katalogoa
Gabriel Díaz. Eutsezinaren aldamio egonkorrak
Javier González de Durana
- Izenburua:
- Gabriel Díaz. Eutsezinaren aldamio egonkorrak
- Egilea:
- Javier González de Durana
- Argitalpena:
- Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
- Neurriak:
- 34 x 23,5 cm
- Orrialdeak:
- 368
- ISBN:
- 84-95216-08-6
- Lege gordailua:
- NA 905-2000
- Erakusketa:
- Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
- Gaiak:
- Gizakia | Bizitza | Heriotza | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Artea eta emozioa | Materiala | Pisua | Sinbologia | Dualtasuna | Sentimenduak | Gogoeta
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Díaz, Gabriel
Hauskortasuna sendotasun ahulez eraikitakoaren egiturak duen ezaugarria da; bere ondorioa, haustea. Azken hau euskarrien gainean presio egiten duen pisuak euskarri horiek jasateko duten gaitasuna gainditzen duenean gertatzen da, eta euskarri horiek bete behar duten zereginean huts egiten dutenean. Azken emaitza osatutakoa sakabanatzea eta eraikuntzako material batzuk erortzea da, horiek, grabitatearen legearekiko leial, ez baitute oztoporik aurkitzen beheraldian, erauzi zitzaiona berreskuratzen duen lurraren bila, sortu zireneko zorurantz itzulerako bidaia osatugabea eta eraldatua bailitzan.
Sarritan etereoa dena hauskorra denarekin lotzen da. Batzuetan, hegazkorra eta espazioan esekita dirudien horrek bertan behera (gure buruaren gainean, baldin eta inguruan bagabiltza) eroriko den mehatxuzko sentsazioa eragiten du, hutsunean flotatzen ari den horri eusten dioten hari ikustezin edo hauskorrek gehiegizko pisuaz ematen duten unean. Sendoa den guztia airean deusezten da, filosofia materialistak dioenez, baina desagertu aurretik ordea, amildu delako edo sakabanatu delako, gizakiak eraikitako sendotasun horrek errealitatearen alterazioa eragiten du, bere sortzailearen interesen eta nahien arabera jardunez —hori da behintzat, asmoa—.
Airean goratzea eta bere bitartez mugitzea gizabanakoaren ametsetan agertu izan da behin eta berriz. Ezinezkoa helburutzat; horrekin zerikusia duen mitorik ezagunenetako bat gogo bizi horretan oinarritzen da. Eta nahi hori antzeko beste batekin batera agertu izan da: gizakien gainetik dauden izakiak bizi diren espazio garbietatik gertu dagoen altuerara heltzea, bai mendi bikainenak eskalatuz, non agerkundeak eta errebelazioak gertatzen baitira, bai eraikuntza artifizial altuen bidez.
Bi kasuetan, espazioaren goiko mailetara gerturatzea pisuaren nozioarekin lotua agertu ohi da. Mendietan, naturaz gaindiko zama bat da, legearekin eta zigorrarekin harremanetan, beheratzeko erabiltzen diren eta elkartasun-kodeak dituzten taulek edota gailurreraino sorbaldetan igo beharreko harriek adierazia. Eraikinetan pisua naturala da, beldurrari eta mendekuari lotua, zoruaren gaineko adreilu fabrikatuetan eta harri manipulatuetan irudikatua, bata bestearen gainean jartzeko goratzen direnak edozein dorre altxatzean, helburua bertan giltzapetzea eta babestea, edota bere gailurreraino igotzea eta erasotzea izanik.
Gabriel Díaz-ek, bere eskulturen bidez, giza gorputzaren eta bere inguruko harrizko gorputzei dagokien grabitaterik gabeko pisuaren arteko kezka larrizko erlazioa ezartzen du. Egiten dituen lanen asmoa ez da soilik sinesgaitza eta neurtezina den horretara hurbiltzea, lan horiek, batez ere, airezko eraikuntzak gauzatzen baitituzte, horietan begirada barneratuz —eskultura batzuetan, buru guztia landutako harrian barneratzeko premian ikusten da— hutsune sakratu bat argitzeko (sepulkrala batzuetan, uterinoa besteetan) eta estualdiaren, grabitatearen eta muturreko presioaren sentsazio telurikoak sorrarazten dituzte, baina baita hegaldi loriatsuaren eta garbikuntzaren edo bir-sortzearen ideia ere.
Piramide garden eta huts bat post-mortem bizitzaren agintzari buruzko metafora ederra da. Bizitza horretan lurraren pisua arina da; ingurunea, garbia eta ikuskorra, eta itzultzeko ahalbidea, irekia: alderantzizko piramidea edo anti-nekrofilikoa, kontrahilobi- eraikuntza, alegia. Ez dago heriotzaren arkitekturarik, eraikinak, untziak eta lekuak baizik, eta horietan ezezaguna denaren aurrean dugun beldurra proiektatzen dugu.
Harriak airean esekitzeko saioa konstante bat da Díazen lanean. Horretan, obsesio magrittiarra antzematen da. Harria —batzuetan paretean sartua, zorutik bereizia, pintura ez dena eta ia eskultura izatera iristen ez dena, biekiko paraleloa den errealitate bat baizik, plano piktorikoaren bi dimentsioetan agertu arren— antzinako gai surrealista baten adierazlea da. Harri hori igoarazteak eta hari formako adar gardenez osatutako euskarri sinesgaitzen gainean eutsiarazteak arintasunak eutsitako pisutasunaren mitoa areagotzen du, irekitasunak eta lotura ezak eutsitako trinkotasunarena, itxura artifizialeko formak eutsitako itxura naturaleko formagabearena: gure adimena zanpatzen duen existentziaren zama ikaragarria, Atlantis mundua sorbalden gainean eramanez.
Díazek bere lanean mugagabetasunari aurre egiteko nahi bizia barneratzen du, berau forma eta material sinple eta naturaletan bilatu nahi izatearen jarrera apala erakutsiz. Artista gisa egin duen ibilbide labur baina bizian, Gabriel Díazek harrien gainazala eta izarrartearen hedadura marraztu ditu, zabalik dauden hilobien hutsunea sentiarazi digu, haitzek hortzik gabe jaten gaituztela, horietako batek erorketa askean amildegiko eremurantz arrastaka eramaten gaituela, eta lurreko material ugarirekin eta giza sentimendu urriekin burututako eraikuntzen sendotasunaz zalantza egitera eramaten gaitu; guztiak ari dira sendotasunak duen beste aldearen bila, behatzen ditugun formen atzean ezkutuan dagoena, non eutsiezintasunak bere sustraiak hondoratzen baititu.
[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]