Edukira zuzenean joan

Bill Viola: atzera begirakoa

katalogoa

Sarrera. Pentsamendua, gogoeta, sinesmena

John G. Hanhardt; Kira Perov-ek editatua

Izenburua:
Sarrera. Pentsamendua, gogoeta, sinesmena
Egilea:
John G. Hanhardt; Kira Perov-ek editatua
Argitalpena:
Bilbo: Museo Guggenheim Bilbao; La Fábrica, 2017
Neurriak:
22 x 14 cm
Orrialdeak:
99 or.
ISBN:
978-84-16248-77-3
Lege gordailua:
M-3279-2017
Erakusketa:
Bill Viola: atzera begirakoa
Gaiak:
Gizakia | Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Estetika | Lan intelektuala | Soinua | Erlijioa | Espiritualtasuna | Natura | Pentsamendua | Pertzepzioa
Artelan motak:
Bideoa | Instalazioa | Performance
Aipatutako artistak:
Viola, Bill

Pertzepzioaren ateak garbi baleude, orduan, den bezalakoa agertuko litzaioke gizonari den-dena, infinitua.
—William Blake, hemen aipatua: Bill Viola, koadernoa, 1979

Irudimena, infinituarekiko lotura gisa.
—Bill Viola, idatziak, orri solteak, ca. 1976

[…] begiratu besterik ez duzu egin behar. Eta horixe egin genuen.
—Kira Perov, 2008

 

Irudi mugikorrak gaur egungo artean artista-baliabide gisa duen nagusitasunak historia luzea du, XIX. mende bukaeran zinema garatzearekin hasi eta XX. mendearen erdialdean jarraitu baitzuen, bideoaren baliabide elektronikoaren hazkundearekin. Gaur egun, ikus-entzunezkoen arteek, interneten eta askotariko plataforma digitalen bitartez, eragina dute irudi mugikorren sormenean eta banaketan. Museoak, galeriak, nazioarteko arte-azokak eta bildumagileak aintzat hartzen ari dira bai historia luze hori eta bai bideoa arte garaikidearen formatzat tankeratu zuten artista nagusiak. Bideora eta telebistara lehenik jo zuten artista aitzindarien artean, inork ez zuen izan Nam June Paik (1932–2006) korearrak baino itzal handiagorik, haren idatziek eta irakaspenek, bideo-zinta multzo harrigarriek, eskulturek, instalazioek eta telebista-produkzioek izugarrizko eragina izan baitzuten. Ikus-entzunezko teknologia berriek XX. mende bukaerako eta gaur egungo artearen historian izan duten hazkundeak irudi mugikorren presentzia zabaltzeko aukerak eskaini zizkien Paiken eredu goiztiarrak inspiratutako artista-belaunaldiei. Paik inspirazio iturritzat izan zuten artista-belaunaldientzat, teknologia berrien hazkuntzak aukera ematen zuen mugimendudun irudiak XX. mende amaierako eta gaur egungo artearen historian zuen presentzia zabaltzeko.

Bill Viola da Nam June Paiken ondorengo belaunaldiko artista nagusia. Haren lan multzo anbiziotsu eta eredugarriak inguratzen gaituen munduaren gainean dugun ulermena zabaltzeko bide gisa esploratzen du mugimendudun irudia. Viola mundu osoko artearen, kulturaren eta erlijioen historian inspiratu izan da, gure bizitzaren eta ingurunearen edertasuna, misterioa eta espiritualtasuna goraipatzen duen obra multzo indartsu bat sortzeko. Enkarguekin, atzera begirako erakusketekin eta bakarkako erakustaldiekin ohoratu izan dute, hamaika diru-laguntza eta sari jaso ditu, eta galeria nagusiak dira haren ordezkariak. Haren obra museo eta galeria pribatu gailenetan dago. Kira Perov, Violaren emaztea eta laguntzaile artistikoa, izan da zuzendaria haren artelanak gauzatzerakoan —asko eta asko eskala txit handikoak—, eta produzitu diren erakusketa eta katalogo ugarien ekoizpena gidatu du. Perov Australian jaio zen, eta 1978an New Yorken elkartu zen Violarekin, hura Melbourneko La Trobe Unibertsitatera bere obra erakustera gonbidatu eta handik urtebetera. Harrezkero, elkarrekin bidaiatu eta lan egin dute. Violak ezin izango zuen berak lortutakoa erdietsi Kiroven laguntza eta sormen-ekarpena gabe. Arte garaikideko bikote bikainenetako bat da.

