katalogoa
BRASIL KANIBALA
Cecilia Braschi
- Izenburua:
- BRASIL KANIBALA
- Egilea:
- Cecilia Braschi
- Argitalpena:
- Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
- Neurriak:
- 24 x 31 cm
- Orrialdeak:
- 216
- ISBN:
- 978-84-10024-52-6
- Lege gordailua:
- M-1281-2025
- Erakusketa:
- Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Beltza | Konposizioa | Lan-prozesua | Paisaia | Marrazkigintza | Kolonialismoa | Brasil | Arrazakeria | Herri-kultura
- Mugimendu artistikoak:
- Modernismoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- do Amaral, Tarsila
1928ko urtarrileko Abaporu margolanak, 1920ko hamarkadan zehar Tarsila do Amaralen ikerketak biltzen dituen koadroak hain zuzen, funtsezko inflexio-puntu bat markatu zuen artistaren obran eta ondorengo harrera kritikoan. Marrazkiaren bidez behin baino gehiagotan landu zuen —Emakume beltza (A Negra) margolanaren silueta bezala— figura neurrigabe horrek, oin itzela du; gainean duen lurrean sendo finkatuta dago, eta loretan dagoen kaktusarekin sinbiosian ere bai, identitatea baieztatzeko paradigma berri bat iragarriz. Irudi horrekin liluratuta, Oswald de Andrade eta Raul Bopp idazleek zentzuz betetako izenburu bat jarri zioten obrari: Abaporu; tupi-guarani hizkuntzan, “[beste gizon bat] jaten duen gizona”. Irudi horretatik datoz mugimendu antropofagikoa, haren manifestua (1928ko maiatzean argitaratua) eta haren postulatuak hedatzen zituen aldizkaria (1928–29). Beste gizaki bat irentsi, eta haren gaitasunez jabetzeko praktika autoktonoaren bitartez, Antropofagiak metaforikoki deskribatzen du brasildarrek atzerriko kulturak eta kultura kolonizatzaileak bereganatzeko eta modu eraikitzailean berregiteko estrategia. “Tupi, or not tupi, that is the question”, irakur daiteke Manifesto antropofago aldarrikapenean. Esaldi horrek, ironikoki, William Shakespeareri egiten dio erreferentzia, eta, aldi berean, kostalde tropikaleko talde etniko hura aipatzen du, Brasilgo herriaren nortasun konplexuari buruzko galderak planteatzeko. Ikuspegi horretatik abiatuta, antropofagoek hankaz gora jarri zuten ohiko menderatze-dinamiken esentzia: antzinako autoktonoek kolono inbaditzaileak irensten zituzten bezala, geografikoki “marjinalak” diren artistek ez dute pasiboki jaso behar mendebaldeko artearen “erdiguneek” finkatutako araurik, eta rol aktiboa hartu behar dute beren kultura-ondarea bereganatzeko eta beren proiektu estetikoa gauzatzeko. 1928. eta 1930. urteen arteko Tarsilaren lanek alde batera utzi zituzten Pau-Brasil aldiko gai herrikoiak eta kutsu kubista zuten geometriak, eta, ezaugarri horien ordez, narratiboa baino sinbolikoagoa den sinkretismo bat adierazi zuten. Garai hartako margolanetan, Europako eta Brasilgo errepertorio zabal bat “digerituta” eta eraldatuta geratzen da behin betiko. Artistaren ustetan “basatiak eta zintzoak”1 diren lan horiek ihes egiten diote aho bateko irakurketa orori. Elementu naturalak eta arkitektonikoak paisaia iradokitzaileetan eta oroitarazleetan nahasita daude, eta dimentsio magiko eta oniriko batera eramaten dute ikuslea. Konposizio horiek ezinezkoak dira modu konbentzionalean kodifikatu nahi dituenarentzat, eta, artistaren hitzetan, “oin itzelak dituzten figura[z], [...] landare haragitsu eta itzel[ez], [...] naturalistek sailkatu ezinezko Iñaki bitxi[z]”2 josita daude.
[Itzultzailea: Bakun]