Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Atrioa: Titulurik gabea (S.250, Lehenengo, bosgarren eta seigarren lobuluetan esferak dituen formaren baitako forma jarraitu, eseki, elkarlotu, zazpi lobuluduna) [Untitled (S.250, Hanging Seven-Lobed Continuous Interlocking Form with Spheres in the First, Fifth, and Sixth Lobes)], ca. 1955
“Etxea dut estudio, orain eta beti”
Iruzkinak
Noe Valley, 1960tik 2000ra bitarteko hamarkadak
- Izenburua:
- Noe Valley, 1960tik 2000ra bitarteko hamarkadak
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Familia-erretratuak | AEB | Kalifornia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
Asawari, haren senar Albert Lanier arkitektoari, eta sei seme-alabei —Xavier, Aiko, Hudson, Adam, Addie eta Paul— txikitxo gelditu zitzaizkien San Frantziskon izan zituzten etxebizitzak. 1960an, senar-emazteek etxe handi bat erosi zuten Noe Valley auzoan.
1961eko udazkenean familia hara joan aurretik, Lanierrek urtebete eman zuen etxea eraberritzen. Egindako lanen artean, Asawarentzako tailer bat diseinatu zuen.
Ateak (S.528, Sekuoia-zur landuzko ateak Ruth Asawaren etxerako) [Doors (S.528, Carved Redwood Doors for Ruth Asawa’s Home)], 1961
Sekuoia-zur landuz eginiko ate handi hauek izan ziren Asawak Noe Valleyko etxe berrirako 1961ean sorturiko lehen proiektua. AEBko mendebaldeko kostaldeko egur sendoz egin zituen, eta “meandro” formako patroi uhindu bat marraztu zien. Ate-xafla bietako patroiak bat egiten zuen ateak ixtean.
Artistaren seme-alaba zaharrenek lagundu zioten gainazala zizelkatzen eta errematatzen, eta, hala, sorkuntza-lana oroitzapen iraunkor bihurtu zen. Zur mailuak eta zizelak baliatu zituzten ateen albo banatan patroi ez oso sakonak erliebean zizelkatzeko. Ondoren, soplete batekin eta alanbrezko eskuilekin leundu zuten gainazala. Helduleku tradizionalen ordez, barne-zirrikitu batzuk sortu zituen Asawak, hatzak sartu ahal izateko.
Ateak etxean betiko instalatu aurretik, Asawak ikusgai ipini zituen Los Angeleseko Ankrum Galleryn eta, ondoren, Stanford University Art Galleryn, 1962ko udaberrian.
Titulurik gabea (LC.047, Addie Laurie Lanierren aurpegi-maskara) [Untitled (LC.047, Addie Laurie Lanier Life Mask)], ca. 1966
Modeloen gainean zuzenean moldekatutako eskaiolazko maskara-multzo bat ere ikus daiteke hemen; tartean, Titulurik gabea (LC.047, Addie Laurie Lanierren aurpegi-maskara). Asawak 1966 inguruan egin zuen pieza goiztiar hori, alaba Addieren aurpegian oinarrituta.
Artista urte horretan bertan hasi zen modeloen gainean zuzenean moldekatutako piezak egiten, eta, zenbait hamarkadatan, ehunka sortu zituen: senide, lagun, haur eta lankideenak. Normalean bi bertsio egiten zituen: bat erretratatutako pertsonarentzat eta bestea, berriz, Noe Valleyko bere etxera sartzeko bidean instalatzeko.
Bere modeloei etxeko toki ezberdinetan etzateko eskatzen zien, hala nola sukaldeko mahaian, egongelako zoruan, estudioan edo are kanpoaldean, terrazan. Prozesuan zehar ilea estaltzeko, oihal bat erabiltzen zuen hasieran, lehen moldeetan ikusten den bezala. Gerora, baselina erabili zuen, eta, askoz geroago, xanpua; ideia hori Paul semeak iradoki zion, ikusirik oso praktikoa zela garbiketa errazteko.
Paulek 6 urte zituela egin zion Asawak lehenbiziko moldea, eta honela gogoratzen zituen amak igeltsua aplikatzean ematen zizkion jarraibide lasaiak: “Masailean jarriko dizut. Hotz egongo da, agian. Eta gero kokotsean jarriko dizut”.
Era berean, kontatzen zuen funtsezkoa zela geldirik egotea: “Ingurukoak txantxetan bazebiltzan, begirada zorrotza botatzen zizun, ze, zuk barre eginez gero, pikutara moldea”.
Asawak erabat lehortu aurretik kentzen zuen igeltsua. Orduan, Pavelek gogoratzen duenez, gauza bera esaten zuen beti: “Ederki gelditu da”.