Monografia hau Violaren lorpen artistiko paregabe eta bereizgarriaren aitorpen bat da: alde batetik, pertzepzioaren fenomenologiaren esplorazio bat gorpuzten du, eta, bestetik, giza izatearenganako sentiberatasun eta enpatia sen handia adierazten du. Haren koadernoetan islatuta dago hori, Violaren sormen-pentsaera gehiena bezala. Aipa nezake, adibidez, Rumi, XIII. mendeko poeta, teologo eta mistiko sufiaz Violak egiten duen aipamena:“BERE BAITARA BEGIRATZEN DUEN HAREN ZERBITZARIA NAUZU”1. Norberaren aztertze aktibo hori da Violaren lorpena bereizten duena, besteen bizitzekiko erantzukizunaren eta haiek aintzat hartzearen dimentsio etikoarekin batera.

Nire gogoetek narrazio-hari bati jarraitzen diote; Violaren artegintzari atzera begiratu nionean, artistarekin elkarrizketak izan, haren koadernoak berrirakurri eta haren pieza oraintsukoenak ikusi nituenean hasi zen hori tankera hartzen. Konturatu nintzen bazegoela pentsamenduaren eta haren azpian zetzan espiritualtasunaren jarraitasun bat, mugimendudun irudiaren lanketa ikuspegia blaitzen eta tankeratzen zuena. “Presence and Absence: Vision and the Invisible in the Media Age” testuan, Ryokan-en (1758–1831) aipamena egiten du Violak; Zen poeta hura aberastasunean jaio baina bizimodu hura utzi eta monasterio batera aldatu zen, eta, gerora, leku menditsu batera erretiratu eta han txabola batean bakarrik bizi izan zen hogeita hamabost urtez. Hark isolamenduan idatzitako poemen gaineko gogoetan, Violak hau dio: “olerki horien zerarik bereziena, eta behar bezala aintzat hartu ez dena, da inspirazioa eta ekintza, pertzepzioa eta gogoeta bat direla”2. Bizitza sentsoriala nahiz esperientzia elkarri estu lotuta irudikatzen du Violaren arteak. Haren arteari darion indarra iruditeria figuratibo sotil baina ikusgarri baten bidez azaleratzen da, zeinak Violaren inguruan existitzen den guztia hartzen baitu bere baitan: haren etxe, egunkari pertsonal (haren koadernoak) eta liburutegitik hasi eta kanpoaldeko naturaraino.

Argi dago niretzat Violaren azken kanal bakarreko bideo-zintek eta instalazioek haren hasierako obra dakartela gogora, munduaren ikuspen berriak sortzen dituen elkarren arteko interakzio etengabean. Agertuz doan prozesu bat finkatzen du Violak bere artelanean, ikuslea mugimendudun irudiarekin elkarrizketatzera erakartzen duena. Bere liburutegi pertsonala osatu eta transzendentzian sineste bat gorpuzten duten poeta eta mistiko bisionarioak islatzen ditu Violaren arteak. Aldi berean, bere obrak presentzia nabarmena ematen dio denborari, eta XX. mendeko fikzioa eta poesia modernoa eraldatu zuen kontzientzia-jarioaren estilo literarioaren itxuraldatze-taktikak gogorarazten ditu. Violaren arteak ez du iragana irudikatzeko xederik; aitzitik, kanal bakarreko haren bideo-zintek eta instalazioek orainaldian bizi izandako bizitza irudikatzen dute.

