Yves Klein
Minio laranja koloreko unibertsoaren adierazpena, 1955
Monokromo urdina, Titulurik gabea (IKB 98), 1957
Iruzkinak
Monokromo zuria, 1957
- Izenburua:
- Monokromo zuria, 1957
- Erakusketa:
- Yves Klein
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Zero taldea | Bigarren Mundu Gerra | Kazimir Malevich | Marcel Duchamp
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Kline, Franz
Monokromo zuria. Metro erdi x metro erdi. 1957an pintatua. Malevich-ekin erlazionatu nahi izaten zutenean adibidez, Yves Klein-ek ezezko biribila ematen zuen beti. Eta, hala eta guztiz ere, inolako zalantzarik ez dago Malevichen obra bat, Koadro zuria hondo zuriaren gainean izenburua duena, Yves Kleinen mihise karratu eta monokromo zuria aurrez aditzera ematen digula.
Iturrira, sorburuetara itzultzea. Are gehiago, sorburuetatik harantz, sorkuntzatik harantz, edozein garapenetik harantz. Lehenengo kausetara itzultzea, sorburu guztien aurretik dagoen egoerara, guztia existitzen den eta ezer existitzen ez den aukera puruen unibertsora itzultzea. Sorkuntzaren momentuaren aurreko une batera itzultzea.
Hasieratik berriro hastea –politikoki, sozialki eta artistikoki. Lehenaldia atzean uztea, aro berri baten aurrean gaudela aldarrikatzea, orainaldian erabat existitzea. Gizakia esklabo bihurtzen duten eta gauza material guztietara lotzen duten botereak euforiaz, adorez eta gogo biziz gaitzestea. Giza espiritua menderatua duen morrontzaren errudun diren botereak.
Tabula rasa, hasiera berri bat, abiapuntu berri bat. Bigarren mundu gerraren ondoren, mundua materialki eta moralki zeharo suntsitua geratu zenean, erabat berria zen hasiera baten erretorika sumatzen zen nonahi. Zero ordua. Zero puntua. Ez zen ordena bat ere jendeari fidagarria iruditzen zitzaionik, ezta identifika zitekeenik ere.
New Yorken eta Parisen abangoardiak bere burua asmatu zuen berriro. 1950eko hamarkada zen. Berunezko aroa. Isiltasun handiko garaia. Ahanzturen aldia. Errepresio-aldia. Zulo beltz batean sartutako historia. Erdiko klaseen agonia.
Artista gazteen belaunaldi batek uko egin zion lehenaldiko erlikiak bere gain hartzeari. Eta ez zioten lehenengo abangoardien ordezkarien adibideari jarraitu nahi izan ezta ere –1915. urte inguruan manifestatu ziren artisten adibideari, hain zuzen. Hala ere, artista gazte haiek Malevichen eta Duchamp-en arrastoari jarraitu zioten.