Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

katalogoa

Javier Pérez. Pertzepzioaren arkitekturak

Javier González de Durana

Izenburua:
Javier Pérez. Pertzepzioaren arkitekturak
Egilea:
Javier González de Durana
Argitalpena:
Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
Neurriak:
34 x 23,5 cm
Orrialdeak:
368
ISBN:
84-95216-08-6
Lege gordailua:
NA 905-2000
Erakusketa:
Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
Gaiak:
Gizakia | Artea eta espazioa | Espazioa | Emozioa | Pertzepzioa | Sentimenduak
Aipatutako artistak:
Pérez, Javier

Eugenio Montale-ren poema bitxi batek “beirazko airean"1 dabilen bati buruz hitz egiten du. Olerki atmosferiko bat da, ez subjekturik, ez objekturik ez eta paisajerik ere ez duena. Olerki honetan, haize hotzaren gardentasun kristalinoa bizi da, argitasun hutsa izanik irrealtasun efektu arraroa sorrarazten duena. Airea/beira da funtsezkoa den gauza bakarra eta eszenatokia garden bihurtzen du, desagerrarazi arte edo, hobeto esanda, hutsunean esekita utzi arte. Poesia —bisuala nahiz literarioa—, batzuetan, bere inguruan eta aztertzen dituen gaien inguruan lausotze antzeko zerbait eragiteko gai da, bere inguruan dagoena hutsal bihurtuz. Une horietan, erakutsitako edo iradokitako espazioaren —irreala, denboraz kanpokoa— esperientzia subjektiboa mundu objektiboaren esperientziatik aldentzen da, eta per se inposatzen da, gaueko iluntasunean bezala, loaldian zehar, drogen bidez…

Pertzepzioaren eta oroimenaren arteko nahasketa ohikoa da egoera onirikoetan: ametsetan ez dakigu “ikusten” duguna lehen aldiz agertzen zaigun ala dagoeneko ezagutzen dugun zerbait den, eta zehazkabetasunez ezartzen ditugu behatzailearen eta behatutako objektuen arteko korrespondentziak. Horrelako zerbait gertatzen da Franz Kafka-k deskribatutako eszenatokietan. Bere liburuetan, arkitekturak (eraikin batek) edo elementu arkitektoniko batek (eskailera batek) larritu egiten gaituzte itzelak eta badaezpadakoak direlako, baina, batez ere, denboraz kanpo daudelako, espazio batzuek eragiten duten atsekabe eta errutina amaigabeengatik, pertsonaien bizitzetan egunerokoak, etxekoak nahiz lanekoak badira ere.

Javier Pérez-ek sortutako espazioak, beren lekuak (oin batzuetarako, mugitzen ari den gizabanako batentzako nahiz esparru baten barruan dagoen talde batentzako) Montaleren beirazko gardentasunaren eta Kafkaren kezka larriaren osagai dira. Kasu zehatzen batean, bere obrak lehenengoaren pentsamendu poetikoaren materializazio doi-doia ematen du; beste kasuren batean, bigarrenaren hiri mutanteak eta zorigabekoak ibiltari baten aurpegiaren itxura hartzen du, “enperadorearen mezu bat” eramango lukeen ibiltari batena.

Pérezen eta Pragako idazlearen irudipenen arteko kointzidentzia begien bistakoa da, loalditik esna-aldirako igarobidean bezala, eskailera bat igo ahala bere mailak gure oinen azpian hazten ari direla eta igarotzen ari den denbora deusezten dela gure barruan bat-batean sentitzen dugunean, edota “milurteetan zehar” patioak eta jauregiak zeharkatzen ari garela uste dugun egoeretan bezala. Halaber, kafkiar leinu puruenetik sortua da paretak igotzen diharduen gizabanakoa, betiere beste pareta bat, eta beste bat, eta horrela, hurrenez hurren gainditu behar duela konturatzeko, aurrerapen ukigarririk antzeman gabe, amildegian ez erortzearren, egun monotono eta errukigabeek gupidagabe eta nahi gabe indarberritzeko ahaleginetan kontsumitzen duten bitartean. Lekurik ez duen denboraren metafora escheriarra alegia, mugimendua bera ez den beste helbururik gabeko etengabeko mugimenduarena, onurarik gabeko esfortzuarena eta helmugarik ez duen ihesarena, atsedenik gabe, etxe-xede aukeraturik eta berariazkorik gabe.