Violarentzat garrantzitsuak diren hainbat kontu humanistiko eta teologikoren inguruan ardaztu dut saiakera hau, behin eta berriz agertzen baitira haren bideo eta instalazioetan. Egitura lineal bati jarraitu baino, haren obraren azterketan zehar espiralean ibiltzeko moduan antolatu dut saiakera hau, haren hasierako bideoak haren oraintsuenekoen artera ekarrita, eta behin eta berriz itzulita —Violak berak egiten duen bezala— ideia giltzarri batzuetara. Horien artean daude giza gorputza, espiritualtasuna eta transzendentzia; naturako indarrak eta zikloak, jaiotza, bizitza, heriotza eta oroimena; eta, modu orokorragoan, Violak ideia horiek etengabe erabiltzeko modua, bideoak berak bitarteko gisa duen potentziala lantzeko. Liburuko koda Martiriak (lurra, airea, sua, ura) [Martyrs (Earth, Air, Fire, Water), 2014] artelanari eskainia dago; Londresko St. Paul katedralak enkargatutako lan horrek martiriak bere sinesmenaren sendotasunaren bitartez lortutako erredentzioa ikertzen du, eta Violaren beraren sinesmenaren estetika apartaren erredentzio-indarra gogorarazten digu.

Pentsamendua, gogoeta eta sinesmena berriz aipatuko ditudan hitzak dira, historian eta belaunaldietan zehar mintzatuko den estetika bat lantzeko artistaren nahia ikertzerakoan. Pentsatzeko eta ikusteko aurretikako moduak berreskuratzeari dagokio “pentsamendua”, artistak Berpizkundeko artean, Paleolitikoko haitzuloetako pinturetan, mistizismo kristauan eta islamikoan, eta Asiako poesian eta filosofian zehar egindako ikerketaren gidaritzapean. Prozesu hau “gogoeta”ren baitan kokatuta dago, norberaren gogoeta eta irekitasun espirituala gorpuzten duen arte-sorkuntzan, alegia. “Sinesmenak” biei eusten die, “pentsamenduari” eta “gogoetari”; horrela, sinesten dugunaren indar teologikoa adierazteko modu bat bilatzen du artistak. Garbi geratu zait nola egituratzen duen pentsamendu, gogoeta eta sinesmen prozesu horrek Violak artista gisa egin zuen agerraldia. Berarekin hizketan, gogoeta hau egin zuen: ibaiak historiaren jarioa eta jarraitutasuna adierazten du. Jakinduria, hark aditzera eman zidanez, “isurian doan ura” bezalakoa zen, “korronte nagusira jauzi egiten dugu eta harekin batera goaz”. Violak metafora bidez adierazten du ibaia dela “aurrera garamatzan bizi-indarra, baina ez dakigu nora […] prozesu honen misterioa[gatik]”3.

Soinua funtsezko elementua da Violaren instalazioetan eta kanal bakarreko bideo-zintetan. Musika-tresnak eta konposizio-estrategiak asmatzea hasieratik izan zen Viola bideoartista gisa agertu izana tankeratu zuen arte-sormen prozesuaren adibide bat. Soinua sortzeko eta konposatzeko teknika berriak eta musika-tresnetarako baliabideak garatzea David Tudor (1926–1996) estatubatuar piano-jotzaile eta konposatzailearen lanaren funtsezko zati bat izan zen, eta horrek Violaren soinu eta bideoartista lana bera tankeratu eta inspiratu zuen. 1973an, Sirakusako Unibertsitatean ikasten ari zela, Violak Tudoren Baso tropikala IV (Rainforest IV) soinu-instalazio sonatuan parte hartu zuen Sirakusako Everson Museum of Art-en, New York estatuan. John Cagerekin batera, Tudorek funtsezko zeregina izan zuen musikaren ideia zabaltzen, audioa bere dimentsio guztietan esploratuz. Hona zer izan zen Baso tropikala IV instalazioan lan egin izanaren esperientzia Violarentzat:“ziur asko, izan dudan esperientziarik bikainena, nire begi-belarriak hotsaren mundu ikusezinera irekitzearen aldetik”4. Chocorua ’73-n, New Hampshire-n, garatutako Tudoren performanceak/instalazioak eskuz egindako audio-ekipo multzo handi bat zuen, sintetizadoreak eta audio-analizagailuak, batetik, transmisoreak eta transduktoreak, bestetik, mahai eta objektu zintzilikatuen artean mugitzen ziren gizabanakoek manipulatzen zituztenak. Performancea hedatu eta garatu egiten zen, seinale-konbinazioek transduktoreen eta objektu haien gainalde bibratzaileen interakziotik ateratako soinu-“baso” bat sortu ahala. Graduatu ondoren, Viola biran joan zen Baso tropikala IV instalazioarekin, eta askotan aritu zen bere soinu-lanekin, Festival d’Automne-en, Paris, eta Für Augen und Ohren-en, Akademie der Kunst, Berlinen. Kawaji Onsen-en, Japonian, soinu-ingurune bat sortu zuen mendialdeko ibai-uberka batean Fujiko Nakaya japoniar artistak egindako laino-eskulturarako. Baso tropikala IV eredu bihurtu zen Violak bideoa nola birlandu zuen sumatzeko, soinua eta irudia grabatzeko eta manipulatzeko ikusmen- eta entzumen-tresna gisa. Garrantzitsua da Baso tropikala IIV gogoratzea ez bakarrik Violak bideoarekiko zuen hasierako konpromisoan izan zuen inpaktuagatik, baita ere Violak gerora musikarekin eginiko lanagatik ere, besteak beste, Edgar Varèse frantses konpositorearekin (Violaren [Basamortuak, 1994]); Trent Reznor-ekin, Nine Inch Nails estatubatuar rock talde industrialekoarekin (Reznoren Fragility Tour v2.0, 2000, birarako); eta Richard Wagnerekin (Violaren lau orduko bideoa, Tristan und Isolde, 2004–05, operarako). Violak musika klasikoan eta modernoan zuen interesak Kira Peroven eragina jaso zuen hasieran, eta, Peter Sellars Wagneren produkzioaren zuzendariarena, gero.

