Jean Dubuffet: Ospakizun Bizia
Botere-nahia (Volonté de puissance), 1946ko urtarrila
Olio-pintura, hartxintxarrak, harea, beira eta soka mihise gainean
Solomon R. Guggenheim Museum, New York 74.2076
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Jean Dubuffet: Ospakizun Bizia
- Gaiak:
- Artea eta gizartea | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Bigarren Mundu Gerra | Frantzia | Paris
- Mugimendu artistikoak:
- Art Brut
- Artelan motak:
- Eskultura | Grabatua | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Dubuffet, Jean
Ongi etorri Jean Dubuffet artistari eskainitako erakusketa honetara. Dubuffet Frantziako Le Havre hirian jaio zen 1901ean, eta Parisen hil 1985ean.
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, artista berritzaile eta probokatzaile horrek kritika sendoa egin zien bere garaiko konbentzio kultural eta artistikoei. Goi-mailako kulturaren babesik gabe lan egiten zutenek sortutako artearekiko konpromisoa izan zuen inspirazio, eta, ildo horretan, adierazpen-estilo zuzena eta artifiziorik gabea bilatu zuen. Hasiera batean, haren koadroen gordintasunak piztu zuen ika-mikarik, baina eskaintzen zituzten perspektiba berriek bizkor lagundu zioten Dubuffeti XX. mendearen bigarren erdiko artistarik eraginkorrenetako bat bihurtzen.
Dubuffet 1901ean jaio zen Le Havreko klase ertaineko familia batean. Hamazazpi urterekin, nahiz eta aitak presio handia egin merkataritza-ikasketak egiteko, Académie Julian ikastegian sartu zen. Handik sei hilabetera, prestakuntza artistiko akademikoa ez zuela gustuko egiaztatu ondoren, eskolak utzi eta bere kabuz jarraitu zuen ikasten. Hurrengo bi hamarkadetan, aldizka jardun zuen artegintzan, eta ardo-merkatari, fabrikako langile eta soldadu gisa ere aritu zen lanean aldi berean. Zeregin horietako bat ere ez zuen burutu arrakastaz. Aldi horretan, miresmen handia sortu zitzaion prestakuntza espezializatu gutxiko edo batere trebakuntzarik gabeko pertsonen arte-sorkuntzarekiko; esate baterako, Paleolitoko leizeetako margolariak, haurrak, gaixotasun mentalak dituzten pertsonak eta kalean pintadak egiten dituztenak. Denboraren poderioz, Art Brut izena sortu zuen halako arte-ekoizpenetarako.
1942an heldu zion berriro artegintzari. Dubuffetek bere «historiaurre» gisa definitzen zituen Académie Julian zentrotik atera ondorengo ia hogeita bost urteak, eta, lehenbiziko lanik gehienak suntsitu zituen arren, oraindik ere kontserbatzen dira garai hartako lan batzuk. Alabaina, haietako bat ere ez dago bilduta erakusketa honetan.
Dubuffetek ibilbide artistiko oso emankorra izan zuen, eta hainbat baliabide, metodo eta gairekin esperimentatu zuen. Etengabe berrikuntza bilatze horren ondorioz, hainbat diziplina biltzen dira haren praktika artistikoan, hala nola pintura, marrazketa, grabatua, eskultura, idazketa, eta are konposizio eta interpretazio musikala. Ulertu zuen ikerketa artistikoak etengabe birbideratzea zela gakoa, konbentzio itogarriak hausteko eta, horri esker, adierazpen modu autentikoagoak topatzeko.
Erakusketa hau New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoko eta Veneziako Peggy Guggenheim Bildumako funtsez osaturik dago erabat; dela helduaroan lehenbizi eginiko obretako batzuk, dela egilearen azken sailak, zeinak osorik aurkezten baitira hemen.
Bestalde, Bazenekien? epigrafean, haren Esperientzia musikaletara gerturatuko gara, eta ikusgai dago, orobat, haren sormenaren alderdi hori erregistratzen duen bideo bat ere.
Jean Dubuffet: ospakizun bizia erakusketa BBK babesari esker gauzatu da.