Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Sarrera
Diseinu komertzialak, 1950eko hamarkadaren hasiera
Iruzkinak
“Nola ikusi”: Black Mountain College, 1940ko hamarkada
- Izenburua:
- “Nola ikusi”: Black Mountain College, 1940ko hamarkada
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Saskigintza | Black Mountain College | AEB | Mexiko | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
Lehen atal honetan, Ruth Asawak Black Mountain College edo BMC ikastegian eginiko lanak daude ikusgai. Artistak 1946 eta 1949 bitartean ikasi zuen bertan.
Asawak “ikaskuntzarekiko jarrera erabat berria” zuen toki gisa deskribatzen zuen zentro hura; han, praktikaren bidez irakasten zuten irakasleek.
Askotariko eskolak jaso zituen, hala nola diseinua, kolorearen teoria, pintura, matematika eta dantza. Bere irakasleetako bi —lehen aipatutako Josef Albers artista eta Buckminster Fuller arkitekto eta asmatzailea— bizitza osorako adiskide bihurtu ziren.
1947an, Mexikora joan zen Asawa. Bidaia hartan, alanbrezko saskiak ezagutu zituen, baita haiek txirikordatzeko teknikak ere: inflexio-puntua izan zen hura bere lanean. Hain justu, 1949an Black Mountain College utzi zuenean, Asawak egina zuen aurkikuntza erabakigarri bat:
“Saski bat egiten hasi eta ixteraino jarraitu nuen eta, poliki-poliki, teknika menperatzen ikasi bitartean, eskulturak egiteko modu horrek zuen potentzialaz jabetzen hasi nintzen”.
Figurak berdearen gainean (BMC.130) [Figures on Green (BMC.130)], ca. 1947–48
Atal honetan bildutako obretan, Ruth Asawak lerroaren, formaren eta espazioaren inguruan eginiko lehen azterketak islatzen dira.
Figurak berdearen gainean da ikerketa hori islatzen duen piezetako bat. Albersek Black Mountain College erakusketa nazional batean ordezkatzeko aukeratu zuen 1947 eta 1948 artean egindako pintura goiztiar hori.
Kolore ezberdinetako zortzi figura aurkezten ditu: besoak altxatuta dauzkaten zortzi irudi hondo neutro baten gainean. Bata besteari lotutako zirkulu horietatik abiatuta, Asawak Dantzariak izeneko saila sortu zuen, Merce Cunningham koreografoarekin eta Elizabeth Schmitt Jennerjahn artista eta dantzariarekin izandako eskoletan oinarrituta.
Esperientzia horrek izan zuen ziur asko eraginik Asawak gerora formara egindako hurbilketan: dantzan ari denak inguruko espazioa aktibatzen duenean bezalaxe, Asawak erdigunetik kanpoalderantz eraiki ohi zituen bere konposizioak.
Titulurik gabea (S.363, Saski beregaina) [Untitled (S.363, Freestanding Basket)], ca. 1948
Atal honetan, ikusgai dago Asawak alanbre kiribilduz eginiko lehen saskietako bat ere. 1947an Tolucara eginiko bidaia batean, metalezko hariz eginiko saskigintza ikasi zuen, eta teknika horren adibidea da pieza hau.
Kobrezko, altzairuzko, letoizko edo burdinazko alanbrez egiten zituen saskiak, eta haiei esker ulertu zuen lerro bakar batek egitura, gardentasuna eta itzala sor zitzakeela.
Obra horiexekin ezarri zituen Asawak ondorengo hamarkadetan garatutako lengoaia estrukturalaren oinarriak.