Edukira zuzenean joan

Bill Viola: atzera begirakoa

katalogoa

Kronologia

John G. Hanhardt; Kira Perov-ek editatua

Izenburua:
Kronologia
Egilea:
John G. Hanhardt; Kira Perov-ek editatua
Argitalpena:
Bilbo: Museo Guggenheim Bilbao; La Fábrica, 2017
Neurriak:
22 x 14 cm
Orrialdeak:
99 or.
ISBN:
978-84-16248-77-3
Lege gordailua:
M-3279-2017
Erakusketa:
Bill Viola: atzera begirakoa
Gaiak:
Bill Viola
Aipatutako artistak:
Viola, Bill

1951
Flushing-en jaio zen, Queens, New York.

1960
“Telebista-brigada”ko (“TV Squad”) kapitaina, PS 20 lehen hezkuntzako eskola, Queens, New York.

1969
Sirakusako Unibertsitatean sartzen da, Sirakusa, New York; pintura eta musika elektronikoa ikasten ditu han, eta bideoa aurkitzen du unibertsitateko ikasleen zentroan. Bateria jotzen du bertako rock talde batean.

1971
Ikasketa esperimentalen programara aldatzen da, eta Jack Nelson irakaslearen gidaritzapean ikasten du; gizon hark eragin iraunkorra izango zuen Violarengan. Synapse bideo taldearen sortzaileetako bat da, eta kable bidezko telebista-sistema bat eta koloretako estudio bat instalatzen ditu Sirakusako ikasle-zentroan.

1972
Lehenengo bideo-zintak sortzen ditu, horien artean Zinta I (Tape I). Bideo-prestatzaile gisa lan egiten du Everson Museum of Art-en, Sirakusan (1972–74), David Ross, bideoartearen arte arduradunaren gidaritzapean, Nam June Paik-i, Peter Campus-i, Frank Gillette-ri eta beste artista batzuei laguntzen. Violak bideo-zinta bat [Zaldi basatiak (Wild Horses)] lehenengoz erakusten du jendaurrean “St. Jude International” talde erakusketan, Saisset Museum-en, Santa Clara Unibertsitatea, Kalifornia.

1973
Arte Ederretan graduatzen da, Ikasketa Esperimentalen arloan, College of Visual and Performing Arts-en, Sirakusako Unibertsitatea. Musika berriari buruzko udako mintegi batean izena ematen du Chocorua-n, New Hampshire; bertan, David Tudor-ekin ikasten du, eta bizitza osoko laguntasuna hasten du berekin. Halaber, Baso tropikala (Rainforest) proiektuan parte hartzen du, eta Composers Inside Electronics taldeko kide egiten da, Tudorek 1974an sortu zuen taldekoa, alegia. Instalazioen eta bideo-zinten lehenengo erakusketa: New Video Works, Everson Museum-en. Tudoren Baso tropikala IV (Rainforest IV) performancearen jendaurreko lehen emanaldia Everson Museumen. Ikus-entzunezko baliabideei buruzko bi ikastaro abian jarri eta ematen ditu College of Visual and Performing Arts-erako, Sirakusako  Unibertsitatean (1973–74).

1974
Produkzio-zuzendari teknikoa art/tapes/22-n, Florentziako bideoarte estudioan, Italia (1974–76). Hainbat artista ezagun europar eta estatubatuar ezagutzen ditu, besteak beste: Giulio Paolini, Jannis Kounellis, Mario Merz, Vito Acconci, Joan Jonas eta Terry Fox. Heriotzaren Haranean zehar bidaiatzen du, Mojave basamortua, Kalifornia; basamortuko paisaiarekin lehen topaketa honek eragin handia izango du ondorengo obran. Bideo eta soinu instalazioen bakarkako erakusketa The Kitchen-en, New York.

1975
Bob Bielecki soinu-ingeniaria eta soinu-diseinatzailea ezagutzen du; elkarlanean aritzen dira lehen proiektu batean, ur azpiko soinu-paisaia batean, Viola ZBS Media-n artista egoiliar den artean, Fort Edward-en, New York. Instalazio handiago baten lehen erakusketa Europan: Lurruna (Il Vapore), Zona artelekuan, Florentzia.

1976
Artista egoiliarra WNET/Thirteen Television Laboratory-n, New  York (1976–81); han egiten ditu bere lehen obrak irrati-telebistako teknologia abangoardistenarekin, besteak beste, konputagailu bidezko edizio-sistema garatu berriarekin; Lau abesti (Four Songs) bideo-zinta bilduma produzitzen du. Zugatik ari da negarrez (He Weeps for You) sortu zuen, zuzeneko kamerarekin egindako instalazio bat, ur tanta baten barruko irudia handitzen duena. Ozeano Bareko Hegoaldeko Salomon uharteetara bidaiatzen du musika eta dantza tradizionala grabatzera eta Moro Mugimendua dokumentatzera. Lehen bisita Japoniara. Tudoren Composers Inside Electronics taldearekin bira, John Cage-ren, Takehisa Kosugi-ren eta beste batzuen obrak joz Parisko Festival d’Automne-n.

