Yves Klein
Yves, pinturak, 1954
Monokromo zuria, 1957
Iruzkinak
Minio laranja koloreko unibertsoaren adierazpena, 1955
- Izenburua:
- Minio laranja koloreko unibertsoaren adierazpena, 1955
- Erakusketa:
- Yves Klein
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Artea. Teoria | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Erakusketak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Errealismo Berria
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Klein, Yves
Yves Klein-ek judoko geletako paretetan jarri zituen ikusgai kolore bakar batez pintatutako bere pinturak. 1955ean lehen aldiz parte hartu zuen obra batekin Parisko “Salons des Réalités Nouvelles”-en, artista abstraktuen obrak bakarrik ikusgai jarri zituzten lehiaketan.
Yves Kleinek bidali zuen koadroaren izenburua Minio laranja koloreko unibertsoaren adierazpena zen. 95 x 226 zentimetro neurtzen zituen eta laranja koloreko gainazal batez osatua zegoen osorik. Epaimahaiak gaitzetsi egin zuen obra hura. Arrastoren bat edo lerroren bat, artistaren subjektibotasuna irudikatuko zuen keinuzko elementuren bat gehitzea aholkatu zioten Yves Kleini. Baina ez zuen nahi izan. Azken finean, beretzat abstrakzioak ez zuen garrantzirik, kolorearen presentziak baizik.
Pintore zen aldetik, ez zion kanpoko munduaren errealitateari bizkar eman nahi izan. Aitzitik, ahalmen handiko bestelako errealitate batez ohartarazi nahi zuen – kolorearen errealitateaz. Kolorearen purutasunaz. Koloreaz, pertzepzioren, enpatiaren eta norbere garapenaren oinarritzat hartuta.
Yves Kleinek uko egin zion artearen konbentzionalismoen nagusikeriari bai bere idatzietan baita 1955eko urte hartan bertan bere obra monokromoak bilduz egin zuen erakusketa batean ere. Bere buruaz seguru, probokatzaile eta buru-argi agertu ohi zen.
XX. mendearen hasieratik abangoardiako artistak pintura osatzen duen horren ideia tradizionala erasotzen aritu izan ziren. Koloreak eta formak berezko bizitza garatu zuten. Koadroa, gaiaz, ideiaz, kolorez eta formaz osatutakoa, desegin egin zen. Zegozkion elementuetako bakoitza bakartua geratu zen eta banan-banan hartuta irudikatu zen.
Koloreak betitik izan zuen asmo bat: objektuak irudikatzekoa, alegia. Bat-batean, zeregin horretatik askatua geratu zen. Puru, natural, kutsatu gabe, artearen gai bilakatu zen. Planteamendu horretan, Yves Klein harantzago joan zen konposizioa erabat baztertzean. 1955ean hori probokazio bat zen, eta era guztietako erreakzioak piztu zituen, pintorea barregarri uztetik erabat gaitzesteraino.
Baliabide kromatiko gisa, kolorea ez da desberdina den zerbaiten adierazpena, bere adierazpena baizik. Lehen aldiz, kolorearen indarrak beste ezeren laguntzarik gabe garatzeko gauza zen. Behatzen zuen edozein pertsonarengan eragina izan zezakeen. Ikuslearengan emozioak eta erreakzioak sorrarazi zitzakeen kolore puruaren aurrean, nolabait esateko gizaki guztiongan sor dauden emozioak izanik. Fisiologikoki existitzen diren baina kolore-pinturak azaleratzea ahalbidetzen dien arte ezkutuan dauden emozioak.
Hala ere, koloreen edozein asoziaziok esperientzia hondatuko du. Garrantzizkoena zera da, edozein murrizketa ezabatzea, edozein banaketa saihestea, eta kolorea gainazalean aplikatzea norabide guztietatik, dimentsio guztietatik isurtzen uzteko. Murrizketarik gabe. Iragazkirik gabe. Mugarik gabe. Kolore-eremua kolore-isuri amaigabearen xehetasun bihurtzen da, akaberarik ez duen kolore-uholde, espazioko koloreen etengabeko bibrazio bilakatzen da.
“Koadro batek bi kolore dituen momentutik”, zioen Yves Kleinek, “liskarra sortzen da. Sekula ere ez dut nire burua aurkitu nahi bi pertsonaren artetik onena aukeratu behar izatearen aurrean”. Horregatik, monokromia aukeratu beste erremediorik ez zuen izan.
“Nire ustez, kolore bakoitzaren ñabardura nolabait indibiduo bat da”.