Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

katalogoa

Puzzlearen eraikitzea. Testuinguruak, testuak eta proiektuaren eskemak

Francisco Ruiz de Infante

Izenburua:
Puzzlearen eraikitzea. Testuinguruak, testuak eta proiektuaren eskemak
Egilea:
Francisco Ruiz de Infante
Argitalpena:
Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
Neurriak:
34 x 23,5 cm
Orrialdeak:
368
ISBN:
84-95216-08-6
Lege gordailua:
NA 905-2000
Erakusketa:
Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
Gaiak:
Gizakia | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta pertzepzioa | Artea eta politika | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Euskal Herria | Dualtasuna | Sentimenduak | Gogoeta | Komunikazioa
Artelan motak:
Ikus-entzunezkoa | Instalazioa

Nahasmenerako espazioetan bizitzen: Eraiki eta Suntsitu

1. Nire lanak (filmeak eta instalazioak) ikusleek zeharkatu beharreko sekuentzia edo etapez osatutako egitura batetik abiatzen dira, pista-joko bitxi bat osatuz.

Lan bat osatzeko modu hau, “haurtasunera itzularazten gaituzten” egoerak (sentiarazten diguten arriskua eta gugan pizten dituzten mekanismo subkontzienteak direla medio) beren testuingurutik at ateratzen dituen mundu-ikuskera formalki eta tematikoki batera biltzeko saiakerari erantzunez sortu zen.

Nire azken lanetan, gure “ikuskizunen gizarte” honetako “askatasun elkarreragilea”ren (hau ere “haurtasunera itzularazten gaituena”) hainbat formen inguruko hausnarketak proposatzen dira. Lan berri bakoitza “zapping”aren tekniketan oinarritutako testuinguru baten isla gisa (ironiko edo serioa) eraikia dago: itxuraz kontrol arina (“light”) duen gizarte batean sortutako arau zorrotzeko “joko elkarreragilea” itxuratuz.

2. Nire egitasmo ia guzti-guztietan ikuslea lanaren zati eta partaidea izaten da, eta ez soilik lana “begiratu” eta “aztertzen” duen kanpo-osagaia. “Ikusle-aktore” hauen presentzia ezinbestekoa da. Haien “egitekoa” nabarmena da guztiz, bai mekanismoren bat eragin eta “beharrezko” bihurtzen duelako, bai bere jarrerarekin eta gorputzarekin (mugimendua duen gizakia, dela aldez aurretik iragarri daitekeena edo iragarri ezinekoa) lana osatzen duelako, gainerako ikusleen begiradaren aurrean.

3. Puzzlearen eraikitzea izeneko triptikoak, izatez kontraesankorrak ez diren bi kontzeptu, eraikitzea eta suntsitzea alegia, hautemateko sekuentziazko ibilbidea itxuratzen du.

Nire ideiak instalazio-serietan (proiektu bereko guneak edo etapak) gauzatzeak barreiadura eragiteko arriskua dauka, zalantzarik gabe, baina era berean, ikusleei “hautematearen bidezko abentura” bizitzeko aukera ematen die. Eta abentura horretan ibilbide guztiak hartzen dira aintzakotzat. Obrako hiru “etapak” zeharkatzean, gizakion zenbait “senen” inguruko gogoeta egiteko aukera izan dezazuela espero dut. Izan ere, sena horiek ezinezkoaren ideia gure jardunaren motore gisa (helburu gisa baino) mantentzeko beharra berresten baitute:

– “Eraiki eta suntsitzeko ezinbesteko premia” bizirauteko sen gisa.

– “Kontrolarekiko lilurapena” existitzeko sen arriskutsu gisa.

– “Sabotajearen premia”…

Tokian bertan egin beharreko esku-hartze baterako testuinguruko ezaugarri nabariak:

• Guggenheim Bilbao Museoa Bilbon eraikia dago (Euskal Herriko hiri batean), garai hartan eskain zezakeenaren premiarik ez zuen ekonomiaren “bihozgabekeriak” suntsitutako industrialde baten aztarnen gainean zehazkiago esanda. Hainbat urteetan zehar, ingurune honetan izandako borroka gogorrek asaldatu egin izan dute itsasadarra delakoa zeharkatzen zuten zubietako zirkulazioa. Langileek harriz josi zituzten errepideak, beren helburu utopikoaren eraikuntza agerikoa egin nahian edo.

