Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Tamarind grabatuak, 1965
Arte publikoa eta enkargu publikoak, 1960tik 1990era bitarteko hamarkadak
Iruzkinak
Natura, alanbre lotua eta eskultura berantiarra, 1960tik 1990era bitarteko hamarkadak
- Izenburua:
- Natura, alanbre lotua eta eskultura berantiarra, 1960tik 1990era bitarteko hamarkadak
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Geometria | Kolorea | Lan-prozesua | Lankidetza artistikoa | Natura | Landareak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
1962an, Asawa eskulturak egiteko prozesu berri bat erabiltzen hasi zen: “alanbre lotua”.
Adiskide batzuek Death Valley basamortuko landare lehortu bat oparitu zioten, eta hura marrazteko ahaleginetatik etorri zen ekoizpen-prozesuaren aldaketa hura.
Paper gainean egitea zailegi suertatu zitzaionez, alanbrea baliatu zuen, eta orduantxe ekin zion alanbre-sortekin lan egiteari: bihurritu, lotu eta zatikatu egiten zituen, eta landare-forma konplexuak gogorarazten dituzten egitura adardunak sortzen zituen. Asawak adierazi zuenez, izugarri gozatzen zuen haiek egiten: “Lan horiek alanbrea bezalako material inpertsonal eta gogor-gogorra hartzen dute, eta naturala dirudien gauza malgu bat sortzen dute”.
Artistak teknika hori arakatzen jarraitu zuen hirurogeiko hamarkadan, eta obra beregainak zein horman esekitzeko obrak egin zituen.
1970eko hamarkadan zehar, baita geroago ere, “materialen, hazkundearen eta formaren mugak arakatzen” jarraitu zuen “alanbrearekin eskulturak eginez”.
Alanbre kiribilduarekin konposizio berriak asmatu ahala, erretxinaren erabileren inguruan sakondu eta koloretako beirarekin esperimentatu zuen.
Titulurik gabea (SB.055, 162. or., Sorgin-orratzak koloretako etiketekin) [Untitled (SB.055, p. 162, Dragonflies with Color Labels)], ca. 1970–71
Asawak naturako egiturak irudikatzen dituzten zirriborroak ere egin zituen. Horren adibide ederra da sorgin-orratz baten zirriborro hau: marra organikoen bidez, zehatz-mehatz irudikatzen ditu hegoak, gorputza eta hankak.
Artistak azaldu zuenez: “Loreen eta landareen formak, sorgin-orratzaren hegalak ageri duen zeharrargitasuna eguzki-argiak ematen dionean [...] Gauza horiek izan dute eraginik nire lanean”.
Titulurik gabea (S.184, Naturan oinarritutako, alanbre lotuz egindako, zurtoin bakarreko forma eseki adar aniztuna) [Untitled (S.184, Hanging Tied-Wire, Single-Stem, Multi-Branched Form Based on Nature)], ca. 1962
Hemen, alanbre lotuz eginiko lehen eskultura esekietako bat ikus dezakegu; 1962 inguruan egina da, eta zuhaitz baten adarrak gogorarazten ditu.
Erdiko alanbre-sorta batetik abiatuta, Asawak bereizi egin zituen horietako batzuk, eta adar nagusiak osatu zituen haiekin. Jarraian, adar txikiagoetan banatu zituen apurka-apurka, harik eta muturretara iritsi arte; muturretan, berriz, kanporantz kizkurtzen dira alanbreak, adaxka delikatuak balira bezala.
Titulurik gabea (S.430, Naturan oinarritutako, alanbre lotuz egindako, erdigune irekidun forma sei adarduna; esekia edo hormarakoa) [Untitled (S.430, Hanging or Wall-Mounted Tied-Wire, Open-Center, Six-Branched Form Based on Nature)], 1967
Aurrerago, 1960ko hamarkadan bertan, Asawak esperimentatzen jarraitu zuen. Oraingoan, irekita utzi zituen eskulturen erdiguneak, eta, hala, forma geometrikoak hartzen zituzten hutsuneak sortu zituen, 1967ko lan honek erakusten duen bezala.
Erdiko adarrak erdigunetik kanporantz zabaltzen dira eta, apurka-apurka, banatu egiten dira, eredu konplexu bat osatuz. Asawak erretxina-tantak edo beira-aleak ere gehitu zituen alanbrearen puntetan, eta argia harrapatzen duten partikula txikiak sortu zituen horrela.
Artistak esan zuenez: “Gainetik erretxina plastiko geruza lodi-lodia duen [eskultura] bat egin nahiko nuke, elur-ekaitz batek eraso izan balio bezala”.
Wintermas (S.187, Naturan oinarritutako, alanbre lotuz egindako, erdigune irekidun, alde biko forma eseki bost adarduna) [Wintermas (S.187, Hanging Tied-Wire, Double-Sided, Open-Center, Five-Branched Form Based on Nature)], ca. 1974
1974 inguruko eskultura honen izenburua Wintermas da, eta Gabon-garaiko gaietan oinarritutako Wintermas—Argi-jaialdi bat ballet-ikuskizunerako sortu zuen Asawak. Izenburuak ingelesezko bi hitz elkartzen ditu: “Winter” (negua) eta “Christmas” (Gabonak).
Pieza egiterakoan, Asawak erretxina-geruza fin-finak ipini zituen alanbre-adarren puntetan, pinu-orrien gaineko ur-tantek bezala distira egin zezaten.
Ikuskizun hura San Frantziskoko Arte Ederren Jauregian antzeztu zuten 1974ko abenduan.
Titulurik gabea (S.163, Alanbre lotuz egindako, erdigune irekidun, alde biko espiral-forma eseki sei adarduna, eta koloretako beira) [Untitled (S.163, Hanging Tied-Wire, Double-Sided, Open-Center, Six-Branched Spiral Form with Stained Glass)], ca. 1976
Obra hau Ruth Asawaren eta Bruce Sherman musikari eta beira-adituaren arteko lankidetzaren erakusle da.
Artistak pentsakizun bat zerabilen buruan: nola lortu alanbre lotuz eginiko eskulturen zati gardenak beiraren bidez nabarmentzea. Kasu honetan, Asawak eta Shermanek beira tindatuz eginiko piezak txertatu zituzten alanbrezko adarren artean, eta koloretako geruza gainjarriak sortu zituzten.
Eskulturan nabarmena da kolore urdina, eta ederki erakusten du argiak eta materialak nola diharduten interakzioan obra hauetan.