ERRUSIA!
Ikonoaren aroa: XIII.–XVII. mendeak
Arte errusiarraren heldutasuna: XIX. mendearen lehen erdialdea
Atalak
Europa mendebaldeko estetika bere egitea: XVIII. mendea
- Izenburua:
- Europa mendebaldeko estetika bere egitea: XVIII. mendea
- Erakusketa:
- ERRUSIA!
- Gaiak:
- Artea eta hezkuntza | Artea eta politika | Bildumagintza | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sinbologia | Ikonoa | Erretratua eta autorretratua | Parsuna | Historia-margoa | Errusia | Europa | Katalina II.a Handia | Pedro I.a Handia
- Mugimendu artistikoak:
- Naturalismoa | Neoklasizismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Levitski, Dmitri | Nikitin, Ivan
XVII. mende amaieran pintura-mota berri bat hasi zen sortzen Errusian. Ikonoen irudikapenak gero eta naturalistagoak ziren, eta honen eraginez, Moskuko Armategiaren Kameran lan egiten zuten artistak bere garaikideen erretratu sekularrak egiten hasi ziren. Artelan haiek parsuna izenez ezagutzen ziren (”pertsona” esan nahi duen latinezko hitzetik). 1692. eta 1700. urteen artean, Pedro I.ak (Pedro Handiak) formalki parsunen antzekoak ziren erretratuen serie bat eginarazi zuen, atzealde ilun eta lauekin, errusiar ikonoetan bezala inskripzioak gehituz eta erretratuan ateratzen zirenen ezaugarri indibidualizatuak bilatuz, mendebaldeko artean garatutako tekniken bidez. Erretratu hauek, Pedroren familiako kideenak nahiz bere lagunenak —lagun hauek bufoikeria hordiz beteriko topaketa dekadenteetan elkartzen ziren, hots, beraien hitzetan “bufoi eta mozkor oro tonto eta pailazoen sinodoa, Pope-printzea buru dela”— errusiar Eliza Ortodoxoarekiko loturekiko erabateko hausturaren lekuko dira.
Errusiako artearen maila handitzeko helburuz, Pedrok atzerriko artista ugari gonbidatu zuen San Petersburgora, bertan lan egin zezaten eta bertako artistei Europa mendebaldeko tradizioa erakuts ziezaieten. 1716. urtetik aurrera, berriz, errusiar artistak bidali zituzten atzerrira ikasketak egitera. Horietan lehenengoetako bat da Ivan Nikitin margolaria, Pedro I.ak gustukoen zuena. Sail honetako artelan goiztiarrik gehienak ikono-margolari gisa hasi ziren artistek eginak dira. Artista hauek atzerriko zein tokiko artistekin batera ikasi bazuten ere, inoiz ez zuten inongo arte-eskolatan prestakuntza akademikorik jaso izan. Hortaz, horietako batzuk Eraikuntza-Kantzelaritza Inperialerako lan eginez findu zuten beren teknika. Erakunde honek San Petersburgoko arkitektura berri osoko dekorazioa berrikusten zuen.
1764. urtean Katalina II.ak (Katalina Handiak, 1762. eta 1796. urteen artean erregina izandakoak) 1757. urtean sortutako San Petersburgoko Arte Ederren Akademiari “inperiala” izenondoa gehitu zion, hain justu ere, prestaturiko profesional independenteak, morrontzatik eta zerbitzu militarretik salbuetsirikoak sortzeko, Frantziako Arte Ederren Akademiaren ereduari jarraiki. Akademian lehentasuna eman zitzaion gai biblikoetan, mitologia klasikoan eta historia nazionaleko gertakarietan oinarritutako pintura historikoari. Hierarkiako bigarren tokian, berriz, Errusiako Arte Ederren Akademiak erretratuaren aldeko aldarria egin zuen genero-pinturaren aldekoa egin beharrean (eguneroko eszenak). Estilo neoklasikoa gailendu zen errusiar artean XVIII. mende erdialdetik amaierara.
Erretratuari emaniko garrantziak agerian uzten du mendebaldeko eragina; hots, XVII. mende amaierako eta XVIII. mendeko europar Ilustrazioaren eta honek arrazoiari eta indibidualismoari ematen zion enfasiaren eragina. Horregatik, errusiar artistek gorte inperialeko eta goi-mailetako pertsonarik garrantzitsuenak aukeratzen zituzten beraien pintura eta eskulturetarako. Artelan hauetan, izan ere, irudikaturikoen estatusa adierazten zuten sinboloak eta eszenategiak erabiltzen ziren. Dimitri Levitski izan zen Katalinaren erregetzako erretratugilerik ospetsuena, eta bere estilo propio eta paregabeari esker, are hobeto menderatu zituen mendebaldeko teknika aurrerakoienak.