Violak ibaia erabiltzen zuen denboraren, historiaren eta esperientziaren jario etengabea bistaratzeko; metafora hori zabaldu egin zen berak “zurrunbiloetako ur geldia” deitzen ziona esploratzeko, hala izendatzen baitzituen erlijio eta kultura joera nagusietatik kanpoko ibaiadarrak eta mugimenduak. Hori argi eta garbi gelditzen da haren Koadernoetan, Proiektu-liburuetan eta Lan-liburuetan; unibertsitateko lehenengo urteetan hasi zituen horiek, eta gaur egun ere haiek betetzen segitzen du diagrama teknikoekin eta orobat era askotako pentsalari eta artisten aipamenekin, ikus-entzunezkoen bitartekoak eskaintzen dituen posibilitateei Violak duen begiratzeko modua argi eta garbi tankeratu duten haiekin, alegia. Violaren idatziak funtsezkoak dira haren sormen-prozesuan eta estetikarekin eta historiarekin duen konpromiso intelektualean.

Haren idatzien bitartez, jarraitu dezakegu nola tratatzen duen Violak, beranduko lan batzuetan, ibaia eta ura adimenaren eta gogo-aldarteen metafora bisualtzat hartzen dituen kontzeptua, hala nola Lo daudenak (The Sleepers, 1992), Bidegurutzea (The Crossing, 1996) eta Bost aingeru milurterako (Five Angels for the Millennium, 2001). Violaren idazkera arretatsu eta zehatzaren bidez emandako erreferentzien eta ideien mapa bat eskaintzen dute koadernoek. Marrazkiek eta planoek erakusten dute nola zertzen eta tankeratzen diren artelan jakin batzuen forma eta eduki bisuala. 1970eko urteetan bereziki, soinu-eskulturen marrazki ederrak sortzeari eman zitzaion batik bat Viola, eta haietariko batzuk, hala nola Pasilloko nodoak (Hallway Nodes, 1973), eta Bertute misteriotsua (The Mysterious Virtue, 1974), beranduago produzitu eta eman ziren jendaurrean.

Koadernoetako orrialdeetan zehar, aise segi daiteke zer-nolako interesa duen Violak familiako eta haurtzaroko oroitzapenen bitartez adierazten den tradizioan eta bizitzaren jarraitasunean. Violak maiz kontatzen du Ise-ko (Japonia) santutegi bikainaren historia, zeina antzinako jarraibide zehatzen arabera berreraikitzen baita hogei urtean behin, aldameneko leku batean, meditazio, berritze eta gordetze prozesu jarraitu baten baitan. Tradizioa arte-molde eta oroitzapen sakratu bat gordetzeko nahiz tankeratzeko bitartekotzat duen ikuspegia ondo islatzen du Iseko santutegi biziak. Santutegiaren hilezkortasuna haren etengabeko berreraikitzean datza, ibaia bere isuri jarraituaren indarrean bizi den bezalaxe. Violarentzat, aldaketak berak ematen dio bere jarraitutasuna denborari.

