Edukira zuzenean joan

ERRUSIA!

Tradizioa onartuz eta bide berriak irekiz: XX. mende hasiera

Info gehiago

Arte ofiziala eta ez-ofiziala: 1950eko hamarkadatik 1980kora

Info gehiago

Atalak

Artea eta ideologia: 1920ko hamarkadaren amaiera eta 1930ekoa

Izenburua:
Artea eta ideologia: 1920ko hamarkadaren amaiera eta 1930ekoa
Erakusketa:
ERRUSIA!
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta politika | Errusia Iraultzaileko Artisten Elkartea | Historia | Bigarren Mundu Gerra | Gerra Hotza | Komunismoa | Zentsura | Errusia | Josef Stalin
Mugimendu artistikoak:
Errealismo sozialista
Aipatutako artistak:
Brodski, Isaac | Deineka, Alexander | Gerasimov, Sergei

1920ko hamarkadako azken urteetatik aurrera, arte-adierazpenerako askatasuna mugatzen joan zen pixkanaka, Joseph Stalin-en erregimena gero eta autoritarioagoa bilakatzen ari zen heinean. Testuinguru honetan, Errusia Iraultzaileko Artisten Elkartea (AKhRR) kide-kopururik handiena izateaz gain alderdi komunistako buruzagi guztien babesa ere bazuen. Elkarte hau estetikoki kontserbatzailea zen eta Isaak Brodski zuen ordezkari nagusitzat. Hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, prentsak mintzaira modernoaren aurka egin zuen, haren eragin “formalistak” eta burgesak kritikatuz.

1932. urtean alderdi komunistaren Batzorde Nagusiak arte-ekoizpen nazionalarekiko kontrola zentralizatu zuen, artista-elkarte guztiak desegiten zituen dekretu baten bidez eta artista horiek guztiak sortu berria zen Artista Sobietarren Sindikatuan afiliatzera behartuz. Sobietar Idazleen Sindikatu guztien Lehen Biltzarrean, 1934. urtean, Andrei Zhdanov-ek, Stalin-en gertukoak, eta Maxim Gorki idazleak Errealismo Sozialista defendatu zuten jende aurrean. Errealismo Sozialista, haien hitzetan, “errealitatea bere garapen iraultzailean islatu” behar zuen “erromantizismo iraultzailea” zen. Sobietar artearen esku utzi zuten, honela, “ideologia eraldatzeko eta langileak sozialismoaren espirituaren arabera hezteko” eginkizuna. Helburu hau XX. mende hasierako errusiar abangoardiaren ideal utopikoekin oso bateragarria bazen ere, Errealismo Sozialistak abstrakzioa bazterrean utzi zuen sistematikoki eremu publiko ofizialetik. Izan ere, abangoardia honen arteak loratzen jarraitzen zuen Lenin eta boltxebikeak 1917. urtean boterera igo zirenetik hamarkada bat igaro ondoan ere, baina botereak onartzen zuen adierazpidea estilo errealistako eta eduki sozialistako pintura eta eskultura figuratiboetara mugatzen zen.

Hogeita hamarreko hamarkadan arrakastarik handien izan zuten artistek, esate baterako Deineka-k eta Sergei Gerasimov-ek, lorpen eta heroi sozialistak (nekazariak, langileak nahiz alderdiko buruak) irudikatzen zituzten artelanekin lortu zuten entzutea, betiere artelan haietan zailtasunak eta akatsak leunduz eta lortu gabeko utopia komunistaren ikuspegia formulatuz. Horrez gain, Stalinen ondoz ondoko bost urteko planekiko atxikimendu gartsua agertu zuten. Plan hauek 1928. urtean hasi ziren eta industria-potentzia bilakatu zuten Errusia hogeita hamarreko hamarkadaren amaieran. Errealismo Sozialistako artistek nekazaritzaren kolektibizazioa goretsi zuten beraien irudikapen optimistetan. Irudikapen haietan, izan ere, ez ziren aintzakotzat hartzen ez gosetea eta ez erregimenaren gabeziak ere. Stalinek hogeita hamarreko hamarkadaren amaieran garbiketa egiteari ekin zion, eta ondorioz, alderdi komunistako elitearen erdia atxilotu egin zuen, exekutatu egin zuen laurden bat edota hil egin ziren torturen edota gulags-etako bortxazko lanen eraginez. Ekimen hauek guztiak sobietar hiritarrek, artistek barne, jasan behar izan zuten gero eta errepresio handiagoaren ondorio izan ziren.

