ERRUSIA!
Gune berriak irekiz: laurogeiko hamarkadatik gaur egunera
Atalak
Historia, artxiboa eta museoa: iraganetik etorkizunera
- Izenburua:
- Historia, artxiboa eta museoa: iraganetik etorkizunera
- Erakusketa:
- ERRUSIA!
- Gaiak:
- Artea eta historia | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Museoak | Gogoeta
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Aipatutako artistak:
- Kulik, Oleg | Zakharov, Vadim
Azken sail honetako artelanetan, museoek eta historia-liburuek artearen historia sailkatzeko eta egituratzeko erabiltzen duten modua aztertzen da. Vadim Zajarov-en instalazioak, Errusiar artearen historia – abangoardiatik Moskuko eskola kontzeptualistara (2003) izenekoak, agerian uzten du bere gogoeta historikoaren kontzeptua, artxibategiak bailiran eraikitako “gela” batzuen bidez. Horietako bakoitza XX. mendeko errusiar artearen historiako mugimendu jakin bati eskainitakoa da. Oleg Kulik-en 2003ko Museo instalazioko Kirolaria eta Kosmonauta argizarizko irudiek, berriz, arreta jartzen dute erakusketa-kulturan batetik, eta museoek zer ikusten dugun eta nola ikusten dugun zehazteko ematen duten laguntzan bestetik.
Kuliken arketipoak bi errusiar pertsona famatu dira: Anna Kournikova tenis-izarra Kirolaria artelanean, eta Yuri Gagarin Kosmonauta artelanean. Azken honek nazioarteko ospea lortu zuen 1961. urtean, Lurraren inguruan orbitatu zuen lehen gizakia izan zelako. Museo instalazioko irudi guztiak, Kosmonauta izan ezik, historia naturaleko museoetan izaten diren beira-arasetan aurkezten dira. Museo horiek, izan ere, egiazkoak bailiran agertzen diren aurkezpen eszenifikatuak izateagatik bereizten dira; eskulturak diren giza irudiak, animalia disekatuak, antzerkiko dekoratuetako objektuak eta atzealde margotuak barne hartzen dituztenak. Kuliken obrak, ordea, ez du errealitatearekiko antzekotasuna azpimarratzen; artifizialtasuna eta nabarmenkeria baizik. Artistak agerian uzten ditu josturak, adibidez puntuz josiriko Kirolariaren orban mardulak, autopsia bateko zauri edo arrastoak iradokiz. Inperfekzio-arrasto hauek ospearen eta museoaren arteko kontraesana ematen dute aditzera, hau da, perfekzioaren eredu gisa miresten diren baina oinarrizko akats bat balute bezala disekzionatzen diren pertsonaiena. Museoaren barruan eta kanpoan ikusten duguna ikuspegi partziala izaten da askotan.
Zajarovek ere, antzeko moduan, artearen historiarako esparru bat lortzeko erabiltzen diren sailkapen-sistemak aipatzen ditu. Artistak adierazi duenez, Errusiar artearen historiak frogatu egiten du “gure kulturako mintzaira burokratikotik at existitzeko ezintasuna”. Gainera, instalazioak argitara ematen du arte oro, ez errusiarra bakarrik, historiaren judizioari loturik dagoela. Zajarovek, hemen, “utopia” terminoa erabiltzen du abangoardia errusiarra izendatzeko eta “ideologia” Errealismo Sozialista izendatzeko. Artea egiteko bi modu hauek bestela ere deskriba zitezkeen. Sailkapenak egiterakoan, arte onartuaren historiako arauak ez ezik sailkapenak egiten dituenaren ikuspegi subjektiboa ere hartzen dira aintzat. Sailkapena egiten duena, gainera, artista da kasu honetan, baita historiako kapitulu bateko parte-hartzaile ere.
Kulik eta Zajarov artisten artelanak baliagarri izan daitezke erakusketa honi buruzko aipamena egiteko. Erakusketa hau errusiar artearen historiaren interpretazio bat da, hasi ikonoaren arotik eta XXI. mendera artekoa. Beste toki batzuetan bestelako bertsioak aurki daitezke, eta izango dira gehiago ere. Denborak bakarrik esango du, zein artistak, egungoek barne, lortuko duten toki iraunkorra museoetan zein arte-historiako agiritegietan.