Corbusier, | Mies van der Rohe, Ludwig | Ozenfant, Amedée | Terragni, Giuseppe
Gerraosteko ametsak, nork bere burua hobetzekoak eta iraunkortasunaren ingurukoak, aditzera eman zituzten eraikinen irudikapen hutsen, ingurune soil eta garbien, eta diseinu arrazionalen bidez. “Gerra amaitu da; guztia dago ordenan, guztia garbitu eta purifikatu dugu [...]. Joera berri horrek biharko bizitza atzokoaren oso bestelakoa egingo du” esan zuten Amedée Ozenfant-ek eta Charles-Edouard Jeanneret-ek (Le Corbusier), haien buruak puristatzat zituztenek, menia aldarrikatu eta astebetera. Arkitekto eta diseinatzaile askorentzat gerra aurreko zatiketa eta indar adierazkorra zaharkituta gelditu ziren, eta, horrenbestez, osotasuna eta neurritasuna era modernoan aurkitzera zuzendu zituzten euren ahaleginak. Eraikinak eta altzariak, herrialdeen arteko mugen eta bertako biztanleen antzera, elkarren mendekotzat hartu zituzten, hots, oinarrizko batasun bakar baten zati.
Eraikuntzaren eta berreraikuntzaren inguruko metaforak nonahi agertzen ziren diskurtso artistikoan eta, ondorioz, arkitektoak, eraikitzaileak eta ingeniariak gurtzeko irudi bihurtu ziren. Le Corbusier, Ludwig Mies van der Rohe eta Giuseppe Terragni moduko artisten klasizismo moderno eta berriak iraganeko arkitektura eta orainaldiko industria uztartu nahi zituen: ideia platonikoak, harmonia geometrikoa eta material berrien edertasuna inoiz ez bezala konbinatu zituzten. Greziako arrantzale-herrixka zuriak, aurrietako zuritutako harriak edo hodi modernoen azal garbiak oinarri, arkitektura moderno garaienaren ikur bihurtu zen kolore zuria.
Arkitekturak eta diseinuak susperraldia izan zuten: erakusketa gehiago zeuden, baita kodifikazio eta interpretazio berri ugari ere. Arkitektoek liburuak idatzi zituzten, diseinatzaileek manifestuak argitaratu zituzten eta dekorazio- -arteei, diseinuari eta arkitekturari buruzko erakusketak edonon antolatu ziren, esaterako: 1925ean Parisen Exposition internationale des arts décoratifs et industriels modernes (“Dekorazio- eta industria-arte modernoen nazioarteko erakusketa”), Art Deco azoka izenaz ezagun egin zena; 1927an Stuttgart-en Deutscher Werkbund-en Weissenhofsiedlung (Weissenhof ondarea); eta 1933an Milango Trienala. Arkitektura giroko gertakaririk esanguratsuenetakoa izan zen, beharbada, Bauhaus eskolaren (1919–33) sorrera; arteen batasuna helburu zuen eta arkitektura eta diseinu modernoa gai nagusi zituen. Bauhauseko azken zuzendaria, Mies van der Rohe, eskola ixtera behartu zuten naziek.