Edukira zuzenean joan

Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz

katalogoa

“POIRETEK JANTZITAKO CAIPIRATXO” BAT

Cecilia Braschi

Izenburua:
“POIRETEK JANTZITAKO CAIPIRATXO” BAT
Egilea:
Cecilia Braschi
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
24 x 31 cm
Orrialdeak:
216
ISBN:
978-84-10024-52-6
Lege gordailua:
M-1281-2025
Erakusketa:
Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz
Gaiak:
Folklorea | Emakumea artean | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Gizarte-kronika | Landa-eszenak | Paris | Brasil | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Modernismoa
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
do Amaral, Tarsila

São Paulo eskualdeko lurjabe handien familia kultu eta kosmopolita batetik zetorren Tarsila do Amaral, eta, 1920an Parisera prestakuntza jasotzera abiatu aurretik, hasita zegoen musikan, pinturan eta eskulturan. Haren klase sozialeko artista brasildar ororen ibilbideari jarraituz, irakaskuntza tradizionala jaso zuen Académie Julian etxean eta Émile Renard margolariaren eskoletan, eta, une berean, kubismoa, futurismoa eta dadaismoa deskubritu zituen Parisko aretoetan. Anita Malfatti margolariak eta lagunak jakinarazi zion zer gertatzen ari zen São Paulon. Kultura sutsu bat hiria astintzen ari zen 1922ko otsaileko Arte Modernoaren Astearen ondoren, eta proposamen musikalek, literarioek eta artistikoek, lehen aldiz, errotik hautsi zuten eredu akademikoekin. São Paulora itzuli zenean, Tarsilak Bosten Taldeko (Grupo dos Cinco) kide gisa parte hartu zuen abangoardia horretan, eta, lehen aipatutako Malfattiz gain, Mário de Andrade, Paulo Menotti del Picchia eta Oswald de Andrade —ordurako Tarsilaren bikotekidea— idazleak izan zituen bidelagun. Vitória kaleko bere estudioa  pintura akademikoa ikasteko eremua izan zen lehenik, baina garai hartan eztabaida sutsuen gune bilakatu zen. Bokazio nazionala zuen abangoardia baten asmoak plazaratu ziren han, eta fundatzaileen kultura kosmopolitaz ere hornitu ziren parte-hartzaileak.

Lengoaia piktoriko desberdinekin esperimentatu ahala, Tarsilak Europako abangoardien irakurketa berriak egin zituen. Parisko bigarren egonaldian, 1922ko abendutik 1923ko abendura bitartean, mugimendu kubistaren hiru artista handiren irakatsiak bereganatu zituen: lehenik, André Lhoterenak; geroago, Blaise Cendrarsen aholkuari jarraituz, Fernand Légerrenak; eta, azkenik, Albert Gleizesenak. Cendrarsi esker, Jean Cocteauren, Constantin Brancusiren edo Robert eta Sonia Delaunayren lagun bihurtu zen 1923an, baina Parisko brasildarrak ere ezagutu zituen: Sérgio Milliet kritikaria, Victor Brecheret, Di Cavalcanti eta Vicente do Rego Monteiro artistak, eta João de Souza Lima eta Heitor Villa-Lobos musikariak. 1923ko eta 1924ko autorretratuetan —horietako batek Frantzian eta Brasilen egindako lehen erakusketa-katalogoen azalak ilustratzen ditu— ikus daiteke zer-nolako irudia eratzen ari zen bere buruaz, artista moderno brasildar gisa. Lehenengo irudian, “Poiretek jantzitako caipiratxo”1 bat balitz bezala, Oswald de Andradek egindako poemaren lerro bat aipatuz, bere jatorrizko herrialdearen benetako bozeramaile agertzen zaigu, eta, hizkera kubista erabiliz, lorategiko adarrekin jolasean dabilen nekazari gazte baten moduan erretratatzen du bere burua. Bigarren irudian, aldiz, jantzi moderno erakargarriak dituen gazte sofistikatu bat bezala azaltzen da Tarsila, Parisko gustuekin guztiz bat eginda.

[Itzultzailea: Bakun]

Oharrak
  1. Oswald de Andrade, “Atelier”, Pau Brasil, Au sans pareil, Paris, 1925.