1977
Java eta Bali eta Indonesia bisitatzen ditu, musika tradizionala eta antzezpen-arteak grabatzeko, Alex Dea etno-musikologo egoiliarrarekin lan eginez. Melbournera, Australia, bidaiatzen du, Video Spectrum erakusketarako, La Trobe University-ko jarduera kulturalen zuzendari Kira Peroven gonbidapenarekin; emakume hura Violaren emaztea eta lankidea izango da gerora. Bideo-instalazio bat aurkezten du Dokumenta 6-n, Kassel, Mendebaldeko Alemania: Zugatik ari da negarrez (He Weeps for You).

1978
Bere obra Japonian lehen aldiz aurkezteko, sinposio batean parte hartzen du Usaimena (Olfaction) izeneko performance berri batekin,“X International Open Encounter on Video Tokyo 78” topaketaren baitan, Arte eta Komunikazio Zentroak eta Tokioko Japoniako Bideo Batzordeak antolatuta, Sogetsu Kaikan, Tokio. Perov New Yorkera joaten da bizitzera, eta hark eta Violak bizitza osoko elkarlana hasten dute, elkarrekin lanean eta bidaiatzen. Perov Violaren lan eta produkzio-prozesua argazkiekin dokumentatzen hasten da.

1979
Saskatchewan-era egiten du bisita, Kanadara, neguko belardien paisaia grabatzera, eta, gero, Perovekin, Tunisiako Sahara basamortura joaten da ispilatzeak bideoz grabatzera —Chott el- Djerid (Argizko eta berozko erretratu bat) [Chott el-Djerid (A Portrait in Light and Heat)]—, bideoari egokitutako teleobjektiboak erabiliz.

Zugatik ari da negarrez (He Weeps for You) instalazioa erakusten du Museum of Modern Art-en, New York, Proiektuak (Projects) saileko zati gisa. Artista egoiliarra WXXI TV-n, Rochester, New York. Violak eta Perovek Urmael islatzailea–Lan bilduak 1977–80 (The Reflecting Pool–Collected Work–1977–80) bost bideo-zinten antologiaren zatirik handiena grabatzen dute.

1980
Perov eta Viola ezkondu egiten dira. Violak Japonia/AEB Sormenezko Arte beka eskuratzen du, eta bera eta Perov hemezortzi hilabetez bizi dira Japonian, kultura tradizionala eta bideo-teknologia aurreratua ikertzeko. Daien Tanaka Zen maisu eta margolariarekin ikasten dute; gizon hura bizi osoko maisu izan dute. Perovek hiru argazki-erakusketa egiten ditu, Tokion, Sapporon eta Nagoyan, eta Violak Selected Work, 1976–1980 erakusketa Fujiko Nakaya arduradun zen Japoniako lehen bideo-galerian, SCAN izena jarri ziona. Doinuak menditik (Tunings from the Mountain) soinu-performancea sortzen du, Kawaji laino-eskultura (Fog Sculpture Kawaji) piezarako; Nakayak Kawaji Onsen-eko “Laino, soinu eta argi jaialdia” emankizunerako sortutako aire zabaleko obra da hori.

1981
Artista egoiliarra Sony Corporation-en Atsugi ikerketa- laborategietan. Zehatz kontrolatutako denbora-egiturak eta ordenagailu bidezko edizioa duten obrak garatzen jarraitzen du, Antzinako egunak (Ancient of Days), Yasuo Shinohara Sonyko ingeniariarekin lankidetzan; Urmael islatzailea (The Reflecting Pool) bilduma osatzen du. Lehenengo saria eskuratzen du Chott el-Djerid obragatik Portopia ’81, Nazioarteko Bideoarte Jaialdian, Kobe-n. Honshu landaldean zehar, Japonian, bidaiatzen du Perovekin batera, punta-puntako teknologiako kamera batekin,

Hatsu-Yume (Lehen ametsa) [Hatsu-Yume (First Dream)] piezarako irudiak grabatzen, eta Atsugiko Sony laborategietan bukatuko du obra. Perov eta Viola Long Beach-era joaten dira, Kalifornia.

1982
Ladakh eskualderara bidaiatzen du Perovekin batera, Himalaiara, Indiako iparraldean, Tibeteko monasterio budistetako erlijioa eta errituak ikustera. Whitney Museum of American Art-ek, New York, bideo-zinten atzera-begirako erakusketa bat aurkezten du.