Nonbait bizi izatea gizakiak berezkoa duen ezaugarria da, baina ez dago bizilekurik bertan erabateko atsedena hartzeko. Norbera izatea lortu ahal izateko fabrikatutako leku bat hartzea ez dagokio gizakiaren izateari eta Babel dugu horren testigantza. Pentsatzea eta eraikitzea, Eskilo-tik Heidegger-era, behin betiko hirugarren batera eraman beharko gintuzten bi ekintza dira: nonbait bizi izatea, hau da, bizileku argi batean ezartzea, norbera izatea gabeziarik eta beldurrik gabe, zorioneko egoera batera heltzea, lurrean paradisua berreskuratzea bezalako zerbait.

Dena den, Kafkaren arabera, diseinuaren eta fabrikazioaren prozesu hori gordeleku bihurtzeraino iritsi da, non bere obra labirintikoarekin pozik dagoen satorra bertan preso geratu baita eta, gainera (labirintoa zalantzan dagoenaren aberria da), erabat salbu sentitzea lortu gabe. Eraikuntzan erabilitako energia guztia ez da nahikoa. Benetan nonbait bizitze hori ezinezkoa da. Etxe egonkorrenak dardar egiten du, etorkizunerako eraikitako eraikina ezegonkor jaiotzen da, paretak gardenak dira eta berehalako eraispena iragartzen duen zarata sorrak ziurgabetasun ezkutuenak ere astintzen ditu. Litekeena da Babelek horrela dardara egitea Nahastea sortu baino segundu batzuk lehenago. Dorrearen eraikuntzak, zerurantz, eta gordelekuaren eraikuntzak, sakontasunerantz, berdintsu bukatu zuten, haien sustatzaileak beren baitan preso geratuz, batzuk beren hizkuntzetan, pentsamoldeetan, eta beste batzuk beren lurrazpiko hiriarekin ezarritako lotura bihurrian, bertan bizitzeko moduan. Erdian, eraikitzeko modua dago, kondena, ihesbideari edota ahalbideari aurre egiteko geratzen zaigun esperimentu bakar gisa, ahalbide hori lekuen lekua eraikitzea dela, aleph borgiarra eraikitzea dela, edota errealitatea hipotesi eta proiektu berriekin eraikitzea dela, immanente denetik urrun, batzuk besteekin erlazionatzen gaituzten esperientzietatik gertu.

Frank Gehry-k Pragan altxatutako etxeak arkitektura kafkiarra duela esan genezake. Daniel Libeskind-en Berlingo Jewish Museum-a bezala, Gehryk Pragan eraikitako obratik hiriaren lehenaldiaren eta bertako biztanleentzako etorkizun posiblearen artean ezarri duen lotura nabarmen daiteke. Eraikuntzak egoerak komunikatzen ditu denboran. Kristalezko eskailerak bezala, espazioan zehar eskailera-begiak bateginik —goialdea behealdearekin, iluntasuna argitasunarekin lotuz— eta gizabanakoa ezinezko ibilbidearekin aurrez aurre jarriz, eraikitzearen behin betiko ekintza pertzepzioari bide ematen dion komunikazioa da, etxearen eta eskaileraren garapenetik eta formatik harantz. Baldintza hori gabe, bizitzeko den lekua poetikoki bakarrik pentsa eta senti daiteke, ordea ezin daiteke benetan bizi eta nabaritu.

[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]

Oharrak

  1. Forse un mattino andando in un’aria di vetro”. Ossi di seppia, 1925, Tutte le poesie obran, Giorgio Zampa-ren zuzendaritzapean (Arnoldo Mondadori Editore S.p.A., Milan, 1984), 42. or. [itzuli]