Edukira zuzenean joan

Bill Viola: atzera begirakoa

katalogoa

Koda. Martiriak

John G. Hanhardt; Kira Perov-ek editatua

Izenburua:
Koda. Martiriak
Egilea:
John G. Hanhardt; Kira Perov-ek editatua
Argitalpena:
Bilbo: Museo Guggenheim Bilbao; La Fábrica, 2017
Neurriak:
22 x 14 cm
Orrialdeak:
99 or.
ISBN:
978-84-16248-77-3
Lege gordailua:
M-3279-2017
Erakusketa:
Bill Viola: atzera begirakoa
Gaiak:
Denbora | Erlijioa | Espiritualtasuna
Artelan motak:
Instalazioa
Aipatutako artistak:
Viola, Bill

Saiakera honen hasieran, Bill Violaren artea bere buruaren gogoeta-prozesu baten gorpuzte gisa definitu dut, giza espiritua artearen bitartez berritzeko bilaketa gisa. Bidaia horretako hasierako saiakeretan bideratutako gogoetetan Violak bideoa gorputzaren mugimenduetan sakonago begiratzeko bitarteko gisa baliatu zuen; urteen joanean, aitzitik, giza adierazpidearen poetika bat aditzera emateko modu bilakatu da. 2014an, haren obrak gorengo puntu bat iritsi zuen Martiriak (lurra, airea, sua, ura) [Martyrs (Earth, Air, Fire, Water)] burutu zuenean, Londresko St. Paul katedralaren enkarguz. 2014ko maiatzean inauguratutako instalazio hori Perovekin elkarlan estuan sortu zen; izan ere, emakume horren sormen-ekarpena etengabe zabalduz joan da Violarekin lanean aritu den urteetan zehar. St. Paulerako egindako proiektu horrek —Martiriak piezari kideko beste obra bat erantsi zitzaion 2016an, Maria (Mary)— hamar urtetik gorako eztabaida eta plangintza behar izan zuen. Arte garaikidearen lorpenik handienetako bat den obra multzo baten gailurrean dago Martiriak, nolabait, eta Violaren eta Peroven etorkizuneko lanaren gainean begirada bat eskaintzen du.

Testuinguruak, St. Paul katedralak, eta bizi ditugun garaiak ezaugarritzen dute Martiriak. Intolerantziaren, errepresioaren eta indarkeriaren aurrean fededunak duen erresilientziaren adierazpen sakon gisako bat da martiria erlijio guztietan. Martiritza kristauaren errepresentazio bisuala mendebaldeko artearen historiaren zati garrantzitsu bat da. Elizabeth A. Castelli estatubatuar teologoaren hitzetan, “iragan erabilgarri” eta “tradizio bizi” bilakatzen da martirien historia komunitate kristauentzat1. Santu torturatuen eszena ikonikoek giza espirituaren duintasuna gorpuzten dute, umiliazio fisikoa eta tortura gainditzen eta transzenditzen dutelako. Mendez mende eta mundu osoan zehar, jendeak pertsekuzioari aurre egin behar izan dio beren sineste erlijioso nahiz politikoengatik. Obra jendeari lehenbizikoz erakutsi zitzaionean, Evensong esaten zaion arratsaldeko otoitza bitartean, St. Pauleko erretore Mark Oakley-k hau galdetu zuen:“Martiriak ikusi eta geure bizitzei erreparaturik, zerengatik emango genuke bizia? Fedea, justizia, kontzientzia, maite dugun jendea?”. “Itxaropena dut”, ohartarazten du Violak,“ obra hauetako iruditeriak eta gaiek, bideo-mintzaira garaikidean inskribatuta daudenez, katedrala bisitatzen duen artean esperientzia bisual interesgarri bat eskainiko diotela jendeari, baina baita gaur egungo munduan izugarri garrantzitsua eta premiazkoa den auzi bati hobeto heltzeko gaitasuna ere”2.

Martiriak eratzen duten lau panelak katedraleko hegoaldeko koruan kokatuta daude, Violaren arabera, “jendea habeartean zenbat eta gehiago barruratu, jokabide desberdin bat, gogoetatsuago bat, eskatzen duen espazioan orduan eta sakonago konprometitzen ari direlako sentipena eragiteko haiengan”3. Garrantzitsua da iruditeriari ez erreparatzea, Castelli-ren hitzetan, “‘martiriaren’ beraren sakrifizioaren dimentsioari garrantzi handiegia emanez”, horren ondorioz gertatuko bailitzateke “ezerezte bat, besteren sufrimendua aintzat hartzeko aukera modu arriskutsuan eklipsatuko lukeena”4. Perovek lau elementuez —lurra, airea, sua eta ura— egiten duen erabilera lagungarria da “heriotzatik argirako martiriaren pasabidearen ordurik ilunena”5 irudikatzeko behar duen sinbolismoari irtenbidea aurkitzeko. Lau elementu horiek baliatzeak, halaber, sufrimenduaren eta transzendentziaren adierazpen unibertsal bat sortzen du, kultura eta sineste guztietan garrantzitsua dena. Obrako lau paneletako bakoitzean, giza irudi bakarti bati erasotzen zaio: lehenengoa lurrez estalia dago; bigarrena, haizeak astindua; hirugarrena, suak hartua; eta laugarrena, urak irentsia. Isilik pairatzen dute beren sufrimendua, eta beren sinesteen indarraren bitartez askatzea lortzen dutenean —erasoarekiko sorgor bihurtzen direnean— erredentzioa lortzen dute.

