Edukira zuzenean joan

Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz

katalogoa

BRASILGO PAISAIA ASMATZEA

Cecilia Braschi

Izenburua:
BRASILGO PAISAIA ASMATZEA
Egilea:
Cecilia Braschi
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
24 x 31 cm
Orrialdeak:
216
ISBN:
978-84-10024-52-6
Lege gordailua:
M-1281-2025
Erakusketa:
Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz
Gaiak:
Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artearen historia | Interpretazioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Paisaia | Industrializazioa | Paris | Brasil
Mugimendu artistikoak:
Modernismoa
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
do Amaral, Tarsila

Brasildik aldi baterako urruntzeak eta kanpoko kultura batekin aurrez aurre egoteak eraman zuen Tarsila do Amaral, belaunaldi hartako beste artista latinoamerikar asko bezala, bere jatorria ikuspegi berri batetik lantzera. 1923an jabetu zen zernolako erakargarritasun exotikoa sortzen zuen bere herrialde tropikalaren iruditeriak Parisko lagunartean. Primitibismoak eta arte beltzak lilura bizia eragiten zuten, eta Europako mugetatik kanpoko artelanek menderatzen zuten hiriburuko intelektualen gustua. Aldi berean, kubismoak analisi eta arrazionalizazio formalerako metodo bat eman zion, eta bere paisaia fisikoaz eta mentalaz berriz jabetzeko eta konbentzio edo estereotipo oro gainditzeko gaitasuna ere bai.

Urte horren amaieran Brasilera itzuli zenean, Tarsilak ikerketa berri bati ekin zion. 1924aren hasieran, Rio de Janeiro eta Minas Gerais estatuetara joan zen idazle modernoen talde batekin; besteak beste, Blaise Cendrars adiskidearekin. São Pauloko margolariarentzat, eraldaketa sakonaren eta bizkorraren mende dagoen metropolira ohituta zegoenez —eraikin dotoreak, trenbideak, semaforoak eta kartel argitsuak—, Rio de Janeiroko paisaia oparoa benetako errebelazioa izan zen, Lagoa Santako, Marianako eta Ouro Pretoko aztarna barrokoen eta kolonialen parekoa. Parisera iritsi berritan bere koadernoan bulebarren, Louvreren edo Garaipen Arkuaren ikuspegiak marraztu bazituen, une horretan Brasilgo paisaiarantz jo zuen begirada berri batekin. Berezko zuen trazu garbitik eta landutik abiatuta, arkatzez eta tintaz "xehatu" zituen elkarrengandik hain desberdinak ziren ingurune horiek, eta plano, lerro eta kolore moduan transkribatutako elementuak hautatu zituen, maisu kubistei ikasitakoari jarraituz. Hortik lengoaia bisual bat atera zuen Tarsilak, xaloa eta modernoa zena, eta pinturara hedatu zuen Brasilgo nahiz nazioarteko publikoarentzat ulergarriak ziren konposizio originalen bitartez. Horrela jarri zen abian bere pinturaren fase berri bat, Pau-Brasil izenekoa, Oswald de Andradek 1924ko martxoan argitaratutako manifestuaren izenburuari erreferentzia egiten diona. Testu horretan gonbidapen bat luzatzen zaie Brasilgo pintoreei eta idazleei. Kode bisualak hautsi, eta “haur bat bezain arina eta inozentea”1 den arte bat bilatu behar dute. Tarsilaren pinturak bezala, artistek “xehetasun naturalistaren aurka —sintesiaren alde eta gaitz erromantikoaren aurka— eta oreka geometrikoaren eta akabera teknikoaren alde egin behar dute lan; kopiaren aurka, eta asmaketaren eta ezustekoaren alde”2.

[Itzultzailea: Bakun]

Oharrak
  1. Oswald de Andrade, “Manifesto da poesia Pau Brasil”, Correio da Manha, 1924ko martxoaren 18a. Gaztelaniazko edizioa: Tarsila do Amaral, erak. kat., Fundación Juan March, Madril, 2009, 19–21. or.
  2. Ibid.