Edukira zuzenean joan

Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz

katalogoa

PRIMITIBISMOA ETA IDENTITATEA(K)

Cecilia Braschi

Izenburua:
PRIMITIBISMOA ETA IDENTITATEA(K)
Egilea:
Cecilia Braschi
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
24 x 31 cm
Orrialdeak:
216
ISBN:
978-84-10024-52-6
Lege gordailua:
M-1281-2025
Erakusketa:
Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz
Gaiak:
Folklorea | Emakumea artean | Artearen historia | Interpretazioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Gizarte-kronika | Brasil | Arrazakeria | Herri-kultura
Mugimendu artistikoak:
Modernismoa
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
do Amaral, Tarsila

Tarsila do Amaralek, atzera begiratuz, Emakume beltza (A Negra) margolana bere familiaren etxaldean bizi zen esklabo zahar batean oinarritzen zela esan zuen. Hala ere, badirudi Parisen 1923ko urrian margotutako koadro horrek lotura handiagoa duela erabat europarra den primitibismoaren gurtzarekin. Ez da harritzekoa Blaise Cendrarsek, bi urte lehenago Anthologie negre (Antologia beltza) idatzi zuen poetak hain zuzen, platanondo baten azpian eserita dagoen emakume beltz horren silueta estilizatua aukeratu izana Feuilles de route (Ibilbide-orriak) liburuko, hau da, Brasilen egindako bidaiari eskaini zion poema-liburuko azala ilustratzeko. Emakume beltza margolanak artistaren garai hartako sinkretismoaren seinale hartu izan da, baita Légerren estilizazio geometrikoekin uztartutako eskultura totemiko afrikartzat ere, baina erronka bikoitz baten seinale ere bada. Tarsilak 1920ko hamarkadaren hasieran egin behar izan zien aurre desafio horri, Parisen zegoen artista brasildarra izaki. Alde batetik, koadroak Frantziako hiriburuan dagoen exotismo eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio; bestetik, “Brasil garaikidearen ahalegin intelektualaren” ekimenaren barruan dago, Oswald de Andradek aurreko maiatzean Sorbonan emandako hitzaldian deskribatu zuen bezala1: Brasilgo herria historian zehar osatu duten kultura autoktonoen, portugaldarren eta afrikarren arteko mestizajean oinarritutako iruditeria identitario nazional baten eraikuntza.

Erronka horren beraren lekuko da Kokoa (A Cuca) margolana, Tarsilak museo etnologikoetan ikasi ahal izan zituen kondaira herrikoietatik edo kolonaurreko ikonografietatik sortutako alegiazko pertsonaiak biltzen dituena. Iturri berberek inspiratu zituzten Oswald de Andraderen libretoan eta Heitor Villa-Lobosen musikan oinarritutako “balet brasildar” baterako jantzi-diseinuak. Balet errusiar eta suediarren eredutik abiatuta, Rolf de Maré-k Parisen taularatu behar zuen ikuskizun hura. Hain zuzen ere, saci-perere bat — kultura indigenaren, afrikarraren eta portugaldarraren arteko fusiotik sortutako pertsonaia herrikoi fantastikoa— agertzen da Tarsilaren bakarkako lehen erakusketako katalogoaren kontrazalean. Erakusketa hura 1926ko ekainean egin zen, Parisen. Jatorri afrikarreko herritar xeheak i ageri dira 1924ko eta 1925eko lan askotan, Tarsilak, Pau Brasil poema-liburua ilustratu, eta izen bereko mugimenduari atxikitzen zitzaion garaian Favelen deskribapen idilikoek edo inauterietako eszena koloretsuek, artistak probintzietako gustu brasildarrari egozten zizkienak, primitibismo autoktono bat bilatu nahi zuten, goi-burgesiatik zetorren intelektualak idealizatutako primitibismoa hain justu. Hala eta guztiz, Tarsilaren koadroek jabetze horien anbiguotasun osoa adierazten dute. Tarsilaren lanetan argi ikusten da herrialde baten identitate- eta arrazaalderdien konplexutasun guztia. Zer urrun zegoen Brasil, esklabotza abolitu zenetik lau hamarkada bete gabe, artistak pintatzen duen harmonia amestua lortzetik.

[Itzultzailea: Bakun]

Oharrak
  1. Oswald de Andrade, “L’Effort intellectuel du Brésil contemporain”, Revue de l’Amérique latine, 2. urtea, 5. libk., 1923ko maiatza–abuztua, 197–226. or