Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
“Nola ikusi”: Black Mountain College, 1940ko hamarkada
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Bigarren Mundu Gerra | AEB | Japonia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
Ongi etorri Ruth Aiko Asawa artista ikonikoari eskainitako erakusketa honetara. Hamar sailetan antolatuta dago, eta sei hamarkadako ibilbidea jasotzen du 1947 eta 2006 artean baliabide ugarirekin eginiko obren bidez. Oro har, pieza hauek artistaren ekarpen berritzaileen oparotasuna eta sakontasuna erakusten dituzte.
Asawa 1926an jaio zen Kaliforniako Norwalk hirian. Umakichi eta Haru Asawa etorkin japoniarren alaba, zazpi neba-arrebatatik laugarrena izan zen, eta gurasoen landetxean hazi zen.
Bigarren Mundu Gerra garaian, japoniar jatorriko estatubatuarrentzako barneratze-esparruetan egon zen atxilo familiarekin batera.
Gerra amaitu zenean, arte-irakasle gisa trebatu zen, baina, garai hartan japoniarrek bizi zuten diskriminazioaren ondorioz, ez zioten utzi titulazioa eskuratzen.
1946an, Ipar Carolinako Black Mountain College ikastegian matrikulatu zen eta, zentro aurrerakoi hartan, arteak eskaintzen dituen hamaikatxo aukerak arakatzera bultzatu zuten irakasleek. Artista handiak izan zituen irakasle bertan, tartean Josef Albers artista alemaniar-estatubatuarra.
Bere ibilbidean zehar, Asawak zalantzan jarri zituen abstrakzio eta figurazioaren, figura eta hondoaren, eta espazio negatibo eta positiboaren arteko mugak.
Azken urteotan, nabarmen areagotu da haren obraren aintzatespena. Hori hala izanik ere, erakusketa hauxe da hil ondoko lehen atzerabegirako handia, eta modu integralean aztertzen ditu artista, hezitzaile eta arte-defendatzaile gisa gauzaturiko lan aitzindariaren alderdi guztiak.
Erakusketa hau San Francisco Museum of Modern Art (SFMOMA) eta New Yorkeko Museum of Modern Art (MoMA) erakundeek antolatua da, eta Bilboko erakustaldi hau Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan egin da.
Esposizioaren komisario nagusiak Janet Bishop eta Cara Manes izan dira, SFMOMAko ‘Thomas Weisel Family’ arte-arduradun nagusia lehena eta MoMAko Pintura eta Eskultura Departamentuko arte-arduradun elkartua bigarrena. Laguntzaile izan dute Geaninne Gutierrez-Guimarães, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna.
Hezkuntza-edukia atalean, informazio gehiago eskura dezakezu Ruth Asawa artistari berari buruz, hezkuntza artistikoarekiko zuen konpromisoari buruz eta San Frantziskon komunitatearekin elkarlanean garatu zuen sorkuntza-lanari buruz.