Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

Tinta txinatarrean egindako lan handiak

Info gehiago

Marrazki meskalinarrak: Barneko zuhaitz-formak (Arborescences Intérieures, 1962-1964)

Info gehiago

Iruzkinak

Idatzi meskalinarrak

Izenburua:
Idatzi meskalinarrak
Erakusketa:
Henri Michaux: beste aldea
Gaiak:
Artea eta psikologia | Drogak | Introspekzioa | Subkontzientzia
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Michaux, Henri

1954an, Henri Michaux substantzia psikoaktiboekin esperimentatzen hasi zen, medikuntzako profesionalek kontrolatutako inguruan; mediku horien artean, aipagarria da Julian de Ajuriaguerra bilbotar jatorriko psikiatra. Probatu zituen substantzien artean, meskalina nagusitu zen, agabeen familiako “mezkal” landaretik ateratako alkaloidea. Halere, beste hainbat substantziarekin ere esperimentatu zuen, psilozibinarekin eta LSDarekin, esaterako.

Droga horiek helburu ludiko edo plazer eragile batekin kontsumitzetik urrun, buruaren eta “ni”aren ezagutza sakonagoa lortu nahi zuen Michaux-k. Esan zuenez, “barne espazioa” izan zen haren gogoetaren, haren arte-sormenaren eta haren ikerketen ardatza. Kanpoko errealitatean eta gertaera sozial edo historikoetan interes eskasagoa erakutsi zuen, eta barne espazio horretan sakondu zuen. Horrek eman zion izena haren liburuetako bati, eta hori da haren ideien, irudien eta garapenaren jatorria.

Horregatik, substantzia horiekin esperimentatzean, Michaux-ren bilaketa gehiago hurbiltzen zen milurteko tradizioa zuten zenbait esperientzia espiritualetara, kontsumo horien bidez egoera transzendenteak eragitea bilatzen zuten esperientzietara, hain zuzen.

Esplorazio horrek bere gogoaren eta haren funtzionamenduaren behaketa egiteko eman zion aukeraren lekukotasuna jaso zuen artistak bere idatzietan.

Esperimentazio horietan, unibertsoaren mugagabetasunaren inpresioa sentitu zuen, bera ere haren parte zela jakinda. Une horietan, unibertsoa uhinen hurrenkera erritmiko eta dardartsu baten gisan antzematen zuen, normalean zentzumenen bidez jasotzen dugun irudi aldaezin eta finkoarekin bat ez datorrena. Bizipen mental eta sentsorial horiek lotura izango lukete errepikapenean oinarritutako tradizio misterikoekin: soinuzko jarduerak, ikusizkoak edo fisikoak, mantrak edo derbitxeen itzulien segidak bezala, unibertsoaren dar-dar sentsazio horretarako sarbide modukoak baitira horiek.

Esperientzia horrek aldarazi zuen Michaux-k sorkuntzari, nola literaturari hala margolaritzari, aurre egiteko zuen jarrera. Irakurlearen aurrean iragazki asko jartzen zituen lengoaia konbentzionala zen idazketa Michaux-rentzat: irakurketa norabide zehatz batean eginarazten zion, eta hitza, berriz, ideiak edo erreferente abstraktuak kodifikatzen zituen zeinu arbitrario moduan ulertarazten zion. Dinamika hori hautsi beharrez, bere testuetan lengoaia ahalik eta zuzenena ondu zuen idazleak, beharrezkoa ez zen guztia kenduz eta ordena gramatikala ere aldatuz, horrek adierazgarritasun handiagoa lortzeko aukera ematen bazion. Hitzak asmatzeko ere gauza zen, nahi zuen zehaztasun semantikoa zehatz-mehatz jasoko zuen hitza aurkitzea lortzen ez bazuen.

Beiradun arasa honetan ikus daitezke Michaux-k oharrak hartzeko baliatutako zenbait orri (irakurgaitzak, harentzat izan ezik), esperientzia horietan zehar aurkezten zitzaizkion begitazioak jasotzen ari zela. Gainera, lau liburuki nagusi eta hainbat testu labur eta poesiatan jaso zituen bera hain sakon markatu zuten inkontzientearen esploraziorako esperimentu haiek.

BESTE ATALAK

Ongietorria eta bisitaldirako hitzaurrea

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Gauaren Printzea (Le Prince de la Nuit, 1937)

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Frottageak (Igurtziak)

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Hirurogeitamarreko eta laurogeiko hamarkadetako erretratuak

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Mugimenduak saila 

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Tinta txinatarrean egindako lan handiak

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Idatzi meskalinarrak

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Marrazki meskalinarrak: Barneko zuhaitz-formak (Arborescences Intérieures, 1962-1964)

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago

Hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarkadetako margolanak

Henri Michaux: beste aldea , Iruzkina, 2018

Info gehiago