Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Noe Valley, 1960tik 2000ra bitarteko hamarkadak
Iruzkinak
“Etxea dut estudio, orain eta beti”
- Izenburua:
- “Etxea dut estudio, orain eta beti”
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erretratua eta autorretratua | Lankidetza artistikoa | Black Mountain College | Ingurunea eta natura | AEB | Kalifornia | Josef Albers
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
Ruth Asawaren esaldi ezagunak —“Etxea dut estudio, orain eta beti”— ederki laburbiltzen du familia-bizitza eta praktika artistikoa integratzeko zuen konbentzimendua.
San Frantziskoko Noe Valley auzoko bere etxea artegune bizi bilakatu zen: han, artistak abian zituen proiektuekin bizi zen familia, baita alanbrezko eskultura eseki ikonikoekin ere.
Etxe barruan zein kanpoan, Asawak ez zion uzten lanari. Ingurua marrazten zuen, etorkizuneko eskulturetarako alanbrea prestatzen zuen, eta beste artista, hezitzaile eta artearen aldezle batzuk hartzen zituen etengabeko kolaborazioetan.
Ideia horretan sakonduz, Asawak ibilbide osoan zehar bitarteko ugarirekin eginiko obrak daude hemen ikusgai, baita bere bizitza osoko lagunen obrak ere. Pieza horiek guztiek ederki islatzen dituzte bere ahalegin artistikoaren irekitasun eta eskuzabaltasuna.
Ray Johnson, 1946ko uda (Summer 1946), 1946
1946ko uda izeneko Asawaren erretratu ludiko eta abstraktu honetan, Ray Johnsonek lerroa erabiliz islatzen du artistak Black Mountain Collegen emaniko lehenbiziko uda.
Haren “burua” forma abstraktu hori bat bezala agertzen da konposizioaren goiko aldean: koloretsu eta ildaskatu.
Johnsonek Josef Albers zuen inspirazio-iturri, baita Asawak eta Johnsonek aztergai izan zuten Paul Klee artista miretsia ere.
Ikastegian emaniko azken urtean, hauxe idatzi zion Johnsonek Asawari: “Lerro bertikal zuzen baten ideiarekin dihardut lanean, fede edo bizkarrezur bat balitz bezala”.
Josef Albers, Aldaeraren estudioa, 1947ko abuztua (Study for Variant, August 1947),1947
Josef Albersek eta Ruth Asawak urte askoan trukatu zituzten artelanak.
Albers Asawaren irakasle izan zen Black Mountain Collegen 1946tik aurrera, eta, ondoren, adiskide min bihurtu ziren. Harremanetan jarraitu zuten Asawak eskola utzi eta artista ospetsu bihurtu zenean.
Albersen Aldaerak saileko Aldaeraren estudioa, 1947ko abuztua lan goiztiar hau Asawari eginiko opari bat da, artean ikasle zuela. Artistak estimu bereziz gorde zuen beti.
Obrak inskripzio hau du: “Ruth Asawarentzat. 1947ko abuztua”. Garai hartan, 1947an, Albersek urte sabatiko bat hartu eta Mexikora joan zen bidaian.
Orduantxe hasi zen Albers bere pintura-sailik handiena margotzen; hain zuzen, sail horretakoa da lan hau. Hamar urtean zehar eginiko ehun margolan inguru biltzen ditu, maiz Adobeak edo Aldaerak deituak.
Imogen Cunninghamen erretratua (S.457) [Portrait of Imogen Cunningham (S.457)], ca. 1953
Atal honetan dago bilduta, orobat, Imogen Cunninghamen erretratua, Asawak alanbrez egina 1953 inguruan. Imogen Cunningham argazkilaria irudikatzen du; bi emakumeak adiskide minak izan ziren, eta maiz joaten zitzaion Asawari etxera bisitan. Hamarkada luzez izaniko adiskidetasunean, bi artistek erretratuak egin zizkioten elkarri.
Cunninghamek argazki ugari egin zizkion bere lagunari, eta Asawak, berriz, bere zirriborroetan marraztu zuen.
Pieza honetan, Asawak alanbre kiribilduaren bidez iradoki zuen Cunninghamen irudia. Aurkitutako objektu bat —hau da, labeko erretilu bat— oinarri gisa hartu, eta eskultura ludiko bat sortu zuen; lan hori ohiko bilakatu zen artistaren egongelako dekorazioan.
Titulurik gabea (S.597, Naturan oinarritutako, alanbre lotuz egindako, erdigune lotuko, esfera-forma eseki, adar aniztun, galbanizatua) [Untitled (S.597, Hanging Electroplated Tied-Wire, Center-Tied, Spherical Multi-Branched Form Based on Nature)], ca. 1963
Hemen, Asawaren etxean aurkitu ohi ziren zenbait obra aurkezten dira. Bitrinak une batez gelditzeko eta ikusgai dauden objektuen aniztasunaz gozatzeko gonbita egiten digu.
Obra horien artean, alanbre lotuz eginiko eskultura txiki bat ageri da, 1963 ingurukoa: Titulurik gabea (S.597, Naturan oinarritutako, alanbre lotuz egindako, erdigune lotuko, esfera-forma eseki, adar aniztun, galbanizatua). Pieza Asawak elektro galbanizazioarekin esperimentatzen eman zuen aldi laburraren erakusle da. Elektro galbanizazio-prozesuan, korronte elektriko bat baliatzen da metalezko objektu bat beste metal baten partikulekin estaltzeko.
Asawak inguruko enpresa batekin lan egin zuen gainazal zimurtsu eta organiko bat lortzeko, ohiko akabera distiratsua lortu ordez. Ondoren, instalatu ere egin zuen elektro galbanizazio-tanga bat bere estudioan.
Kobrea pixkanaka-pixkanaka metatzen zen alanbreen gainean, eta zarakar-testura sortzen zuen. Nolanahi ere, Asawak utzi egin zion teknika hori erabiltzeari, ohartu baitzen horrela tratatutako materiala hauskor bilakatzen zela.
Ruth Asawa eta Paul Lanier, Bihiekin egindako lepokoa, ca. 1980ko hamarkada
Bitrina honetan, Asawak eta haren seme Paul Lanierrek sortutako lepoko aledun bat ikus daiteke; laurogeiko hamarkadaren inguruan sortu zuten, egur-labean egositako zeramikarekin. Garai hartan, maskarak egitetik sobratzen zitzaizkion koloretako buztin-hondarrekin bihiak egiten hasi zen Asawa. Paul semeak Ocean Beacheko hondarretan eginiko zuloetan egosten zituen bihiok, eta, ondoren, Asawak lepokoetan kordatzen zituen.
Bere azken urteetako argazkietan, askotan ageri da Asawa lepoko horietakoren bat soinean duela.
Titulurik gabea (Eskua), 1989, eta Titulurik gabea (Oinak), ca. 1976
Bitrina honetako beste bi lan 1989ko Titulurik gabea (Eskua) eta 1976 inguruko Titulurik gabea (Oinak) dira; haurtxoen esku bat eta oinak, alegia. Asawak bere biloba Henryren eskua moldekatu zuen 6 egun besterik ez zituela, eta oinak, berriz, beste biloba bati hartuak dira.
Asawak hauxe esaten zuen: “Haurtxo baten oina moldekatzen badut, badakit oin hori hazi, hazi eta hazi egingo dela”.
Eskultura horiek egitean, artistak bere familiaren oroitzapen iraunkorrak sortzen zituen, preziatu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu ahal izateko.