Migel Anjel eta bere garaia
Fra Bartolomeo-ren eta Rafaelen lehenengo urteak
Rafael Erroman
Atalak
Migel Anjel eta Rafael Erroman
- Izenburua:
- Migel Anjel eta Rafael Erroman
- Erakusketa:
- Migel Anjel eta bere garaia
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta erlijioa | Bildumagintza | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Graphische Sammlung Albertina | Erroma | Vatikanoa | Agostino Chigi | Julio II.a | Leon X.a
- Mugimendu artistikoak:
- Errenazimentua
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Grabatua | Horma-pintura
- Aipatutako artistak:
- Buonarroti, Michelangelo | Francia, Francesco | Raimondi, Marcantonio | Sanzio, Rafael
Migel Anjel Sixtina Kaperako sabaiaren dekorazioa egiten hasi zen urte berean iritsi zen Rafael Erromara (1508). Bertan, Julio II.a eta Leon X.a aita santuentzat lan egin zuen batik bat, baita kuria osatzen zuten zenbait kiderentzat eta garrantzi handiko dohaintza-emaileentzat —artistei sarritan enkarguak egiten zizkieten pertsona aberatsak— ere, esaterako Agostino Chigi-rentzat. Rafaelek Vatikanoko Stanza della Segnatura gelaren dekorazioarekin hasi zuen bere ibilbide bikaina. Aita santuaren hiru harrera-geletako bat zen eta bertan Julio II.aren liburutegi pribatua zegoen. Liburutegian unibertsitateko lau fakultateen arabera —Teologia, Filosofia, Jurisprudentzia eta Poesia— sailkatu ohi ziren liburuak eta horrek zehaztu zituen gelako mural famatuetako gaiak. Albertinako bozetoek, “Eztabaida”-ri (Eztabaidaren behealdeko erdia ezkerraldera) eta “Parnasoa”-ri (Musa eserita) buruzkoek, agerian uzten dute Rafaelek fresko monumental horiek prestatzen jarri zuen arreta. Izan ere, Errenazimentu klasikoko pintura gailenetakoen artean daude.
Garai hartan, Marcantonio Raimondi grabatugile boloniarra ere —Francesco Francia-ren dizipulua zena—, ezagutu zuen Rafaelek. Kobre gainean egindako haren grabatu bikainen bidez, Rafaelen sortze-lanak mundu guztian zehar hedatu ziren. Maisuak bere pintura batzuetarako bozetoak utzi zituen Marcantonioren eskuetan eta zenbait obra berariaz grabatura eramateko ere sortu zituen, adibidez Errugabeen hilketa, lankidetza horren ondorioz sortutako garrantzizko lehenengo obra. Irudia ikusita, Rafaelek Migel Anjelen Cascinako gudua aztertu zuela antzeman daiteke, pertsonaia muskulutsuak obra horretan inspiratuta baitaude. Hala eta guztiz ere, Migel Anjelek eszena hori norabide ezberdin eta kontrajarrietan mugitzen diren pertsonaietan oinarrituta eraiki zuen bitartean, Errugabeen hilketan ekintzek segida bat osatzen dute, erdian agertzen den etsitako amaren inguruan dagoen zirkulua eratzeko.