Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
“Den-dena dago lotuta”: formen baitako formak, 1950eko hamarkada
Tamarind grabatuak, 1965
Iruzkinak
“Nire eskulturaren hiztegia”
- Izenburua:
- “Nire eskulturaren hiztegia”
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Bolumena | Espazioa | Forma | Konposizioa | Lan-prozesua | Diseinua | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
Sail honetan aurkezten diren obrak Asawak 1950eko hamarkadan garaturiko forma eskultorikoen inbentario partziala dira.
Jatorri industrialeko alanbrez eginda daude, artistak berak eskuz kiribilduta. Asawak deskribatu zuenez, forma horiek bere “eskulturaren hiztegia” osatzen dute.
Pieza horien egiturak simetrikoak eta orekatuak dira, baina haien itxura aldatu egin daiteke inguruan mugitzen garenean edo beste obra batzuekin batera behatzen diegunean.
Hemen bildutako adibideetan ikus daitekeenez, Asawak zenbait geruzatako formak eta egiturak egin zituen, uhinduak batzuk, ur-jauzien antzera goitik behera datozenak besteak; bata bestearen barruan txertatuak batzuk, elkarri lotuak beste batzuk.
Artistak azaldu zuenez, alanbre kiribilduaren teknika baliatuz sortzen zuena zera zen, “beren horretan forma eta bolumena izango luketen eskulturak, baita bolumendun itzala izan bide luketen eskulturak ere”.
Titulurik gabea (ZP.16B, Alanbre kiribilduz egindako hamabi eskultura-forma) [Untitled (ZP.16B, Twelve Looped-Wire Sculptural Forms)], ca. 1950eko hamarkadaren erdialde/amaiera
Atal honetan, Asawaren zenbait collage daude ikusgai, Guggenheim bekaren eskabidean aurkezteko sortuak denak ere. Artistaren iritzian, deskribapen idatzi batek baino eraginkortasun handiagoz transmititzen zuten bere hiztegi eskultorikoa.
Collage horiek alanbre kiribilduz eginiko formak irudikatzen dituzte. Horren adibidea da Titulurik gabea (ZP.16B, Alanbre kiribilduz egindako hamabi eskultura-forma), 1950eko hamarkadaren erdialde/amaiera bueltan egina.
Lanok egiteko, Asawak bilbe-orriak erabili zituen; hau da, diseinatzaile grafikoek tresna digitalak iritsi aurretik baliatzen zituzten xafla itsaskor finak, askotariko bilbe-formak izaten zituztenak gainean inprimatuta. Xafla horien zatiak moztu eta gainjarrita, Asawak bere eskulturen kanpoko formak, barneko geruzak eta kolore-ñabardurak iradoki zituen.
Titulurik gabea (S.270, Lehenengo eta bigarren lobuluetan esferak dituen formaren baitako forma jarraitu, eseki, elkarlotu, sei lobuluduna) [Untitled (S.270, Hanging Six-Lobed, Interlocking Continuous Form within a Form with Spheres in the First and Second Lobes)],1955, 1957–58an berregina
Sail honetan ikusgai dauden lanetako asko 1950eko hamarkadan New Yorkeko Peridot Galleryn Asawari eskaini zizkioten bakarkako erakusketen parte izan ziren.
Batera ikusita, pieza horiek erakusten dute etengabe errepikatzearen eta hobetzearen poderioz mamitu zituela artistak bere ideiak.
Horren adibide da Titulurik gabea (S.270, Lehenengo eta bigarren lobuluetan esferak dituen formaren baitako forma jarraitu, eseki, elkarlotu, sei lobuluduna) izeneko pieza hau, 1955ean egin eta 1957 eta 1958 bitartean berregina.
Eskultura esekia da, silueta luzanga bat eratzen duten lobulu elkartuz osatua, eta barnean dituen elementuek geruza gainjarriak sortzen dituzte egituraren barnean (lehen eta bigarren lobuluetako esferek, esaterako).
Titulurik gabea (S.633a–c, Aho irekidun hiru forma alderantzikagarriz osatutako multzo esekia [zazpi maila, sei maila, bost maila]) [Untitled (S.633a–c, Hanging Group of Three Reversible, Open-Window Forms [Seven Tiers, Six Tiers, Five Tiers])], ca. 1956
1956 inguruko pieza delikatu bat ere badugu ikusgai hemen: hiru forma esekiz osatutako Titulurik gabea (S.633a–c, Aho irekidun hiru forma alderantzikagarriz osatutako multzo esekia [zazpi maila, sei maila, bost maila]). Lan hori 1956an aurkeztu zuten Asawak New Yorkeko Peridot Galleryn eginiko erakusketa batean.
Batera instalatzeko pentsatutako eskultura-multzo txiki baten parte da, eta Asawak “aho ireki” deitu zuena jasotzen du, artistak ustekabean aurkitu zuen elementu bat, alegia: alanbrezko forma bat konpontzeko asmotan lobulua moztera zihoala, landutako azalera ireki egin zitzaion, eta horixe da “aho irekia”.
1954an dagoeneko hasia zen antzeko efektua lortzen gainazal lauak tentsio bidez behartuz, kanporantz bihurgune nahaspilatuak sor zitzaten hemen ikus dezakegun bezala.