Jean Dubuffet: Ospakizun Bizia
Mira G 132 (Kowloon) [Mire G 132 (Kowloon)], irailak 18, 1983
Akrilikoa paper gainean, mihise gainean muntatua
Solomon R. Guggenheim Museum, New York 87.3526
Iruzkinak
[Esperientzia musikalak]
- Izenburua:
- [Esperientzia musikalak]
- Erakusketa:
- Jean Dubuffet: Ospakizun Bizia
- Gaiak:
- Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Musika | Musika-tresnak
- Aipatutako artistak:
- Dubuffet, Jean
Entzuteko gida honi lagundu dioten doinuak Jean Dubuffeten bi musika konposizioen zatiak dira, Umore dudazkoa eta Ura. Artistak 1961eko apirilean kaleratu zuen Esperientzia musikalak albumean daude jasota bi konposizio horiek.
Dubuffetek arte bisualetara bideratu zuen arren sorkuntzaren zati handi bat, beti erakutsi zuen musikarekiko interesa ere. 1960ko hamarkadaren hasieran, Asger Jorn margolari daniarrarekin elkarlanean aritu zen grabazio inprobisatu batzuetan. Bi artistek instrumentu ugari erabili zituzten, batzuk Europako publiko garaikideak ederki ezagutzen zituztenak, hala nola pianoa, biolina eta biolontxeloa, eta beste batzuk ezezagunak, esaterako, zarrabetea eta bonbarda.
Dubuffetek ahots-grabagailu ez-profesionalak erabili zituen emanaldiak dokumentatzeko, eta izugarri estimatzen zituen ekipamendu xume horrek sortzen zituen inperfekzioak. Geroago zintak editatu zituen, konposizioan sartu nahi ez zituen sekuentzien gainean grabatuz, atalak lotuz eta hainbat saiotako audioak bata bestearekin gainjarriz.
Dubuffeten esperimentu musikalak hirurogeiko hamarkadaren hasieratik haratago hedatu ziren, eta Coucou Bazar obraren osteko emanaldietarako ere konposatu eta grabatu zuen musika. Pinturetan egin zuen bezala, sormen-energia ikusmenetik entzumenera mugituz, Dubuffetek tinko eutsi zion jasotako itxaropenetatik haratago joateko eta estimazio estetikoan aukera berriak irekitzeko konpromisoari.