1939an Stalinek ez-erasotzeko ituna sinatu zuen Adolf Hitler-ekin; aitzitik, alemaniar tropek itun hau urratu zuten Sobietar Polonia inbaditu zutenean. Lurralde hau 1941eko ekainaren 22an okupatu zuten. Sobietar Batasunak Aliatuen laguntza bilatu zuen II. Mundu Gerran. Borrokaldi hau Aberriaren Gerra Handia izenez ezagutzen da Errusian. Irailean hasi eta 1944ko urtarrilera bitartean, Leningradok (egungo San Petersburgok) alemaniarren erasoak jasan zituen, eta setioak iraun artean 650.000 eta 800.000 hiritar artean hil zen. Estalingradoko gudua (egun Volgogrado izenez ezagutzen dena) —agian historiako odoltsuena— inflexio-puntu garrantzitsua izan zen, 1942ko abuztuan hasi eta 1943ko otsailean amaitu zena. Gerran, 30 milioi zibil eta militar hil ziren Sobietar Batasunean.

1945eko otsailean Stalin, Winston Churchill eta Franklin Roosevelt Yaltako Biltzarrean bildu ziren, gerraostea prestatzeko; gerra maiatzaren 8an amaitu zen Europan urte hartan bertan. Urrian, Nazio Batuen Gutuna berretsi zuten formalki. Ondorioz, mundu mailako aro berri bati eman zitzaion hasiera. Aro hartan, Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak ziren munduko bi superpotentziak. Handik gutxira, Gerra Hotza hasi zen, eta laurogeiko hamarkadara arte iraun zuen. Errealismo Sozialistako funtsezko gaiak eta mintzaira piktorikoa hogeita hamarreko hamarkadarako ezarririk bazeuden ere, artisten estiloa aldatuz joan zen errealismo sozialistak derrigorrezko estetika gisa eman zituen ia berrogeita hamar urteetan. Errealismo Sozialista masei bideratutako arte-tekniken eta -materialen bidez hedatu zen; kartelen bidez, esaterako. Handik sortutako ikonografia sakonki sustraitu zen sobietar kultura bisualean eta jendeak partekatzen zuen irudipen-multzoan, hainbat belaunalditan zehar.

BESTE ATALAK

Mendebaldeko maisulanak Errusian: Pedro I.aren, Katalina II.aren eta Nikolas I.aren bilduma inperialak

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Ikonoaren aroa: XIII.–XVII. mendeak

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Europa mendebaldeko estetika bere egitea: XVIII. mendea

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Arte errusiarraren heldutasuna: XIX. mendearen lehen erdialdea

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Frantziar maisulan modernoak: Sergei Shchukin-en eta Ivan Morozov-en bildumak

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Artea eta gizartea: XIX. mendearen bigarren erdialdea

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Tradizioa onartuz eta bide berriak irekiz: XX. mende hasiera

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Artea eta ideologia: 1920ko hamarkadaren amaiera eta 1930ekoa

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Arte ofiziala eta ez-ofiziala: 1950eko hamarkadatik 1980kora

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Ilia Kabakov: Espaziora hegan egin zuen gizona, 1981–88

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Gune berriak irekiz: laurogeiko hamarkadatik gaur egunera

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago

Historia, artxiboa eta museoa: iraganetik etorkizunera

ERRUSIA!, Atala, 2006

Info gehiago