Sir Christopher Wren-en espazio sakratuan kokatuta dauden arren, Violaren eta Peroven irudi sakratuak ez dira saiatzen Erdi Aroko indarkeria grafikoaren ikonografia berregiten; horren ordez, sinesmenaren estetika baten erredentzio-indarra gogorarazten digute. Sakrifizioak giza irudimenean duen rola berreskuratzen du Violak, hura giza transformaziorantzako bide bihurtuz. Martiriak instalazioaren erakarpen liluragarria bere konposizioan eta irudi mugikor gisa denboran zehar erakusten den eran datza. Garatzen ari diren istorio hauetan mugimendudun irudiek, gertaera jakin bat baino, mundu guztiari mintzo zaion birkontaketa errepresentatzen dute, transzendentziaren gauzatze funtsezkoa diren aldetik. Argiaren erabilera delikatuak zehazturik eta moldaturik, giza irudi aldakorra denboran zehar erakusten du panel bakoitzak. Atzealde ilunak argitasuna ematen dio ekintzaren bisualizazio dinamikoari; jantziak eta objektuak, berriz, giza irudia eta eszenako zikloetan zeharreko aldaketak nabarmentzeko diseinatuta daude. Irudien manipulazio digitalak xehetasun bakoitza kontrolatzen du; “Airea”ren panelean, adibidez, emakumearen eskuak ikusten ditugu bera lotuta daukaten soka askatzen, eta emakumea espazioan zintzilik geratzen da, libre. Violak bideoaren baliabideaz duen eskarmentua eta lurraren, suaren eta uraren kolorea eta mugimendua tratatzeko dituen moduak, martiria astintzen duen haizeaz egiten duen materializazioarekin batera, tentsio dramatikoa eransten du, eta panel bakoitzean ikusten dugun sakrifizio bakoitza askapen eta berpizte bihurtzen da azkenean.

Katedral denboragabe honetan denbora presentzia nabarmen bilakatzeko moduan konposatuta dago Martiriak. Pantailetan agertzen den martiritzak bizia ematen dio giza irudi bakoitzari, errebelazioari zabaltze bat iradokitzen duten ekintzak ikusleak ikusi eta bereganatu egiten dituen neurrian. Violaren Hiru emakume (Three Women, 2008) piezan bezala, non hiru giza irudi ur-geruza batean zehar mugitzen diren ilunpeetatik koloretako orainaldi batera eta atzera berriro, Martiriak ez dago denboran izoztua, orainaldi etengabe batean ari da. Gizabanakoaren duintasunean eta hainbat sinestek eratutako komunitatean ageri da haren boterea. San Pablok korintoarrei idatzitako bigarren gutunean, Martiriak instalazioaren inaugurazioan aipatuan, ohartzen den bezala:

Baina buztinezko ontzietan daukagu altxor hau, boterearen handitasun neurriz gainekoa Jainkoarengandik baitator, eta ez gugandik. Alde guztietatik estututa gaude, baina ez zanpatuta; harrituta, baina ez etsita; jazartuta, baina ez abandonatuta; lur jota, baina ez suntsituta; gorputzean daramagu beti Jesus Jaunaren heriotzaren kondena, hala ager dadin gure gorputzean ere Jesusen bizitza. [...] Gure aldi baterako atsekabe arinean, aintzako zama eternal bat gero eta gehiago ari da gure alde; nahiz ez diegun begiratzen ikusten diren gauzei, ikusten ez direnei baizik. Ikusten diren gauzak mundutarrak dira, baina ikusten ez diren gauzak eternalak dira6.

Martiriak instalazioko giza irudiek diote: “estututa gaude, [...] baina ez zanpatuta”. Beren gorputzei eragindako ekintzak pairatzen dituzte, “aldi baterakotzat jotzen direnak”, pantailan argiztatuta, eta Izateari eta “ikusten ez diren gauzak eternalak dira” egintzari mintzo zaizkie. Esanezina denaren adierazpena —“ikusten ez diren gauzak”— Violaren denboraren poetikaren bitartez ulertzen da, gorputzaren bidez sakrifizioaren botereari adierazpena emateko baliatzen duena.

Martiriak inauguratu zenean “ikusgai dagoenaren bi poeta”ren —Bill Viola eta Kira Perov— arteko lankidetza goraipatu zuten, eta goresmena egin zitzaien “bi gizaki bikain horiei”, bai eta Violak berrogei urte lehenago hasitako sormen bilaketa eta adierazpen proiektu etengabeari7. Ikuspegi artistiko partekatu bat da, edertasuna eta espiritualtasuna aintzat hartzen dituena, munduan elkarrekin bizitzeak eta bizitzak berak sortzen dituen erronka gero eta handiagoen garaian itxaropena emateko bilaketan.

[Itzultzailea: Jon Muñoz.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Elizabeth A. Castelli, Martyrdom and Memory: Early Christian Culture Making, New York: Columbia University Press, 2004, 32. or. [itzuli]
  2. Martiriak instalazioaren inaugurazioko adierazpena, St. Paul katedrala, Londres, 2014ko maiatzak 21. [itzuli]
  3. Ibid. [itzuli]
  4. Castelli, Martyrdom and Memory, 203. or. [itzuli]
  5. Martiriak instalazioaren inaugurazioko adierazpena. [itzuli]
  6. 2 Kor. 4:7–10, 17–18. [itzuli]
  7. Martiriak instalazioaren inaugurazioko adierazpena. [itzuli]