Violak bere artean gorputzaren esperientzia aditzera emateko eta barne sentimenduak adierazteko duen interesa munduko erlijioak eta haien testu espiritualak ikertu izanetik datorkio. Aldi berean, barne sentimendu espiritual eta narrazio teologiko horiek bisualki aditzera emateko eta adierazteko munduko arteak sortutako tradizio ugariek liluratuta zeukaten Viola. Denboraren gauzatzea eta arte eta historiako irudien tratamendua Agurra (The Greeting) bezalako instalazioetan nabarmendu zen lehendabizikoz. Pieza horretan, benetako denboran 45 segundo irauten duen ekintza bat taularatzen du, baina 10 minutu baino gehiagoz hedatzen du. Agurra Pontormoren Ikustaldia (1528–29) margolan manieristan inspiratuta dago; Violak arte-liburu batean erreproduzitua ikusi eta ezin izan zuen burutik kendu. 1995ean sortu zuen Violak Agurra; Veneziako 46. Bienalerako AEBko Pabiloirako bost instalazio berrietako bat zen. Antzezleak elkar besarkatzeko mugitu ahala, haien emozioak zabaldu egiten dira denboran zehar, haien keinu eta mugimenduak gradualki agertzen diren neurrian. Lorpen estetiko historikoez eta munduko kultura eta ideiez Violak eginiko gogoetaren adibide goiztiar bat da Agurra, eta ezaugarri ugari uztartzen ditu aldi berean: piktorikoa da konposizioan, eskulturala irudiei egiten dien tratamenduan, eta zinematografikoa haren presentzian.

Interesgarria da jarraitzea nola sortzen duen Violak obra espazioari erantzunez edo nola kokatzen dituen instalazioak ingurune desberdinetan. Bi kasuotan, obraren esperientzia bisual sakonaren hala konplexutasuna nola gardentasuna nabarmentzen ditu artistaren ikuspegiak. Violak oreka bat lortzen du obraren estetikaren eta erakusketa-espazioaren eskari formalen artean; instalazioak oihartzun berri bat hartzen du espazioaren barruan eta obrak eraldatu egiten du espazioa. Lehenengo kasua 1986an gertatu zen, San Joan Gurutzekoarentzat gela (Room for St. John of the Cross, 1983) eta Etxe huts batean atea jotzeko arrazoiak (Reasons for Knocking at an Empty House, 1982) Frantzian erakutsi zirenean, La Chartreuse-n, Villeneuve-lez-Avignon-en. Beste adibide batzuk dira Bidegurutzea, 1996an Parisko Saint-Louis de la Salpetrière-ko kaperarako sortua; Mezularia (The Messenger) instalazioa, urte berean Durhamgo katedralean, Ingalaterran; eta Bost aingeru milurterako piezaren bertsio handitu bat Alemaniako Gasometer Oberhausen-erako, 2003an; eta Martiriak (Martyrs) St. Paul katedralean, 2014an. Arte arduradun gisa betetzen zuen zeregin ezin baliotsuagoan, Perovek ekarpen bereziki garrantzitsua egin du obrak lekuekin sentiberatasunez kidetzerakoan. Leku bakoitzak kontakizun desberdin bat kontatzen du eta une desberdin bat markatzen du Violaren ibilbidean.

Artearen ideal humanistikoek dimentsio berri bat hartzen dute Violaren bideoartean: aintzat hartzen ditu munduko erlijio handiekin eta arte-forma eta kultura-jarduera tradizionaletan adierazita dagoen humanismo sakonarekin lotura estua duten arte bisualaren eta musikaren tradizioak. Gizadiarentzat itxaropena eta herriaren berezko ontasunean sineste bat aditzera ematen du Violaren arteak, eta sineste hori giza irudimenaren tarte historikoan adierazita ikusten du berak, Lascaux-eko (Frantzia) haitzuloetatik italiar Berpizkundeko katedraletaraino.