1983
Artista egoiliarra Memorial Medical Center-en, Long Beach, non irudiak bildu eta giza gorputzaren irudiak jasotzeko teknologiak ikertzen dituen, esaterako, Ereserkia (Anthem) piezan. Hazbete bakarreko ordenagailu bidezko Sonyren bideo-editore bat erabiltzen du, posizio gelditik abiadura handi-handirako tartean irudiaren abiadura kontrola dezakeena —Bihotzaren zientzia (Science of the Heart)—. San Joan Gurutzekoarentzat gela (Room for St. John of the Cross) instalazioa sortzen du, XVI. mendeko espainiar poeta eta mistikoaren bizitzan oinarritua. Bideo aurreratuko irakasle gisa jarduten du California Institute for the Arts-en, Valencia, AEB. Perovek Long Beach Museum of Art-entzat liburu bat osatzen du, zentro horren bideo-erakusketa eta produkzio-programaren hamar urte dokumentatzen dituena: Video: A Retrospective, 1974–1984.

1984
Animalia-kontzientziari buruzko epe luzeko proiektu bati hasiera ematen dio, eta, horretarako, hiru aste igarotzen ditu bisonte talde batekin Wind Cave parke nazionalean, Hego Dakotan, eta artista egoiliar bihurtzen da San Diegoko zooan, Kalifornian. Perovek eta Violak Fijira bidaiatzen dute su gainean ibiltzeko zeremonia hinduak ikustera eta bideoz grabatzera.

1985
Oroimenaren antzokia (The Theater of Memory), John Hanhardt-ek Whitney-ko Bienalerako enkargatutako piezak 10,5 metroko luzerako zuhaitz hil bat eta ausaz pizten-itzaltzen diren berrogeita hamar lanpara biltzen ditu bideo-instalazio handi batean. Lehen aldiz instalatzen da biurteko horretan ikus-entzunezko artelan bat margolanen eta eskulturen ondoan.

1986
Bere lehen bideo-zinta luzea osatzen du, Ez dakit zeren antza dudan (I Do Not Know What It Is I Am Like), animalia-kontzientziari eta giza transzendentziari buruzko azterlan bat. Museum of Contemporary Art-ek, Los Angeles, San Joan Gurutzekoarentzat gela (Room for St. John of the Cross) erosten du, Violak saldutako gela baten neurriko lehen instalazioa.

1987
ZDF Television-eko (Mainz, Alemania) “Das kleine Fernsehspiel” telesaioak diru-laguntza bat ematen dio basamortuko paisaiaren bideo-zinta bat sortzeko, Igarotzea (The Passing, 1991). Bost hilabetez Estatu Batuetako hego-mendebaldean zehar bidaiatzen du Perovekin basamortuko paisaian gau-grabazioak egiteko eta antzinako amerikar natiboen leku arkeologikoak eta haitzetako artea aztertzeko, Peroven interesetako bat. Zuri-beltz hutsean lan egiten du ZDF proiekturako, bereziki aldatutako hainbat tresna erabiliz, eta irudi-intentsifikadoreekin eta sentiberatasun infragorriko bideo-kamerekin ikusgaitasunaren atariko irudiak grabatzen. Bill Viola: Installations and Videotapes erakusketa Museum of Modern Art-en aurkezten da, New York, eta horren barruan dago MoMAk enkargatutako Pasabidea (Passage) instalazioa, asko editatutako 23 minutuko bideo bat, 1/16ko abiaduran erreproduzitua, eta, hala, pieza zazpi ordu eta erdiraino luzatzen da eta egunean behin erreproduzitzen.

1988
Peroven eta Violaren lehen umea jaiotzen da, Blake. Ordenagailuz kontrolatutako eta tresnak berak sortutako denbora-egiturekin lanean hasten da instalazioetan, Arrazoiaren ametsa (The Sleep of Reason) piezan, esaterako.

1989
Eraldatutako proportzioekin eta triptiko tradizionalaren itxuran proiektatutako irudiekin lanean hasten da: Gizonaren hiria (The City of Man). Laserdisc teknologia erabiltzen hasten da, kanal askotako instalazioetako erreproduzio programatuko bitarteko gisa. Viola eta Perov Japoniara itzultzen dira bost instalazioko erakusketa batera Fukui Fine Arts Museum-en, Fukui-ko Hirugarren Nazioarteko Bideo Biurtekoaren baitan. John D. and Catherine T. MacArthur Foundation-ek bost urteko diru-laguntza bat ematen dio. Jaiotzaren prozesua grabatzen du, giza izatearen gai unibertsalen epe luzeko esplorazio baten aitzindari.

