Yves Klein
Monokromo zuria, 1957
Hutsa, 1958
Iruzkinak
Monokromo urdina, Titulurik gabea (IKB 98), 1957
- Izenburua:
- Monokromo urdina, Titulurik gabea (IKB 98), 1957
- Erakusketa:
- Yves Klein
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | IKB (Nazioarteko Klein Urdina) | Sinbologia | Erakusketak | Espiritualtasuna | Natura | Arman | Eugène Delacroix | Claude Pascal | Sentimenduak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala
- Aipatutako artistak:
- Klein, Yves
Urdina. Zeruaren kolorea. Urdina. Ozeanoaren kolorea. Urdina. Unibertsoaren kolorea. Urdina. Nostalgiaren kolorea. Urdina. Betikotasunaren kolorea.
Ama Birjinaren mantu urdina. Nostalgiaren lore urdina. Planeta urdina. Ilunabarraren ordu urdina.
Nizako poliziaren bulego nagusian antolatutako judo-ikastaro batean Yves Klein-ek Claude Pascal ezagutu zuen, ondoren poesian jardun zuena, baita Arman ere, gerora artista izan zena. Egun batean, hondartzan zirela, mundua banatu zuten hiruren artean. Armani lurra egokitu zitzaion, Claude Pascali airea eta Yves Kleini zerua eta itsasoa.
Yves Klein artista kontzeptuala izan zen termino hori asmatu aurretik. Yves Kleinek bere izenpea jarri zion zeruari. Bere lehenengo obra monokromoa, aurrerago esan zuen bezala. Nizaren gaineko zerua. Mediterraneoko zerua. Bere indarra Yves Kleinek ondoren IKB edo Nazioarteko Klein Urdin gisa patentatu zuen pigmentuan islatzen da.
Itsasoz haraindiko urdina. Nahiz eta artistak naturan izandako bizipen jakin baten zabalkuntza soila baino zerbait gehiago bezala ikusten zuen. Beretzat pertzepzio hutsaren muina zen, sentimendu kosmikoaren, ozeanoarekiko elkartasunaren muina.
Kleinentzat urdina unibertsoa, elkartasuna, benetako errealitatea, paradisuaren kolorea da. Urdina bizitza da.
Kontzientzia kolore puruan murgiltzen da. Nolabait bere egiten du kolorea, sentikortasun handiko egoerak nabaritzen ditu eta, azken finean, esperientzia mistikoak izaten ditu. Yves Kleinek 1957. urtearen hasieran aurkitu zuen bere urdin purua, bere “aldi urdinari” hasiera eman ziona.
Milanen, artistak taula gaineko hamaika pintura monokromo jarri zituen ikusgai, guztiak berdin-berdinak. Urdina “kolore gorena” zen beretzat. Mirespen handia zion Delacroix-en adibideari jarraituz, kolore hori erabiliz “zehaztezina” den horretara iristea espero zuen Yves Kleinek.
Urdina Ezerezetik irten berria den munduaren egoera da. Urdina hasiera absolutuaren kolorea da. Materia eta espiritua ez dira oraindik banandu. Mundua berriro ere urdinez blaitzean, artistak berriro gidatzen du gizadia paradisurantz, ez banaketarik ezta oinazerik ere ez dagoen lekurantz.
Yves Kleinek mundua sentsibilitatez blaitzea aldarrikatu zuen metodo artistiko gisa. Artistak ukitzen zuen edozein gauza, izendatzen zuen edozein gauza eraldatu egiten zen bere artista-jeinuaren bidez. Eta gertakari horrek gainditu egin zuen hark defendatutako “Iraultza urdina”, hauxe esan zuenean: “Nire hurrengo obrarako euskarri gisa Frantziako azalera guztia erabiltzeko asmoa daukat. Koadroak Iraultza urdina izango du izenburutzat!”.