• Gaur egungo Euskal Herria duela hamarkada askoz geroztik borborka bizi den oinarri sozial, politiko eta kultural baten gainean eraikia dago. Ezegonkortasun honek erkidegoaren hainbat zutoin suntsitzen dituen indarkeria-agerraldiak eragin izan ditu eta eragiten ditu. Suntsiketa basati hauek, batzuetan oso basatiak eta bestetan ez hainbeste, beste zutoin batzuk eraiki eta sorrarazi dituzte. Eta eraikitze eta suntsitze hauen bilakaera, helburutzat utopia bat izateari buruz ari zaigu, testuinguru sismiko batean.

• Guggenheim Bilbao Museoaren eraikinaren zati handi bat titanioz estalia dago. Material hau, bere izenak berak agerian uzten duenez, titanikoa da bere ezaugarriei dagokionez, azken batean, utopikoki suntsiezina, beraz.

Tximistaz Zauritutako Dorrea erakusketa Babelgo idealaz mintzo zaizkigun kontzeptuzko osagaietatik abiatuta eratua dago (ideal hura gure komunikazio–aro honetara egokitu ondoren entzun daitezkeen oihartzun positibo eta negatibo guztiekin).

• Euskal Herrian aspaldiko hizkuntza bat mintzo da, eta hizkuntza honek isilpekoren batek adinako mirespen ikaragarria sortzen du kanpotar guztien artean. Mirespen horren erantzuna, ezin eutsizko errepresio-premia izan da hainbat testuinguru historiko eta politikotan.

1. Puzzlea

• Itzalpean eta itxuraz hutsik dagoen areto handia.

• Diapositibak proiektatzeko zortzi makina sabaitik zintzilikatuta daude (hainbat altuera eta inklinaziotan), intsektu bereziez osatutako hodei bat itxuratuz.

• Lan hau inoren presentzia hautemateko zortzi zelulaz osatutako sistema batez hornitua dago, eta ikusleak kokatzen diren tokiaren arabera, proiektoreak piztu edo itzali egingo dira zelula horiek eraginda.

• Honela bada, “ezkutuan” dagoen irudia zatika ikusi ahal izango da ikusleren bat aretoan sartu eta zelulek igorritako izpi infragorriren batekin topo eginez gero.

• Irudia “osorik” ikusteko (hau da, zortzi proiekzioen batura), ikusleak aretoko gune zehatz batean kokatu beharko du edo, bestela, zortzi ikusle zelulen izpietako bakoitzarekin topo egin beharko dute.

2. Balen kontrako metala (tailerra)

• Instalazio hau bi ateko (sartzekoa bata eta irtetekoa bestea) oin laukizuzeneko areto batean eta areto horretatik abiatuta eratua dago. Ateek sistema hidrauliko soila darabilte, beren itxiera “automatiko” motela eragiteko.

• Lau hormak eta sabaia, isolatzaile termiko eta akustiko batez estaliak daude. Material futurista honek areagotu egiten du instalazioko argia, “areto hermetiko eta blindatu” baten itxura emanez.

• Gela honetan, bi aulki eta bi mahai daude, gela bitan banatuz. Mahaien gainean “anplifikatzeko makinak” kokatu dira, hau da, erasorako eta babeserako gailu txiki batzuk.

• Aurrez aurre dauden bi hormatan bi irudi “simetriko” handi proiektatzen dira.

• Armak probatzeko laborategia edo joko arriskutsuetarako eremua. Balen aurkako metala izeneko lan honetan, bi “lanpostu” edo “saiakuntza-banku” proposatzen zaizkigu, biak ere irudien eta soinuaren erabileratik sortutako energia simetrikoak (baina aldi berean antagonikoak) dituztenak.

3. Sabotajea (ezinbesteko galderak)

• Guggenheim Bilbao Museoko lan-eremua: 303. aretoko “sail” txiki bat eta 305. aretorako korridoreko zati bat.

• Bertan zenbait aulki daude, ikusleei aretoa etengabe “zaintzen” ari diren segurtasun-langileen “itxaronaldi aktiboa”rekin bat egiteko aukera emateko. (Hirugarren solairuko eraikina husteko eremuan gaude).

• Lan honen gailu tekniko guztiak (elektrikoak eta entzunezkoak) ageri-agerian daude.

• Instalazio honen soinua zortzi kanal sinkronizatuz eta espazializatuz osatzen da. Eta bertan, ahotsek informazioa trukatu egiten dute, eta eraikineko segurtasun-sistema ulertzeko edota kontrolatzeko edota saboteatzeko erantzun beharreko galderak proposatzen dituzte, modu polifonikoan.

[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]