Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

katalogoa

Francisco Ruiz de Infante. Obscura securitas

Javier González de Durana

Izenburua:
Francisco Ruiz de Infante. Obscura securitas
Egilea:
Javier González de Durana
Argitalpena:
Nafarroa: Industrias Gráficas Castuera, 2000
Neurriak:
34 x 23,5 cm
Orrialdeak:
368
ISBN:
84-95216-08-6
Lege gordailua:
NA 905-2000
Erakusketa:
Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat
Gaiak:
Gizakia | Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Psikologia | Emozioa | Sentimenduak | Gogoeta
Aipatutako artistak:
Ruiz de Infante, Francisco

Edozein zeregini ekiteko garaian, edozein gizabanakok segurtasuna behar du bere gaitasunetan, bere indarra edo bere adimena behar izango dituenean horiek eraginkortasunez erantzungo diotelako uste sendoa. Ondo daki horrela bakarrik lortu ahal izango dituela ezarritako helburuak.

Ordenaren zorroztasunak eta desordenaren nahasteak mehatxatuta, zer gara segurtasun hori gabe? Akaso bere gabeziak helbururik gabeko subjektu bihurtzen gaitu, itsututa, noraezean, gorabehera askoko patu batera zuzenduta, batzuetan, gure buruaren gainean argi bat oparituz eta, beste batzuetan, laino itxia?

Segurtasun ezak gizatasuna kentzen digu, subjektua instintuen erreinurantz hurbiltzen du, piztia bihurtzen gaitu; gizakia galzoria arrazionalizatzeko gaitasunen jabe da, bai eta arriskuekin ituntzeko eta energiak aurrezteko ere; animaliak, aitzitik, bere harrapariekin negoziatzeko gai ez denez, etengabeko jazarpena sentitzen du, alarma frenetikoan, segurtasunik gabe. Gizakia berdintsu bizi bada horrek esan nahi du ez duela bere inguruan gertatzen dena kontrolatzea lortu. Dudatsua izateak babesik gabe egotea eragiten al digu ala alderantziz? Zer ideia arrarok pentsarazten digu arriskutsua ez den ezerk ez gaituela mehatxatzen museo baten barrualdean distraituta gabiltzan bitartean? Gure etxean babestuta sentitzen gara bere mugen barruan gertatzen dena kontrolatzen dugulako, baina zergatik sentitu beharko genuke gauza bera museo batean, kontuan izanik geu garela kontrolatuak segurtasun artistikoaren aitzakiarekin?

Seguru sentitzea babeserako ditugun gaitasunen kaudimenari buruzko sinesmenen bat baldin bada —zuzen ala oker egon arren—, sentimendu hori beharbada larruazal psikologiko antzeko zerbait bailitzan hartu beharko genuke, gure gorputzaren eta ideien hauskortasuna babesten duen estalki ikusezin antzeko bat. Azken finean, zer esan nahi dute zehazki segurtasun, babes eta kontrol hitzek?

Babelen inguruko historiak erabateko segurtasunaren eredua adierazten du babesari dagokionez —zerutik datorren balizko bigarren Uholde baten aurrean eta sakabanatzeko arriskuaren aurrean— eta eraikuntza lanean diharduen populazioaren kontrolari dagokionez.

Konfiantza segurtasunetik eratortzen den aldartea da. Bere aurrean, arriskuen artean aurrez ikusten ez diren mehatxuak bailiran, traizioa eta sabotajea sortzen dira. Lehena giza errenkaden barruan sortzen da, bai eta burututako kontrolaren urritasun gisa ere; bigarrena kanpotik dator (batzuetan, barruan infiltratu diren bosgarren zutabekoen laguntzaz) eta bere zeregina babeserako eta biziraupenerako sistemen kolapsoa eragitea da. Baina, Babelera itzuliz, akaso ez al zen YHWH izan historian ezagutu den lehenengo saboteadorea, Dorrearen amaiera zapuztean? Ez al da egia, bere esku sartzeagatik, ordura arte elkartua zegoen herri bat sakabanatua geratu zela eta une

hartatik aurrera elkarren artean etsaitzat hartzen hasi ziren kolektibitateetan banandu zirela, eta horrekin mesfidantza agerrarazi zuela eta, ondorioz, traizioa?

Gizabanako bereziarengan, segurtasun pertsonala goiz agertzen da, haurtzaroan alegia, amak (erabateko babesa) aitaren erreklamazioei arreta egiten diela eta, haurrak aldi baterako bakarrik uzten duela antzeman bezain laster. Gizadiaren historia mitikoan ere, segurtasun eza lehenengo orduetan sortzen da, zeru-aitak (1) lur-ama edenikotik gizona kanporatzen duen uneetan, (2) lur hori urpetzen duenean bertako biztanleak itoaraziz, eta (3) eraikuntza geldiarazten duenean, bertatik ateratzen diren materialez egina eta bere gainazalean sortua.

Francisco Ruiz de Infante-k sortutako espazioak, orokorrean, desorientazioa, galera, ezegonkortasuna eta nahastea bezalako kontzeptuei lotuak agertu ohi dira. Horietan, zaratek aztoratu egiten gaituzte, irudiak lauso agertzen dira, erraz sartzen gara, zailtasunez ibiltzen gara eta horietatik zorabiatuta irteten gara. Batzuetan, lehenaldi baten oroimenak antzematen dira –haurtzaroa eta adoleszentzia—, hain zuzen ere segurtasun ezaren halako sentimenduen jatorria kokatuko litzatekeen lekua.

Arma-tailerra babeserako eta erasorako tresnak lantzen diren lekua da, bai eta, metalezko larru batez babestuta, fabrikatzailearen gerizpea ere. Armek irmotasun gabezia posiblea betetzen dute, erabat edo neurri batean, baina beren presentziak dakarren ezkutuko biolentzia kontrajarritako bi egoeren artean ibili ohi da, elkar deuseztu eta ukatzen duten egoerak: nire babesa zure babesik ezatik dator, zure menperatzea nire segurtasuna da, nire kontrola zure pertsonaren gainean burutzen dut, nire aterpe zuriak zure bizileku beltza eskatzen du. Gure asmoetan simetriko, hauxe bakarrik geratzen da: zu nor zaren eta ni nor naizen asmatzea —ziurgabetasun gorena—.

Norbera zein den galdera argitzeko erabakigarria da norbere lasaitasunerako; beharrezkoa da zer zaren eta norekin zauden jakitea zeren eta, zalantzen testuinguru batean auto-defentsaren bila ari zarenean, norbera sistemarekiko traidorea izan baitaiteke, bere saboteadore inkontziente eta txunditua, bere presentziarekin elkartasunaren eta osotasunaren edozein ideia suntsitzen duena, alegia. Jakina, ezinezkoa da ideia hori pertsonen artean gauzatzea: abstrakzio gisa bakarrik existitzen da, berau behatzeko edota gauzatzeari ekiteko inor ez dagoenean.

Babelen ez omen zen Dorrea ebakuatzeko planik, sabotaje kasurik gertatuz gero. Beharbada izango zen, baina litekeena da inork ez ulertzea zegokion hizkuntza berrian, litekeena baita ahaztutako hizkuntzan idatzita egotea. Segurtasunaren inguruko edozein proiektuk norbanakoaren ebakuazio-sistema bat eskatzen du; galdera hauxe da: norantz?

[Itzultzailea: BITEZ, S. L.]