ERRUSIA!
Ilia Kabakov: Espaziora hegan egin zuen gizona, 1981–88
Historia, artxiboa eta museoa: iraganetik etorkizunera
Atalak
Gune berriak irekiz: laurogeiko hamarkadatik gaur egunera
- Izenburua:
- Gune berriak irekiz: laurogeiko hamarkadatik gaur egunera
- Erakusketa:
- ERRUSIA!
- Gaiak:
- Artea eta identitatea | Artea eta politika | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Historia | Errusia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Bideoa | Eskultura | Instalazioa | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Bugaev, Sergei | Shutov, Sergei
1988ko uztailean, 1989ko azaroaren 9an Berlingo Harresia erori aurreko urtean, Sotheby’s-ek aparteko enkantea egin zuen Moskun. Enkante hartan prezio bikainak lortu zituen XX. mendeko errusiar arteak, eta entzutetsu bilakatu ziren erakusketa honetan aurkezten diren artista moderno eta garaikide asko. Laurogeita hamarreko hamarkadan aldaketa historikoa gertatu zen Errusian. 1991. urtean, demokratikoki aukeratutako lehen nazio-presidente bilakatu zen Boris Yeltsin, eta SESBa desegin ostean Errusiako Federazioa sortu zen.
1990. urteaz geroztik arte-eszena dinamikoa sortu da Errusian. Arte garaikideko zentroak ireki dira hainbat hiritan, eta museorik ezagunenek erakusketa garrantzitsuak antolatzeaz gain, arte garaikidea eskuratu dute beraien bilduma iraunkorretarako. Ugaritu egin dira arte garaikideko aldizkariak zein kritikak, baita arte-galeria komertzialak ere. Errusian bertan zein bertatik kanpo bizi diren errusiar artistek mundu mailako nazioarteko artearen esparruan egiten dute lan, eta mundu osoko erakusketetan hartu ohi dute parte, hala nola arte-bienal eta -ferietan. Adibidez, areto honetako instalazioak, Sergei Shutov eta Sergei Bugaev artistek eginikoak, 1999ko Veneziako Bienaleko errusiar Pabiloian jarri ziren erakusgai lehen aldiz. Errusian bertan ere ahaleginak egin dira arte garaikideak arreta beregana dezan. 2005eko urtarrilean Moskuko I. Arte Garaikidearen Bienala inauguratu zen, eta 2007. urte hasierarako aurreikusten da bigarrena. 2005eko programa ofizialak zein aldi berean egin ziren aurkezpen ugariek agerian utzi zuten errusiar arte garaikidearen egoera batetik, eta egungo Errusiak dituen erronka kulturalak bestetik.
Azken hamabost urteetan Errusian sortu den arteak, hein handi batean, herrialdearen iragana eta honen pertzepzioa aztertzen du hainbat eta hainbat modu eta baliabideren bidez, pintura eta eskulturatik hasi eta instalazio eta bideoetara. Izan ere, artista-talde batek Errusiar Batasuneko mitologia, kultura bisuala eta politika, pertsonala zein soziala, jarri du zalantzan. Horregatik, artelan hauetako askok nortasunaren inguruko oinarrizko gaiak aurkezten dituzte, iraganetik orainera eta etorkizunera doan ildo bat marraztuz.