Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Natura, alanbre lotua eta eskultura berantiarra, 1960tik 1990era bitarteko hamarkadak
“Bizitzak berak marrazten du”: Lorategitik, 1980tik 2000ra bitarteko hamarkadak
Iruzkinak
Arte publikoa eta enkargu publikoak, 1960tik 1990era bitarteko hamarkadak
- Izenburua:
- Arte publikoa eta enkargu publikoak, 1960tik 1990era bitarteko hamarkadak
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Espazio publikoa | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | AEB | Kalifornia | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
1960ko hamarkadan, Asawa arte publikoa egiteko enkarguak onartzen hasi zen, “edonork gozatzeko moduko eskultura” sortzeko nahiak bultzatuta.
Mota horretako lanak elkarlanean egiten zituen maiz, eta oroimenerako eta ospakizunerako leku bihurtzen ziren herritarrentzat.
Atal honetan, artelanak, argazkiak eta material dokumentala aurkezten dira, Asawak artearen, hezkuntza artistikoaren eta balio zibikoak defendatzearen bidez komunitatearekiko izan zuen lotura gero eta handiagoa ezagutzen laguntzeko.
Asawak azaltzen zuen bezala: “Arteak zera irakasten du: diziplina, trebezia, tresnekiko eta partekatzearekiko errespetua, eta, azkenik, norbere buruarekiko errespetua”.
“Christmas” hitzaren “S” hizkia (S.007, Hormarako emakumezko eta gizonezko itsaslamina elkarlotuak) [Letter “S” from “Christmas” (S.007, Wall-Mounted Entwined Mermaid and Merman)], 1964, brontzez urtua ca. 1968
Sail honetako eskulturetako batean —“Christmas” hitzaren “S” hizkia izenekoan—, emakumezko eta gizonezko itsaslamina bana ageri dira elkarri lotuta. Bien artean, ingelesez Gabonak esan nahi duen Christmas hitzaren “S” hizkia osatzen dute.
Pieza apaingarri hau San Frantziskoko Ghirardelli plazan eginiko Eguberrietako arte-erakusketa batean jarri zuten ikusgai 1964an.
Irina, gatza eta ura nahastuz etxean eginiko ore batekin sortu zuen Asawak; arte-hezkuntza proiektuetan erabiltzen zuen orearekin, alegia. Ondoren, 1968 inguruan, brontze urtuz gauzatu zuen pieza, jatorrizko erliebea babeste aldera.
Gerora, Asawak lan hauxe erabili zuen San Frantzisko iturria obraren proposamena ilustratzeko. San Frantzisko iturria 1973an Grand Hyatt hotelak egindako enkargua izan zen, San Frantziskoko Union Square plazarako.
Itsaslaminaren isatsaren estudioa, Andrea, Ghirardelli plazarako iturria (S.218, Forma uhindu, alderantzikagarri, beregaina) [Study for Mermaid’s Tail, Andrea, Ghirardelli Square Fountain (S.218, Freestanding Reversible Undulating Form)], ca. 1967
Atal honetan dago ikusgai, baita ere, Itsaslaminaren isatsaren estudioa, Andrea, Ghirardelli plazarako iturria, 1967 ingurukoa.
Asawak itsaslamina baten isatserako eginiko azterlana da, 1968an Ghirardelli plazan instalatu zuten Andrea iturrirako sortua. Alanbre kiribilduzko egitura batetik abiatuta, Asawak brontze urtuz egin zuen forma hau. Andrea iturria izan zen artistari aire zabalean jartzeko eskatu zioten lehen enkargu publikoa.
Bitrinan, iturriaren argazkiak daude ikusgai: bi itsaslamina ageri dira, haietako bat haurtxo bat besoetan duela, eta igelak eta dortokak dituzte inguruan. Xehetasun horien bidez, agerian gelditzen da artistaren interesa: haurrek zein helduek jakin-minez deskubritzeko moduko lanak sortu nahi zituen.
Plaza diseinatu zuen arkitektoak iturria kritikatu zuenean, Asawak erantzun zion esanez arte publikoa jendeari gertutasun-sentimendua eragiten dion zerbait izan behar dela.