1991
Otsailean ama hiltzen zaio. Azaroan, Peroven eta Violaren bigarren semea jaiotzen da, Andrei. Igarotzea (The Passing) osatzen du ZDF Television-entzat, jaiotzari, heriotzari eta basamortuko paisaiari buruzko meditazio pertsonal bat. Produkziorako eta langintzarako bere lehen estudio handira aldatzen da. Museum für Moderne Kunst (MMK) berriaren inauguraziorako, Frankfurt, Alemania, Violak Adimena gelditzen (The Stopping Mind) sortzen du, bideo eta soinu-instalazio konplexu bat, tresnak berak sortutako denbora-egiturei buruz 1988an hasitako esplorazioak jarraitzen dituena.

Jendaurrean hamar urtez etengabe erakutsi du obra MMKn.

1992
Loa, heriotza, jaiotza eta hilkortasuna bezalako gaiak lantzen dituzten instalazio sorta bat produzitzen du. Abiadura handiko 35 mm-ko filma darabilen bere lehen obra egiten du, Igoerako arkua (The Arc of Ascent); Harry Dawson argazki-zuzendariarekin eginiko bere lehen obra da hau; bi gizonen arteko lankidetzak gaur arte dirau. 24 orduko proiekzio etengabe bat daukan leiho bat sortzen du, Gelditu gabe otoitzean (To Pray Without Ceasing), eta triptiko itxura duen erretaula-proiekzioa sortzen du XVII. mendeko eliza baterako, Chapelle de l’Oratoire, Musée des  Beaux-Arts de Nantes-ekin batera, Frantzian: Nantesko triptikoa (Nantes Triptych). Lehenengo bakarkako erakusketak Donald Young Gallery-n, Seattle, eta Anthony d’Offay Gallery-n, Londres. Perovek, Düsseldorfeko Kunsthalle-ko Marie Louise Syring-ekin batera, Violaren obraren lehenengo bira handia antolatzen du, Europako sei lekutan egingo dena. Bere garairako anbiziotsua izanik, erakusketak zazpi instalazio eta bideo-zinta programa bat dauzka.

1993
Medienkunstpreis lehenengo saria ematen diote Alemanian; Zentrum für Kunst und Medientechnologie-k, Karlshruhe, eta Siemens Kulturprogramm-ek elkarrekin aurkeztutako sariketa da. Bideo-instalaziori emandako Skowhegan saria jasotzen du New Yorken. Musée d’Art Contemporain de Montréal-en, Kanada, Bill Viola erakusketa, sei instalazio dauzkana. Pertzepzioaren mugak esploratzen ditu Heriotza txiki-txikiak (Tiny Deaths) eta Pneuma (1994) bezalako obretan, argi motela eta kamera infragorriak erabiliz ia-ia antzeman ezinak diren irudiak grabaturik.

1994
Ensemble Modern-ek, Frankfurt, Edgar Varèse-ren Déserts konposizioan oinarrituko obra berri bat sortzeko gonbidapena egiten dio, izen bereko kontzertu emanaldirako; produkzioak film talde oso bat erabiltzen du, plato eraiki bat, aktore bat, eta abiadura handiko 35 mm-ko filma, bideo-atalekin konbinatuta. Estazioak (Stations) sortzen du, granito beltzeko bost lauza islatzaile handirekin eta oihal fin zintzilikatuekin osatutako kanaleko instalazioa, Parisko American Center-eko inaugurazio- erakusketarako. Brasilera bidaiatzen du Bill Viola: Território do Invisível/Site of the Unseen erakusketarako, Centro Cultural Banco do Brasil-en, Rio de Janeiro.

1995
Sirakusako Unibertsitateko Arte Ederretako Doktore honoris causa jasotzen du. Estatu Batuen ordezkaria da Veneziako 46. Bienalean, eta Sekretu ehortziak (Buried Secrets) sortzen du, komunikazio hautsiari eta elkarrizketa sakratuari buruzko bost instalazio berri. Ikuskizunaren barruan Agurra (The Greeting) dago, Pontormo italiar manieristaren XVI. mendeko Ikustaldia margolanean inspiratua.

Bill Viola, Reasons for Knocking at an Empty House: Writings 1973–1994, testu-bilduma argitaratzen da, Robert Violette-k Bill Violarekin eta Kira Perovekin editatua.

