Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

katalogoa

Bete gabeko promes baten istorioa?

Gabriel Díaz

Izenburua:
Bete gabeko promes baten istorioa?
Egilea:
Gabriel Díaz
Argitalpena:
Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
Neurriak:
34 x 23,5 cm
Orrialdeak:
368
ISBN:
84-95216-08-6
Lege gordailua:
NA 905-2000
Erakusketa:
Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
Gaiak:
Gizakia | Emozioa | Introspekzioa | Sentimenduak | Gogoeta

Piramide-anti (Pirámide-anti), 1999
Kristala eta burdina
263 x 360 x 360 cm
Artistaren bilduma

Mana (Maná), 1999
Metakrilatoa eta alabastroa
350 x 100 x 100 cm
Artistaren bilduma

Nire etxe gainean erori zen meteoritoa (El meteorito que cayó en mi casa), 1999
Bideo-instalazioa, 7 minutu
Neurri aldakorrak
Artistaren bilduma

 

Formaren logika aspaldian utzi zen alde batera antzua zelako. Ezabaketa-lanak naturaltasunaren poetika ekarri zuen emaitza gisa eta, orain, poetika honek naturaz gaindikoaren hipotesia. Badakit horrek ere alde batera utzi beharko dudan hasiera besterik ez duela adierazten. Baso honen atzetik oraindik ere bada gailur bat. Eta gailurrerantz, beharbada, bide bat. Baina goratzen hasten zarenean, pausoz pauso, honezkero biluzik dauden haitzen artean, pentsamenduak basoko aterpearen, suaren eta lo-kuluxkaren erosotasuna bilatzeko joera du. Nahi dudana jarraitzea baldin bada, pentsamendu horiek baztertu egin beharko ditut, bestela, galduta nago: aldaparen malda amaigabe bihurtuko da.

Atsedenaren ondoren ere, gezurra dirudien arren, ibilaldiari berriro ekitea askoz ere nekagarriagoa izaten da. Hala, edozein atzerapen norbere burua engainatzea besterik ez da. Nagitasun antzeko zerbait da, konturatu gabe zure buruaren jabe egiten dena, aurrera jarraitzea eragotziz, edota betiko geldiaraziz. Eta erritmoak beti izan behar du bihotzak agintzen dizuna baino pixka bat barruagokoa. Buruak aholkatzen dizuna baino pixka bat azkarragoa. Horixe baita bidea, inoren gogokoa ez bada ere. Nire gogokoa ez behintzat, eta baliteke neu bakarra izatea. Basoa armiarma-sare mehatxatzaile batek gero eta hertsiago bihurtutako labirinto bat zela konturatu naiz. Behin sarean sartuta, dituen ehun atzaparrekin armiarmak barrenak ateratzen dizkio harrapakinari eta haren ametsak hiltzen ditu. Ausardia gutxien erakusten dutenei bihotzak itzaltzen dizkie, zirkulutan dabiltzanei. Horixe da aipatzen ari naizen basoa. Eta oraindik han nago, dagoeneko oin bat kanpoan izan arren. Laster irtetea lortuko ahal dut! Goian eguzkia izango ahal da!

Nire zalantzek haize hotza dute lagun. Orain gorantz noa. Norberak bere buruaren aurrean kontu hauek baztertzen ditu. Guztia argitzen beste pauso bat eta beste bat, eta beste pauso bakar bat gehiago ematean.

Gero eta aire gutxiago dago eta horrek eragiten du nigan hitzen ordez arnas hartzeko gogo bizia piztea. Hemen, azkarrenak ere ez dira ezer. Beste zomorro bitxi batzuk besterik ez. Baina nire barruan, oraindik geratzen zaidan adore hondarrak, obsesio antzeko batek jarraitzea agintzen dit. Uzteak oso gaizki utziko ninduke: altxorrik handiena lortu nahi denean bertan behera uztea zorigaiztokoen artean okerrena izatea da; baita huts egitea ere. Horregatik, lainoen atzetik finkatzen dut begirada, gailurra agertzen den lekuan. Ez dago hori baino garaiagorik. Geldi, bare, iraunkor. Baita urrun eta isil ere, irudipen baten antzera... Baina zalantza horrek ere ez nau geldiaraziko, nire indarrek beste baten aginduak betetzen baitituzte. Eta lortzen badut: bakardadea, hotza edo horretarako hitzik aurkitzen ez dudan zerbait.

