Edukira zuzenean joan

Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz

katalogoa

LANGILEAK

Cecilia Braschi

Izenburua:
LANGILEAK
Egilea:
Cecilia Braschi
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
24 x 31 cm
Orrialdeak:
216
ISBN:
978-84-10024-52-6
Lege gordailua:
M-1281-2025
Erakusketa:
Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Artea eta politika | Artearen historia | Interpretazioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Industrializazioa | Brasil | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Modernismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
do Amaral, Tarsila

1929. urtearen amaierak etenaldi bortitz bat ekarri zuen Tarsila do Amaralen bizitzan eta ibilbidean. Oswald de Andraderengandik bananduta, New Yorkeko burtsaren gainbeheraren ondorioak pairatu zituen bete-betean. Familiaren etxaldea hipotekatu behar izan zuten, eta artistak ordura artekoa baino bizimodu apalagora ohitu behar izan zuen. Osorio César izeneko mediku eta ezkerreko intelektual gaztearekin batera, Sobietar Batasunaren eredu ekonomikoari eta sozialari begira jarri zen. 1931n herrialde horretara egindako bidaiak, lagun berriek eta bere ideia politikoek —haien ondorioz espetxeratua izan zen 1932an, Getúlio Vargasen gobernupean— eragin handia izan zuten Tarsilaren margolanen edukian eta estilo berrian, eta badirudi errealismo sozialaren postulatuekin bat egin zutela. Brasilen Candido Portinari eta beste zenbait artistak bultzatu zuten mugimendu hura, baina Mexikoko muralismoak zabaldu zuen Latinoamerika osora. Tarsila David Alfaro Siqueirosekin, hau da, mugimenduaren pertsonarik esanguratsuenetako batekin harremanetan jarri zen 1933an, Montevideon eta São Paulon eman zituen hitzaldietan. Garai hartan ekin zion kartel sobietarren lengoaia aztertzeari, baita, Errusiara egindako bidaiari esker, kartel horiek biltzeari ere. Geroago, 1933an, São Pauloko Club dos Artistas Modernos etxean erakutsi zituen, eta ikusleei azaldu ere bai. Langileak (Operarios) mihise itzelean bilduta daude ezaugarri horiek —errealismo soziala, muralismo politikoa eta Errusiako arte grafikoa—, eta langile klase batez ere paulista, mistoa eta kosmopolita islatzen dute. Sérgio Milliet kritikariak idatzi zuen bezala, hogeiko hamarkadan “kolore-orbanak”1 baino ez ziren herritarren irudiek, hurrengo hamarkadan, protagonismo bizia hartu zuten fresko sozialetan, kolore biziak eta alaiak tonu serioagoekin ordezkatu ahala.

1940ko hamarkadako koadroetan, Tarsilak lan-munduan arakatzen jarraitu zuen, bai landa guneetan, bai hiriguneetan eta industria guneetan. Emakumeen egoera deigarria egin zitzaion Sobietar Batasunera egindako bidaian. Hantxe ikusi eta txalotu zuen zer erraza zen dibortziatzea, abortua legeztatzea eta neska-mutilei hezkuntza mistoa ematea2. Hori guztia 1936ko Jostunak (Costureiras) margolanean islatu zuen, 1950ean berriro hasi eta amaitu zuen koadroan hain justu3. Estratosfera obran, berriz, errealismo sozialetik oso urrun dagoen lengoaia baten bitartez, ingurune industrial deshumanizatu eta gertagaitz bateko lan alienatua irudikatu zuela dirudi.

Berrogeiko hamarkadako lan batzuetan, artistaren hil osteko atzerabegirakoetan inoiz erakutsi ez direnak, berriz ageri da garai antropofagikoko koadro batzuetako erraldoitasun oniriko hura, nahiz eta kolore askoz leunagoak eta pintura estilo berritua adierazi.

[Itzultzailea: Bakun]

Oharrak

 

  1. Sérgio Milliet, “Uma exposição retrospectiva”, hemen: Tarsila. 1918–1950, erak. kat., Museu de Arte Moderna, São Paulo, 1950.
  2. Ikus Tarsila do Amaralek familiari bidalitako gutuna, Mosku, 1931ko ekainaren 27a, São Paulo, Arquivo do Instituto de Estudos Brasileiros-USP, São Paulo.
  3. Maria Eugênia Saturni eta Regina Teixeira do Barros (ed.), Tarsila. Catalogo “raisonne”, 1. libk., Base7 Projetos Culturais / Pinacoteca do Estado de São Paulo, São Paulo, 2008, 207. or.