ERRUSIA!
Artea eta gizartea: XIX. mendearen bigarren erdialdea
Artea eta ideologia: 1920ko hamarkadaren amaiera eta 1930ekoa
Atalak
Tradizioa onartuz eta bide berriak irekiz: XX. mende hasiera
- Izenburua:
- Tradizioa onartuz eta bide berriak irekiz: XX. mende hasiera
- Erakusketa:
- ERRUSIA!
- Gaiak:
- Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Erakusketak | Ikonoa | Diamante-Txota taldea | OST Taldea | Historia | Lehen Mundu Gerra | Errusiako Iraultza | Herri-kultura | Errusia | Vladimir Ilich Lenin
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa | Fauvismoa | Konstruktibismoa | Kubofuturismoa | Neoprimitibismoa | Suprematismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Deineka, Alexander | Goncharova, Natalia | Labas, Alexander | Larionov, Mijail | Luchishkin, Sergei | Malevich, Kazimir | Picasso, Pablo | Rodchenko, Alexander | Tatlin, Vladimir
Alexandro III.ak (1881–1894 urteen artean errege izandakoak) eta haren semeak, Nikolas II.ak (1894–1917 urteen artean errege izandakoak), baliogabetu egin zituzten Alexandro II.ak (1881. urtean hil zutenak) ezarritako erreforma ugari, eta botere subiranoa finkatu zuten irmotasunez polizia sekretuaren laguntzaz. 1905. urtean, porrot deserosoa jasan zuen Errusiak gerra errusiar-japoniarrean, eta herrialdea aldi nahasi batean murgildu zen. Hain zuzen, Negu-Jauregiaren kanpoaldean egin zen protesta bakezale bat bortizkeriaz eta hildakoak eraginez desegin ondoren. Igande Odoltsu izenez ezagutzen den gertakari honek greba orokorren eta nekazarien iskanbila orokortuen garai bati eman zion hasiera. 1914ko abuztuan Errusia I. Mundu Gerran sartu izana, berriz, batasunerako lokarri izan zen nazioarentzat, baina gerrak aurrera egin ahala tsarren Errusia behera etorri zen.
Igande Odoltsuan hasi eta 1917ko iraultzara arte luzatu zen aldi zalapartatsu hartan arte-iraultza handia sortu zen. Iraultza hau aurreko mendeko talde aurrerakoien aurka agertu zen; Ibiltarien edota Sinbolismoaren gisako mugimenduen aurka, esaterako. Artista-belaunaldi gazte batek —horien artean, batez ere, Natalia Goncharova-k eta Mijail Larionov-ek— arte sintetikoa garatu zuten, frantziar Fauvismoaren eta alemaniar Espresionismoaren elementuak errusiar herri-artearekin eta ikonoekin elkartzen zituena. Bide honetatik, Neoprimitibismo izeneko estilo berria sortu zen. Jarraitzaileetako asko Diamante Txota izeneko talde bateko kide izan ziren. Talde hau 1910. urtean sortu zen, eta horien artean “frantziar” eta “errusiar” estiloko jarraitzaileak aurki zitezkeen.
1910ko hamarkadarako azkar batean sortzen ziren muturreko mugimenduak eta taldeak, erakusketak antolatuz eta manifestuak argitaratuz. Artista errusiarrek atzerrian nagusi ziren estiloei erantzunez eta estilo horiek beraien erara egokituz jarraitu zuten. Adibidez, Kubo-futurismoak Futurismoaren mintzaira formal dinamikoa eta makinaren estetika konbinatzen zituen hiztegi bisual kubistarekin. 1915. urtean Kazimir Malevich-ek Suprematismoa sartu zuen San Petersburgoko (garai hartako Petrogradoko) Azken pintura-erakusketa futuristan, hots, 0.10 izenez ere ezagutu zen hartan, hain zuzen ere, Karratu beltza gisako margolanekin. Margolan hau zintzilikatzeko erabilitako moduak ikonoak erakusteko modu tradizionala ekartzen zuen gogora. Vladimir Tatlin-ek, berriz, bere Kontraerliebeak jarri zituen erakusgai. Hauek agerian uzten zuten Pablo Picasso-ren eragina. Aldi berean, gainera, Konstruktibismo izenez ezagutuko zen mugimendu bateranzko bilakaera izan zuen baliagarritasunarekiko joera hartzen zuten barne.
1917ko martxoan Nikolas II.ak erregetza utzi zuen, eta aldi baterako gobernua ezarri zen urriaren 24ra arte. Data hartantxe, boltxebikeak, “bakea, ogia eta lurra” goiburutzat zutenak, Negu-Jauregian sartu ziren indarrez, eta botereaz jabetu ziren Vladimir Lenin buru zutela. Ezkerreko artistek begi onez hartu zuten gobernu-aldaketa, eta batik bat masentzako komunikazioan oinarritutako kultura bisual berria sortzen hartu zuten parte aktiboki. Horretarako, argitalpenak, zinema, kartelak eta toki publikoetan kokaturiko bestelako material grafikoak erabili zituzten. Estatuko arte-eskoletan arteak eta industria-diseinua erakusten ziren. Artistaren gizarte-egitekoak eztabaida ugariri eman zion bide, eta astoko pintura bazterrean gelditu zen denbora batez. 1921. urtean Alexander Rodchenko-k hiru margolan monokromoz osaturiko seriea jarri zuen erakusgai —Triptikoa: Kolore gorri hutsa, kolore hori hutsa, kolore urdin hutsa—; eta pinturaren amaieraren adierazpena izan zen.
1920ko hamarkadan, estilo ezberdinetako hainbat artista-taldek aktiboki jardun zuen Sobietar Batasunean. Artista konstruktibista produktibistek uko egin zioten astoko pinturari, eta nahiago izan zuten eguneroko bizitzarako objektu baliagarriak sortzen aritu. Margotzen jarraitu zuten talderik garrantzitsuenen artean, Astoko Margolarien Elkartea (OST) aipatu behar da. Talde hau estilo modernoarekin konprometitu zen, nahiz eta figuratiboa izan, eta Alexander Deineka, Alexander Labas eta Sergei Luchishkin margolariak aurki daitezke horien artean.