Yves Klein
Hutsa, 1958
Banpiroa (ANT SU 20), 1960
Iruzkinak
Antropometria, Titulurik gabea (ANT 106), ca. 1960
- Izenburua:
- Antropometria, Titulurik gabea (ANT 106), ca. 1960
- Erakusketa:
- Yves Klein
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta musika | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Kolorea | Mugimendua | Biluzia | Georges Mathieu
- Artelan motak:
- Performance | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Klein, Yves
Pinturan, biluziak tradizio luzea du. Bereizketa bat adierazten du, mendebaldeko pentsamenduan ohikoa –niaren eta munduaren artekoa, subjektuaren eta objektuaren artekoa. Modeloaren eta artistaren artekoa. Artistak naturaletik abiatuta sortzen duen obraren gainean eraginik ez duen modeloa izanik.
Yves Klein-ek artistaren babesetik askatu zituen bere modeloak, gorputzari inoren eta ezeren laguntzarik gabe gorputza pintatzen utziz. Inpresio fisikoa artistaren eskuak parte hartzen ez duen pintura da. Aitzitik, irudiaren euskarria zuzenean ukituz sortzen dira pinturak.
Natura arte bihurtzen da bitarteko pausorik eman gabe. Jadanik ez dago artearen eta naturaren arteko bereizketarik.
Artista performance baten zuzendari bihurtzen da. Lehenengoa 1960ko martxoaren 9an egin zuen. Arratsalde hartan genero artistiko berria sortu zen: performance art-a.
Arretaz aukeratutako gizon eta emakumeez osatutako publikoa, Kleinek eskatuta etiketa-jantziaz bertaratu zen Parisko aparteko Comte d’Arquian galeriara. Bederatzi musikari sartu ziren, eta haien atzetik artista esmokin-jantziaz. Maisuak agindua eman zuenean, nota bakar bat entzun zen orkestratik eta koruko hiru kiderengandik. Hura Kleinen Symphonie Monoton Silence (Sinfonia monotonoa isiltasuna) zen.
Gero hiru emakume erakargarri agertu ziren biluzik, bakoitzak itsasoz haraindiko pintura urdinez betetako kubo bana eskuan zuela. Gorputza pintura urdinez busti zuten eta ondoren, pintzel bizidun bihurtuak, etzan egin ziren eta beren gorputzak zorua estaltzen zuen paper-orri baten gainean mugitu zituzten.
Emakumeen mugimenduek Yves Kleinek arreta handiz gainbegiratutako koreografia bati jarraitzen zioten. Hogei minutuz, izterrak, bularrak eta sabelak paperaren gainean beren arrastoa uzten aritu ziren, musikariak behe-nota bakar bat jotzen aritu ziren bitartean. Ondoren, hogei minutuko isiltasuna egon zen.
Ekitaldiari jarraitu zion eztabaidan, Georges Mathieu artistak, keinuzko abstrakzioaren eskolaren ordezkari nabarmenak, galdera bat egin zuen. Keinu gutxiesgarriaz hauxe esan zion Yves Kleini: “Zuretzat, zer esan nahi du arteak?”. Kleinek hauxe erantzun zion irribarrez: “Artea? Artea osasuna da”.