Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

katalogoa

Mabi Revuelta. Larruazala eta emankortasunaren hizkuntza

Javier González de Durana

Izenburua:
Mabi Revuelta. Larruazala eta emankortasunaren hizkuntza
Egilea:
Javier González de Durana
Argitalpena:
Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
Neurriak:
34 x 23,5 cm
Orrialdeak:
368
ISBN:
84-95216-08-6
Lege gordailua:
NA 905-2000
Erakusketa:
Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
Gaiak:
Gizakia | Bizitza | Generoa eta sexualitatea | Giza gorputza | Giza harremanak | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Sentimenduak
Aipatutako artistak:
Revuelta, Mabi

Larruazala gorputzen kanpoko muga da. Bere atzean gizabanako berezia aurkitzen da, bere errealitate fisikoa organismo bizi gisa eta nola jardun agintzen dion adimen gisa. Beraz, larruazalak materia eta izpiritua hartzen ditu bere baitan; garrantzi handiagoa duen konplexu aktibo baten gainazaleko estalkia da, ordea, ezkutuan egotean, enigmatiko, nahasi eta, neurri batean, barneraezin agertzen zaigu. Bestea, gure alboan bizi den ezezagun hori, beti dago larruazalen baten atzean eta, bere burutzapenak alde batera utzita, gainazal hori da, hain zuzen, bere benetako existentziatik ikusten dugun guztia. Zuzentzen duen adimena enigma bat izan daiteke guretzat urteak eta urteak elkarrekin bizi ondoren, baina beti ber-ezagutzen dugu bere izenean agertzen zaigun larruazala, nahiz eta ez gutxitan bere ekintzak kontraesanean jartzen dituen itxurarekin. Larruazalaren mintz horrek ezkutuko izaki bat gordetzen du, baita babestu ere. Larruazala muga anbiguo bat da, horma bat bezain irmoa eta sendoa ordea, non keinuen hizkuntzaz hitz egiten den, nahiz eta bere ulergarritasunari eta zentzuari inoiz ere ez zaion ziur harrera egiten.

Horregatik, bestearen larruazala zeharkatzea eta bere gorputzean barneratzea jabetza sexualaren berariazko ekintza da, baina baita, sinbolikoki eta hedaduraz, bizi-eremukoa ere. Gizaki baten larruazala zeharkatzeak, odolak ihes egingo duen zulo bat irekiz, gizaki horrek indarra galtzea eragin dezake aurrena eta bere bizitza galtzea hurrena. Aitzitik, bestearen gorputza irekitzeak jariakin seminala sartzeko emankor bihurtu eta bizitza sorraraz dezake. Odola eta semena gorputzak sortutako likidoak dira eta, larruazalarekiko darien moduaren arabera, bizitza sor edo ken dezakete.

Mabi Revuelta-ren lanak oso modu sotilean daude larruazalari lotuak. Hasteko, begien bistakoa da batzuk lumez (ostrukarenak) eta artilez (mohairra) eraikiak daudela, eta beste batzuetan pergamino-paper moduko bat erabiltzen duela bere gainean kiribildutako harizpi luze-luzeak irmo marrazteko, zati batean ilez estalitako giza larruazalaren itxura emanez. Hala eta guztiz ere, bigarren irakurketa sakonago batean, Revueltaren lanek agerian uzten dituzte sakrifizioaren eta emankortasunaren inguruko ideiekiko lotura estuak, eta hauek, aldi berean, larruazalaren funtzioari eta bere erabilerei estu lotuta agertuz.

Oparotasunaren eta emankortasunaren erritoetan, euriak lurra intseminatzea lortu nahi da, zeru-maskulinoa lur-femeninoarekin mistikoki ezkontzea, alegia. Emankortasuna sustatzen duen lotura hori ezartzeko deia danborren hizkuntzaz egiten da, eta danbor horiek larruazal teinkatuak dira. Larruazala aldeen arteko bitartekaria da, bien hizkuntza erabiltzen duen tresna, zerua eta lurra lotzen dituena. Kanpaien aurretik, gizakiaren eta naturaz gaindiko indarren arteko komunikazioa danbor sakratuen gainean zabaldutako larruen bidez lortzen zen, tribuen hizkuntzaren erritmoaz airean trumoi antzo entzunez.

Emankortasunari dei egitean, aldi berean, sakrifizio bat egin ohi zen, normalean burua moztea, larrutzea edo buru-azala kentzea. Abereak hiltzean (idiak), burua eta larruazala izan ohi ziren xedea. Gizakien kasuan, zirkuntzisioak mutila (emankorra ez dena) gizon (emankorra) bihurtzeko larrutze-ekintza gisa dirau. Larruazalaren eskaintzak sendatzeko balio du, hau da, heriotzetik ihes egiteko. “Larruz aldatzea” edo “larrua kentzea”, erritmo nahasien arabera, sakrifizio-ekintza bat da bizi-indarrak berritzeko edo berreskuratzeko. Urtero sugeak larrua aldatzen du eta horri eskerrak ziurtzat jotzen dugu animalia hori hilezkorra dela, gizakiak gogo biziz lortu nahi duen eta beste izaki bizidun batzuek dutela suposatzen duen ezinezko helburua. Lumez landutako larru beltz handi bat formarik gabeko fluido baten antzera zabaltzen da ertzetatik eta zurrunbilo baten antzera amiltzen da bainuontzi baten forman txertatutako zulo batean barrena, giza gorputzen epidermisa garbitzeko erabiltzen den lekua izanik. Hobiaren ziurtasunik ezak, lohiaren trinkotasunak, mugen aurrerapen malkarrak, eskulekuen metalezko kontrapuntuak... giza zuku eta plasma ezkutuen hizkuntza ilunaz hitz egiten dute. Hustubideetatik ihes egiten dute gure fluxu ilunenek eta larrua garbitzea funtsezko muda berekin ekarriko duen aldaketa dermikoaren antzeko zerbait izatea lortu nahi dugu eta, hala, bestelako batzuk izateko aukera izatea, ez garen horren itxura hartzeko, baina —gogo bizi iluna— izatea lortu nahi genukeena izateko. Medusa-ren adatsak, izan ere, narrasti-mordo bat ziren, eta kiribil bakoitza, suge bat, beraz, bere larruazala berritzen duen animalia. Harri eta zur uzten gaituen bere begirada gure begirada erakartzen duen eta sakontasunerantz zuzentzen duen zulo higienikoaren antzekoa da.

Esnea funtsezko elikagaia da. Semena esne emankorra da eta barrabilak, dagozkion organo ugaltzaileak, zezenei mozten zaien zatia, antzutasunaren truke beren larruazala sakrifiziozko eskaintza bihur dadin. Airean flotatzen bi esne-tanta daude, gizonezkoen organo genitalen metaforak, zeinak hutsak egotean organo agortuen larruazala besterik ez dira; baina, hala eta guztiz ere, zeru-lur emankortasunaren hizkuntzaz hitz egiten duten danborren baliokide dira. Ernalketarik gabeko ugalketa gerta al daiteke? Eba iritsi aurretik Adam hermafrodita al zen? Lilith bueltatu da. Frankenstein klonatzaile batek bidea eskatzen du berriro ere. Zein forma hartuta iraun dezakegu bizirik? Gorria eta beltza, odola eta larruazala, maskulinoa eta femeninoa. Larruazal horrek oparotasuna eta lurreko ondasunak lortzen ditu, zirkuntzisioaren erritoan bezala, zerbait edo norbait bere larruazaletik ateratzea funtsezko sakrifizioa eskaintzea baita.

[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]