katalogoa
Leopoldo Ferrán & Agustina Otero. Garbitasun lohitua
Javier González de Durana
- Izenburua:
- Leopoldo Ferrán & Agustina Otero. Garbitasun lohitua
- Egilea:
- Javier González de Durana
- Argitalpena:
- Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
- Neurriak:
- 34 x 23,5 cm
- Orrialdeak:
- 368
- ISBN:
- 84-95216-08-6
- Lege gordailua:
- NA 905-2000
- Erakusketa:
- Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
- Gaiak:
- Gizakia | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Psikologia | Emozioa | Sentimenduak | Gogoeta
- Artelan motak:
- Bideoa
- Aipatutako artistak:
- Ferrán, Leopoldo | Otero, Agustina
Pozik uzten ez gaituzten erantzunak ez dira ezinezko galderei emandakoak, betiko inkognitak erabat inoiz argitzen ez dituztenak baizik, hain zuzen ere beti berdin formulatu izan direnak eta garai bakoitzean antzeko erantzunak jaso dituztenak, oso bestelakoak diren hitzen eta argumentuen bidez izan bada ere.
Tolesgabe izatea ezjakina izatea da eta, horregatik, galdera guztiek dute xalotasun-motaren baten galera sorburutzat, esaterako paradisuaren, haurtzaroaren, maitasunaren, bizitzaren… xalotasuna. Izan ere, arrazoi horregatik dago gizakia ondo gaituta bere buruari buruzko galdera zehatzak formulatzeko: bere existentzia urratu bizi bat da, aho zabalik uzten gaituzten aurkikuntzen sekuentzia kateatua. Aitzitik, gizabanakoa ez da gai bere etengabeko iluntasunerako argi irmo bat aurkitzeko, txikia izan arren. Ilunpean noraezean ibili ahal izateko egiten dituen konponketek, patu hobera zuzentzetik urrun, bere behin-behinekotasuna agerian uzteko besterik ez dute balio, bere inguruan duen bakardadea, eta beste bakuntasun baten haustura: ezagutzarena. Erruduntasuna galera horien guztien emaitza gisa sortzen da, eta delituaren bila jaurtitzen du erruduna. Zigorra hutsegitea bilatzen saiatzen da; kaiola bere txoriaren bila hasten da.
Ferrán-en & Otero-ren lanak, orokorrean, elkarren artean oso ezberdinak diren tekniken bidez eginak daude, bideotik hasi eta burdinurturaino, zur landugabetik edo kobre leundutik igaroz, baina ia guztietan eskuz egindako lanaren eragin handia antzematen da, kontrajarrita, beren baitan biltzen dituzten antagonia kontzeptualekin elkarrizketan. Esaterako, egitura hauskor bat, egurrez osatua, gurutzatzen diren eta benetan anitzak diren norabideetara zuzentzen diren bideak sortuz... azken helmugarik gabe; kobrezko gainazal leun eta uhindun bat, bere gainean kandela batzuk flotatzen antzeman daitezkeela, urre koloreko argi mistikoa emanez... hutsunerantz. Gizabanakoa aukera anitzen aurrean kokatzen da askatasunez hautatzeko, baina aukera horietatik batek ere ez du leku egonkor batean ezartzen; harantzago ikusi ahal izateko argi artifizialez hornitu arren, bere txundidura argitu besterik ez du lortzen. Guztia da edo alegoria, edo harridura.
Gizaki teknologikoa naturan barneratzen eta bere osagai izaten saiatzen da, paisajearekin bat eginik; etengabeko porrotek ez diote kalte egiten Sisifo-ren kondena izatera iritsi daitekeen borondate horretan. Artean, zientzian edota beste edozein arlotan buru-belarri lan egiten denean, jarduera hori batek sakratutzat jotzen duen horren faktore erabakigarri bihurtzen da azkenean. Gizakien zientziak apala izan behar du dakienari dagokionez eta ez du sinetsi behar benetan erantzun bat ere ezagutzen duenik, baina ezezaguna dena egunen batean zertan den jakingo duela sinetsi behar du ordea, noizbait argitu egin baitaiteke. Gizakien ustez, oraingo hutsegiteen eta inkogniten aurrean, merezi du behin eta berriro jakin nahi izatea, fikzioen horma zeharkatzea, hau da, ez dela alferrikakoa aurrera jarraitzeko ahaleginak egitea eta zer materiarekin egina dagoen ez dakigun errealitate zurrunaren aurka esfortzu itzelak egitea. “Zertarako hainbeste esfortzu?” —esan genezake Sisifo camusiarrarekin batera—. “Zeini eta zeri buruz esan dezaket “Ezagutzen dut!?” Nire bihotza senti dezaket eta existitzen dela iritzi, (baina) hortxe bukatzen da nire zientzia, eta gainerakoa eraikuntza da”. Planteamendu zientifikoekin lan egiten duten pertsonak harro agertzen dira bihar jakin ahal izango denari dagokionez, baina jarrera apala erakusten ez badute gaur ezagutzen duten gutxi horri dagokionez, arriskuan daude beren lurralde sakratua beren adimenentzako erotzeko moduko kartzela bihurtzeko.
Liburuek ezagutza adierazten dute, baina, benetan dira ezagutza edo behin behineko trikimailuak? Jakituria adierazten dute, baina ez dute jakituria izan beharrik, ez baitute beti horrelakorik biltzen. Hontzak ere ezagutza adierazten du eta Goya-k airean bizkor hegan eginez irudikatu zuen, hegoak zabalik, arrazoiak munstroekin amets egiten zuen bitartean. Liburuak, lotsagabekeriaz zabalik, beren edukiak ahalik eta gehien teinkatuta, zurruntzen gaituen eta non eutsi bila ari den ziurgabetasunak neurriz gain baloratzen dituela, gure hontza bereziak dira. Animalien larruz egindako liburuak; zer garen jakiten saiatzeko pergaminoak, gerora, gure antzutasunetik zerbait ateratzearren: Kafka-k zioen bezala, liburuak zeio bat izan behar du gure barruan dagoen itsaso izoztuarentzat. Gure ametsetan agertzen diren munstroek betiko formak dituzte; gogo biziz bila ari garen ezagutza, berriz, gure helmenetik urrun dago, altuera ideializatu batean, alegia.
Altuera horretara igotzeak liburua fabrikatzera ez ezik, maldak, tramankuluak eta eraikin konplexuak eraikitzera behartzen gaitu —ezagutza ideiala lortu nahian dabilen ezagutza zientifikoa—, eta horiek, betiko itzuleraren paradoxa, hasierako egoera berera eramaten gaituzte. Gure araketa guztiaren amaiera, zioen T. S. Eliot-ek, gure abiapuntura iristea eta leku hori lehen aldiz ezagutzea izango da. Eraikuntza horiek duten gauzarik onena beren isiltasuna dela konturatzen garen bitartean, gugan bihurka dabilen ente baten existentziarekin egiten dugu topo, gogo biziz eta nekaezin, babesik ezaren azalpenaren bila bizitzaren lotura perfektua (arrautza) erasotu eta bere garbitasuna suntsitzen du.
[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]