Nire bihotzak atzean utzi ditu gorrotoa eta beldurra. Orain dirdira egiten du, gainerakoa ahazteko eskatuz, guztia hutsala baita bera gabe. Nire buruak ikusten duen gauza bakarra hauxe da, laino horiek ekaitza iragartzen dutela; hobe dela beheratzea blai eginda bukatu nahi ez badut. Sentitzen dut. Ibiltzen jarraitzen dut horretan pentsatzen ari naizen bitartean. Niretzat garrantzizkoa izan daitekeena arriskutan dago. Altuera honetatik, basoaren eta lainoaren erdibidean, diren bezala agertzen dira zuhaitzak: orban txikiak itsaso baten barruan. Guztiak ainguratuta norbere bizitzaratzetik. Euskarritzat hartu ditudan harriak: ibili beharreko bidea beheratzeko ahalbiderik gabe.

...Eta haize-boladak erauzten dituen argiune laburren artean, nire boten azpian, harri-kristal txiki-txikiak sortzen hasten dira. Liluratu egiten naute. Ikusi izan dut baten bat beheran, azoka txikietan, eta beste handiago batzuk bitxi-dendetan. Gogoan dut, gainera, baten bat gordeta dudala nire idazmahaiaren kaxoiren batean edo, auskalo. Izan ere, une batez gelditzeko tentazioa sentitzen dut, eta harri-kristal horiez poltsikoa betetzeko. Ikusten ari naizena egiazta lezakete. Nire ustez hasiera batean handikeria zena, baliteke haientzat edertasuna izatea. Orain badakit ez batak ez besteak ez duela axola. Goian dagoen ezerezera iristeak bakarrik.

Orduan, haizea elkartu egiten da beheratzen hasia den lainoarekin. Gutxinaka inguratzen ari zait. Hasieran boladatan. Geroxeago horma bihurtzen den mantu batez estaltzen du guztia. Behin hemen izanez gero, lehertu egiten dira zalantzak eta errealitate berri batean eteten da. Itotzen ninduen bakardade hori baretasun bihurtzen da. Orainaldia besterik ez. Orain ez dago beste ezer. Oraindik ez dakit norbaiti merezi ote dion horrelakorik. Hala eta guztiz ere, hona bat baino gehiago igoko zela pentsatzen dut, baita harago ere. Eta haietako bakoitzak bakardade berri hau eraman duela, arazten zaituena eta ezerez handi bati lotzen zaituena. Jadanik Gabriel ez da nire izena. Airea naizela sentitzen dut, gorputz hau zeharkatzen ari den bitartean. Espazio berri bat. Birjina, zapaltzen duena edozein izanik ere. Beti. Bakoitzarentzat.

Goraxeago lainoa bere zentzua galtzen ari da. Kristalak izotz-kandela bihurtzen ari dira, jadanik nonahi dagoen aire baten haitz artean babestuz. Orain ulertzen dut horiek hartzeak arrastaka eraman beharreko pisua dela. Daramatena besterik ez. Inork ez dit sinestuko. Inoiz hona iritsi zirenek eta argi honek itsututa utzi zituenek beharbada. Neu ez naiz beharrezkoa jada. Pixka bat gehiago. Ez da asko falta. Azkeneko lainoak, orain arinak, gailur orbangabearen aurrean alderatzen dira. Elurrak kupula hura osatzen duten morrena ilunak zikintzen ditu.

Ez dezagun gure burua engainatu. Nire buruari begiratzen diot eta lur jota nago. Aurpegia hotzez irakiten daukat. Oinak, duela tarte bat ez ditudala sentitu ere egiten. Neuk aukeratu dut hau. Jaisten naizenean goian jarraitzea espero dut. Inork ez dezala sinetsi gehiago denik. Nahiago nuke beste pertsona bat izan banitz, eta etxean geratu izan banitz; gauza hauek kontatuko lizkidakeena beste norbait izan balitz, broma batzuen eta ardo batzuen ondoren, ohera joan izan banitz, horrekin amets eginez eta ibilaldia egin izan ez banu. Ametsetan dena da posible.

Gabriel Díaz, 1999ko azaroa.

Eskerrak eman nahi dizkiet erakusketa hau posible egin duten guztiei. Javier-i eta Guggenheim Bilbao Museoari bertan parte hartzera gonbidatzeagatik. Salvador Díaz Galeriari. Laureano-ri eta Juan-i airearen printzipioak erakusteagatik. Granjako beira-eskolari eta Antonio-ri bere laguntza estimatuagatik. Vilma-ri eta Gonzalo-ri ere horrexeagatik. Azkenik, Rafael-i eta jarraitzera animatu nauten guztiei.

[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]