Denboraren ikerketa honetara eta espiritualtasunez blaitutako estetika batera Viola nola iritsi zen XX. mende bukaerako artearen kontakizunik handienetako bat da. Bideoarenganako haren interesarekin eta gorputzaren fenomenologian oinarrituriko arte-jardunarekin hasi zen; fenomenologia hori mugitu egin zen pertzepzioaren eta errepresentazioaren ekintzatik denboraltasuna gogoratzeraino, denboraltasuna “gorputza” gorpuztek baliabide gisa ulertuta. Violaren iruditeria mugikorra mistizismoan oinarrituta dago, eta estrategia horrek Pierre Hadot frantses filosofoaren “gogo-jardunak” gogorarazten ditu. Hau idatzi zuen Hadotek: “Oraingo uneari arreta jartzeak kontzientzia-kosmikora iristea ahalbidetzen digu, une bakoitzaren balio infinitoari erne egonarazi eta bizitzaren une bakoitza kosmosaren lege unibertsalaren ikuspuntutik onarrarazten gaituelako”5. Une bakoitzean ipiniz arreta, Violak estetika bat azera ematen du, zeinaren xedez nahi baitu igo “gizabanakoa bizi-baldintza aizun batetik —oharkabetasunak ilundua eta kezkak estutua egotetik— bizi-egoera benetako batera; bertan iritsiko du bere buruaren kontzientzia, munduaren ikuspegi zehatz bat, barne bakea eta askatasuna”6.

Bere artearen gogo-jardunen bitartez, Violak boladak igaro izan ditu monje budistekin, munduan zehar bidaiatu du, eta, batez ere, interes handi-handia izan du Rumi poetarengan eta Seyyed Hossein Nasr adituaren mistizismo islamikoari buruzko idatzi zabaletan. Violaren 2002ko Proiektu- Liburuko Nasren aipamen batek honela dio: “Objektu materialak konkretua denarekin eta kontzeptu mentalak abstraktua denarekin identifikatzeak, plano fisikoan bertan formak materiarekiko duen garrantzia suntsitzea ekarri du, bai eta gorpuztasunak eta korporaltasunak jakintza-iturri gisa duten garrantzia ezereztu ere”7. Baieztapen horrek adierazten du Violak errepresentazioari buruzko tradizio eta diskurtso klasikoetan jarria duela arreta, modernitateak —psikoanalisian murgilduz— eta postmordernismoak —estrategia autoerreferentzialak azpimarratuz— arteaz gogoeta egiteko erari atxikia egoteari baino. Nasren tradizio klasikoaren barruan aurkitzen ditu Violak gure garaian oraindik ere garrantzia duten misterioak, haien urgentzia eta anbiguotasun osoan ezagutzera eman nahi dituenak.

[Itzultzailea: Jon Muñoz.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Rumi, hemen aipatua: Bill Violak, Koadernoko sarrera, 1977ko martxoa. [itzuli]
  2. (Koadernoa, 1977ko martxoak 2–1978ko urtarrilak 29), liburu honetan erreproduzitua (okerreko datarekin): Robert Violette eta Bill Viola (arg.), Bill Viola, Reasons for Knocking at an Empty House: Writings 1973–1994, Londres: Thames & Hudson Anthony d’Offay Gallery-rekin batera, 1995, 27. or.; jatorrizkoan letra larriz. [itzuli]
  1. Bill Viola,“Presence and Absence: Vision and the Invisible in the Media Age,” Tanner Lecture on Human Values, The University of Utah, 2007ko martxoak 7, transkripzioa, 21. or. [itzuli]
  2. Bill Viola, egileak eginiko elkarrizketa, Long Beach, Kalifornia, 2013ko abuztuak 9. [itzuli]
  3. Bill Viola, hemen: Bill Viola: Going Forth By Day, erakusketako katalogoa, Berlin eta New York: Deutsche Bank eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, 2002, 100. or. [itzuli]
  4. Pierre Hadot, Philosophy as a Way of Life: Spiritual Exercises from Socrates to Foucault, arg. Arnold I. Davidson, itzulp. Michael Chase, Oxford: Blackwell, 1995, 85. or; jatorrizkoan  azpimarratua. [itzuli]
  5. Ibid., 83. or. [itzuli]
  6. S. H. Nasr,“Traditional Art as a Fountain of Knowledge and Grace”, hemen: Knowledge and the Sacred, Albany, New York: State University of New York Press, 1989, 262. Or. [itzuli]