1996
Ipar-ekialdeko Ingalaterrako Chaplaincy to the Arts and Recreation (Bill Hall, kapilau nagusia) Arte eta Aisialdiko kapilautzaren enkarguz, instalazio bat sortzen du 900 urteko Durhamngo katedralerako: Mezularia (The Messenger); hori da erlijio-erakunde batek, Ingalaterrako Elizak, erositako lehenengo bideo-instalazioa. Bidegurutzea (The Crossing) produzitzen du Violak, tamaina handiko proiekzio-instalazio bat, suaren eta uraren elementuek giza itxura nola eraldatzen duten irudikatzen duena. Bi obra horiek erakusketa honetan plazaratzen dira: Bill Viola: Trilogy: Fire, Water, Breath Chapelle Saint-Louis de la Salpêtrière, Festival d’Automne à Paris. Violaren bideo-instalazio bat lehen aldiz erakusten da Errusian, Bihotzaren zientzia (Science of the Heart, 1983), Marmolezko jauregian, San Petersburgo. Martxoan, Bobby Jablonski estudiora batzen da, estudio-zuzendari gisa, eta Bill Viola Studioren kide ezin baliotsuagoa bihurtzen da, berak sortzen baititu erakusketa-planak eta gainbegiratzen mundu osoan zeharreko fabrikazio eta instalazio guztiak; haren lankidetzak gaur arte dirau.

1997
Infografia interaktiboko lehen pieza sortzen du, Jakinduriaren zuhaitza (The Tree of Knowledge) instalazioa, Bernd Lintermann programatzailearekin elkarlanean, Zentrum für Kunst und Medientechnolgie, Karlsruhe, Alemania. Bill Viola, hogeita bost urteen inguruko erakusketa, Whitney Museum of American Art- ek antolatua, New Yorken, komisarioak David A. Ross eta Peter Sellars dira, Kira Perovekin batera; tamaina handiko hamasei instalazio pieza eta bideo-zinta obra zeuzkan erakusketa hau azaroan inauguratu zen Los Angeles County Museum of Art-en; Perovek obraren bideo-atzemate digitalak erabiltzen ditu lehen aldiz bideo-obrak katalogoan irudikatzeko. School of the Art Institute of Chicago-k Arte Ederretako Doktore honoris causa izendatzen du Viola.

1998
Irakasle gonbidatua eta egoiliarra da Getty Research Institute-n, Los Angeles, non urte hartako gaia “Grinak irudikatuz” den. Erdi Aroko eta Berpizkundeko artearen emozio-egoera muturrekoen irudikapena aztertzen hasten da. Atzera begirako erakusketa Whitney Museum of American Art-era, New York, eta Stedelijk Museum-era, Amsterdam, joaten da.

1999
Urtarrilean aita hiltzen zaio. Atzera begirako erakusketak hara-hona jarraitzen du, Museum für Moderne Kunst-era eta Schirn Kunsthalle-ra, Frankfurt, eta San Francisco Museum of Modern Art-era. Bira horren azken egonaldia urrian inauguratzen da Art Institute of Chicago-n. Aktoreekin proiektu zabal bati hasiera ematen dio Violak, Weba Garretson-ekin bereziki, funtsezkoa baita produkzio askotan; azkenean, Grinak (Passions) saila izenez ezagutuko da proiektu hura. Harry Dawson argazki-zuzendaria funtsezko lankidea da argiztapenerako eta abiadura handiko filmarekin grabatzeko.

2000
Txundituen boskotea (The Quintet of the Astonished) erakusten da, grinen gaiari buruzko lehenengo obra, Londresko National Gallery-n, Encounters: New Art from Old talde-erakusketan. Nine Inch Nails musika taldeko Trent Reznor-ekin lan egiten du, taldeak Estatu Batuetan zehar egindako “Fragility v2.0” birarako hiru kantuen bideo-interpretazioak sortzeko. Galeria bateko bere lehen erakusketa New Yorken, James Cohan Gallery-n, Grinak (Passions) saileko pieza batzuk eta pantaila zapal digitaletarako eta plasma-pantailetarako sortutako lehenengo obrak biltzen dituena. Itxuren mundua (The World of Appearances) obraren inaugurazioa, Helaba Bank-en enkarguz; hori da jendaurrean etengabe instalatutako lehenengo obra, Main Tower, Frankfurt, Alemania.

2001
Grinak saileko bigarren pieza multzoa aurkezten da, Anthony d’Offay Gallery-n, Londres, haien artean pantaila zapalean predela baten gisara grabatutako sekuentzia, Catherineren gela (Catherine’s Room), Weba Garretsonekin, bai eta Bost aingeru milurterako (Five Angels for the Millennium) ere, bost kanaleko tamaina handiko proiekzio-instalazioa. New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-ek Oroitzapenaren boskotea (The Quintet of Remembrance) erosten du, bere bildumako lehenengo bideo-instalazioa. Violak Toscanara bidaiatzen du, Behe Erdi Aroko eta Berpizkundeko fresko narratiboen zikloak aztertzera. Violak eta Perovek ordu arteko proiekturik luzeenaren produkzioari hasiera ematen diote, S. Tobin Kirk estudio-produktorearekin batera; sei hilabete iraungo du proiektuak eta Egunerantz aurrera eginez (Going Forth By Day) izango da emaitza: bost zatiko fresko digital proiektatuen ziklo bat, goi bereizmeneko bideo-baliabide berrirako sortua, eta teknikari, efektu berezietako adituak, aktore espezialistak, berezko tamainako eraikineko platoak eta 200 estratik gorako talde bat bildu duena.

