katalogoa
PAISAIA BERRIAK
Cecilia Braschi
- Izenburua:
- PAISAIA BERRIAK
- Egilea:
- Cecilia Braschi
- Argitalpena:
- Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
- Neurriak:
- 24 x 31 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-10024-52-6
- Lege gordailua:
- M-1281-2025
- Erakusketa:
- Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artearen historia | Interpretazioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | São Pauloko Bienala | Paisaia | Landa-eszenak | Brasil | São Paulo
- Mugimendu artistikoak:
- Modernismoa
- Artelan motak:
- Pintura (olio-pintura)
- Aipatutako artistak:
- do Amaral, Tarsila
1950eko hamarkadan, Tarsila do Amaral enkargu pribatu zein instituzional ugaritan murgildu zen; ilustrazio-proiektuei ekin zien; eta talde-erakusketetan parte hartu zuen, hala nola São Pauloko Biurtekoaren lehen bi edizioetan, 1951 eta 1953an. Bere obra osoari atzera begiratzean, sarritan berrikusi eta eguneratu zituen aurreko konposizioetako motiboak. Hain zuzen ere, Portua I (Porto I, 1953) lana berregin zuen Itsasontziak festan (Barcos em festa, 1925) koadroan, eta Zubi eta papaiondodun herrixka (Vilarejo com ponte e mamoeiro, 1953) margolanean Papaiondoa (O Mamoeiro, 1925) koadroko konposizio berbera ikus dezakegu. Bestalde, Trenbide-pasagunea III (Passagem de nivel III, 1965) 1925an sortu eta desagertutako lan baten hirugarren bertsioa da; eta 1960ko hamarkadan margotutako Patxada III (Calmaria III) lanak motibo antropofagiko bati heltzen dio berriz. Margolan horiek urrun daude erreplika hutsak izatetik. Konposizio beraren inguruan, erregistro formal ezberdinak ikertzen dituzte, eta forma organikoak eta geometrikoak elkarren artean artikulatzeko modua aldatzen dute. Kolorea ere modu berri batean landu zuen artistak: hogeiko hamarkadan nahita erabilitako tonu bizien eta deigarrien ordez, urdinak eta bioletak nagusi diren paleta trinko bat baliatu zuen.
1950an Jaragua aldizkarirako egin zuen ilustrazioan, Tarsilak Modeloa (O Modelo) artelanaren motiboa berreskuratu eta eguneratu zuen; 1923an bai pinturan bai marrazkitan landua zuen gai hura. Bertsio berri horretan, iradokizun tropikalek eta elementu apaingarriek ez dute zerikusirik kutsu kubistako egitura geometriko zurrunarekin, eta, bigarren planoan, hiri moderno bateko etxe-orratzak ageri dira 1923ko koadroko paisaia natural estilizatuaren ordez. Tarsilak, Brasilgo eta nazioarteko artearen bilakaeraren berri zuen bezala (bere liburutegiko aldizkariak lekuko), oso gertutik jarraitu zituen bere herrialdeko hiriguneen aldaketak. Bere argitalpen-proiektuetan, marrazkietan eta margolanetan São Pauloren eraldaketa islatu zuen bereziki. Gris-urdinxka koloreko blokeak margotu zituen, etxe zaharren eta landaretza tropikalaren gainetik gero eta luzeago altxatzen zirenak. Kode bisual garaikideenei ere harrera ona egin zien artistak. 50eko hamarkadaren amaieran, abstrakzioak (geometrikoak zein informalistak) unerik gorena bizi izan zuen Brasilgo artista gazteen artean, eta orduan jarri zen abian Brasilia hiriburu berriaren eraikuntza ikaragarria.
Forma geometriko landuagoak edo zabarragoak beharrean, Tarsilak paisaia berriak erabili zituen iraganeko motiboei heltzeko, eta, garai antropofagikoan ez bezala, kutsu errealagoa eman zien. Paisaia horiek antz handia dute Oscar Niemeyer eta beste zenbait arkitekto berritzailek gauzatutakoekin, baita Roberto Burle Marx paisajistak gauzatutakoekin ere.