2002
Egunerantz aurrera eginez otsailean inauguratzen da Deutsche Guggenheim Berlin-en; irailean New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-era bidaiatzen du. Bi obra berri sortu zituen bereizmen handiko bideoan, Agertzea (Emergence) eta Betetzea (Observance), J. Paul Getty Museum-eko, Los Angeles, erakusketa baterako. Bost aingeru milurterako (Five Angels for the Millennium) The Power of Art erakusketan ikusgai egoten da, Hyogo Prefectural Museum of Art-en, Kobe, Japonia.

2003
Bill Viola: The Passions inauguratzen du J. Paul Getty Museum-en, Los Angelesen, eta National Gallery-ra doa gero, Londresa; bertako aldi baterako erakustaretoetan artista garaikide batek eginiko lehenengo bakarkako erakusketa da bi museoetan. Perovek teknika berriak erabiltzen ditu Getty-ren Passions liburuan obra errepresentatzeko, goi bereizmeneko atzemate digitalak erabiliz eta irudi bakoitzari kalitate fotografikoa emateko bilbe estrokastikoaren metodo berria erabiltzen duen inprimatzaile batekin elkarlan estuan arituz. Violak Lekuko bizia (bi punturen arteko distantziarik laburrena) [Living Witness (The Shortest Distance Between Two Points)] osatzen du, Mojave basamortuan, Lone Pine-tik hurbil, Kalifornia, grabatutako obra, E.ON AGren egoitza berriaren enkarguz, Düsseldorf, Alemania. Bost aingeru milurterako (2001), piezaren bertsio zabaldu bat instalatzen dute Gasometer Oberhausen-en, Alemania, Ruhr-eko trienalaren parte gisa (Gérard Mortier zuzendari). Lehen bakarkako erakusketa Asiako galeria batean, Kukje Gallery, Seul, Hego Korea, Grinak (Passions) piezak eta Beloak (The Veiling, 1995), ikusgai dauzkala, besteak beste.

2004
Peter Sellars opera-zuzendariarekin, Esa-Pekka Salonen orkestra-zuzendariarekin eta Kira Perov produktore exekutiboarekin lankidetzan hasten da Richard Wagneren Tristan und Isolde operaren produkzio berri bat sortzeko. Opera emanaldiaren lagungarri izan zedin landutako lau orduko Violaren bideoa zortzi hilabetetan sortzen da, honako hauekin elkarlean: Harry Dawson, argazki-zuzendaria; S. Tobin Kirk, produktorea; Robbie Knott, efektu berezien gainbegiratzailea; John Hay, Jeff Mills, Lisa Rhoden, Sarah Steben eta Robin Bonaccorsi, aktoreak; antzezleen zuzeneko antzezpenen bideo-editorea, Alex MacInnis, eta Brian Pete, goi bereizmeneko editorea. Proiektu moduan eta “Tristan proiektua” izenburuarekin Los Angeles Philharmonic-en estreinatzen da abenduan. Bill Viola: Denborazkotasuna eta transzendentzia, instalazio handiak biltzen dituen erakusketa, Egunerantz aurrera eginez barne, Guggenheim Bilbao Museoan.

Hiru bideo obra erakusten dira Lonely Planet erakusketan, arte garaikideko galerian, Art Tower Mito-n, Mito-City, Ibaraki, Japonia.

2005
Tristan und Isolde produkzioaren mundu-estreinaldia egiten da Opéra National de Paris-en, Bastille-n, eta sarrera guztiak agortzen dira apirilean eta azaroan (produkzioa emankizunean dago oraindik ere, kontzertu-bertsioan eta erabat antzeztua). Bill Viola: Visions—ARoS Aarhus Kunstmuseum, Aarhus, Danimarka—; erakusketaren parte dira Egunerantz aurrera eginez (Going Forth By Day) eta, beren bilduma propiotik, Bost aingeru milurterako (Five Angels for the Millennium). Getty-ko Passions erakusketa Fundación la Caixa-ra doa, Madril, Espainia, eta National Gallery of Art-era, Canberra, Australia. Tristan saileko instalazioa eta bideo-obrak James Cohan Gallery-n erakusten dira, New York. Viola eta Perov Dharamsala-ra joaten dira, Indiako iparraldera, Blake eta Andrei beren semeekin, tibetar iheslarien mendi tontorreko etxea bisitatzera, monasterioak ikustera eta tibetar erlijioa eta kultura ikastera. Berorren santutasun Dalai Lamarekin audientzia pribatu bat ematen zaie, eta otoitz bat grabatzen dute The Missing Peace: Artists Consider the Dalai Lama erakusketarako, Committee of 100-ek eta Dalai Lama Foundation-ek antolatua eta Fowler Museum of Cultural History-n, UCLA, Los Angeles, 2006ko ekainean inauguratuko dena. Violak obra berri bat ere sortzen du emanaldi horretarako, Argi-gorputzak (Bodies of Light).

2006
Bill Viola—Video, lau instalazioko erakusketa Kunsthalle Bremen-en; erakusketa horri lotuta, Violak NORD/Landesbank Art Prize saria jasotzen du. Tristan saileko hamaika pieza editatzen dira Londresko Haunch of Venison galerian eta St. Olave eskola ohian egin zen erakusketarako. Obra horien artean LCD pantailekin osatutako triptiko txikiak, plasma-pantailako diptikoak eta 5,5 metroko altuera duten proiekzioak daude. Ordu arteko Violaren instalazio-erakusketarik handiena egiten da, eta Asiako lehen atzera-begirako erakusketarik handiena, Bill Viola: Hatsu-Yume (First Dream).

Hamasei obra aurkezten dira, eta 340.000 bisitaritik gora erakartzen ditu Tokioko Mori Art Museum-era. Frantziako gobernuak Arteen eta Letren Ordenako Komendadore saria ematen dio.

2007
Granadako Arte Ederren Museoaren egoitza den Alhambrako Carlos V.aren jauregiaren berriztapen-lanak direla-eta, bost instalazio erakusten ditu bertan, Bill Viola: Las Horas Invisibles erakusketan. Violaren obra aurrenekoz erakusten da Polonian; Zacheta National Gallery of Art-ek, Varsovia, Bill Viola izenburua zuen bederatzi instalazioko erakusketan. Tresna tekniko berri bat erabiltzen du, gertaera bat bi kamerarekin aldi berean grabatzeko aukera ematen duena, eta hiru pantailako Itsasbazterrik gabeko ozeanoa (Ocean Without a Shore) bideo/soinu instalazio berriaren produkziorako garatzen du Veneziako Bienalerako. XV. mendeko Oratorio San Gallo elizarako sortzen du, eta “heriotzak gure bizitzetan duen presentzia” da instalazioaren gaia. Sistema tekniko berriarekin grabatutako gainerako grabazioekin Antzaldatzeak (Transfigurations) saila egiten du.

2008
Bill Viola: The Tristan Project erakusketa egiten du Art Gallery of New South Wales-en; instalazio bakarra eta Tristan saileko bi obra aurkezten ditu erakusketan, St. Saviour elizaren, Sydney, Australia, aldarearen parean pantaila bertikal handi batean proiektatutakoak. Bill Viola: Transfigurations deritzan erakusketa egiten du Kukje Gallery-n, Seul, Antzaldatzeak saileko sei obra berri eta aurretikako lau instalazio dauzkana. Bill Viola: Visioni interiori aurkezten da; gaur arte hori da Italian egindako Violaren obraren erakusketarik handiena (hamasei bideo-instalazio), eta Perov da komisarioa, Erromako Palazzo delle Esposizioni-n.

Perovek editatzen du orobat erakusketako katalogoa.

2009
Bill Viola: Installations and Screenings aurkezten du Haunch of Venison-en, Berlinen; 59. Berlinale-ko Forum Expanded-en Screenings sailean. Being Time osatzen duten lau instalazioak erakusten ditu Pier Arts Centre-n, Stromness, Orkney, Eskozia, ARTIST ROOMS biraren parte gisa. Antzina artilea sailkatzeko erabiltzen ziren gela txiki berdin-berdin batzuetan Bill Viola: The Intimate Work erakusketan erakusten ditu hamalau bideo-instalazio txiki De Pont Museum of Contemporary Art-en, Tilburg, Herbehereak. Bill Viola: Bodies of Light izeneko erakusketa James Cohan Gallery-n, New York, Pneuma 1994ko instalazio berregina barne. MITen Eugene McDermott Award in the Arts saria eta Kataluniako Generalitaten XXI Premi Internacional Catalunya sariak jasotzen ditu.

2010
Bill Viola: The Tristan Project erakusketa aurkezten du, St. Carthage elizako aldarearen parean bi obraren proiekzio handi barne hartzen dituena, Kaldor Public Project gisa aurkeztua Melbourne Festival-en, Australia. Caravaggioren heriotzaren 400. urteurrenaren harira, sei bideo-instalazio erakusten dira Bill Viola per Capodimonte erakusketan, Napoli, Italia, Museo di Capodimonte-n. Agertzea Michelangeloren David eskulturaren ondoan instalatzen da Galleria dell’Accademia-n, Florentzia, Italia, jatorrian Michelangelok egina zela uste zen Palestrina Pietà zaharberritzea dela-eta.

2011
Bill Viola: Transformations erakusketa Gallery Koyanagi-n, Tokio, zazpi obra aurkezten dituena. Itsasbazterrik gabeko ozeanoa piezak inauguratzen du Pennsylvania Academy of the Fine Arts- eko instalazio iraunkor gisa, Filadelfia, Pennsylvania. Violaren obraren lehenengo erakusketa Kanaria uharteetan, Bill Viola: Liber Insularum, Tenerifen, Sala de Arte Contemporáneo del Gobierno de Canarias-en, hamar bideo-instalazio aurkezten ditu bertan.

Erakusketa horren bertsio zabaldu bat Museum of Contemporary Art North Miami-ra doa, Florida, 2012. Arents Award saria jasotzen du, Sirakusako Unibertsitateko ikasle ohi gailenei ematen zaiena. Japan Art Association-ek, Tokio, Praemium Imperiale in Painting saria ematen dio.

2012
Ispilatzeak (argia eta beroa) esploratzera itzultzen da Perovekin. El Mirage-n, Mojave basamortuan, Kalifornia, egindako bi grabazio saiotan Ispilatzea (Mirage) saila osatu eta Bidegurutzeak (Crossroads) grabatzen dute, 5 × 25 metroko instalazioa (2014an bukatua) Hamad International Airport-erako, Doha, Qatar. Bill Viola. Reflections erakusketak hamaika bideo-obra aurkeztu eta Villa di Panza-n instalatzen da (Varese, Italia). James Cohan Gallery-k (Shanghai, Txina) Bill Viola: Unspoken aurkezten du. National Academy-ko kide izendatzen dute (New York), eta, hala, akademian onartutako ikus-entzunezko lehen artista da.

2013
2012ko amaieran eta 2013an, Violak eta Perovek estudioan eta inguruko kokalekuetan lanean jarraitzen dute bi sail gehiago produzitzeko: Ekintza zapuztuak (Frustrated Actions) eta Ur-erretratuak (Water Portraits). Ekintza zapuztuak sailaren barruan Ekintza zapuztuen kapera eta keinu hutsalak (Chapel of Frustrated Actions and Futile Gestures) lana dago, 42 hazbeteko bederatzi plasma-pantailako lauki-sare bat, pantaila bakoitzak bideo eta audio desberdina daukana. Ur-erretratuak sailean, urez betetako plexiglas-ontzi batean murgilduta daude aktoreak [Ameslariak (The Dreamers) lanean, 65 hazbeteko zazpi plasma-pantaila dauzka ikusleak inguruan, eta soinuak espazioa betetzen du].

Frustrated Actions and Futile Gestures bakarkako erakusketa Blain|Southern-en, Londres; Violaren hiru sail berrienetako bederatzi obra erakusten dira. Anderson Ranch-ek National Artist Award saria ematen dio, Aspen, Colorado, eta Houston-go (Texas) Aurora Picture Show festibalak, berriz, Aurora saria. Autoerretratua, ur azpian (Self Portrait, Submerged) osatzen du autoerretratu bildumarako Vasari Corridor-en, Galleria degli Uffizi, Florentzia.

Perovek eta Violak bost astez lan egiten dute hogeita lau kideko beren produkzio taldearekin batera Hollywoodeko estudio batean Martiriak (lurra, airea, sua, ura) [Martyrs (Earth, Air, Fire, Water)] eta Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth) produzitzeko.

2014
Bost bideo-obra txiki instalatzen dira margolan klasikoen artean Real Academia de Bellas Artes de San Fernando-n, Madrilen, instituzioaren tradizioa hautsiz. Tristan und Isolde Madrileko Teatro Real-en taularatzen da, eta baita Parisen ere, Opéra National-en. Grand Palais-en, Parisen, Bill Viola aurkezten da, orain arteko erakusketarik handiena. Jérôme Neutres eta Perov dira komisarioak k, hogei instalazio ipintzen dira ikusgai, eta ia 300.000 bisitari erakarri eta 987 prentsa-aipamen eragiten ditu. Bernako katedralak bost plasma-obra instalatzen ditu, eta, horrekin batera, bideo-zinta aukeraketa bat Kunstmuseum Bern-en. Violak eta Perovek lau kanaleko plasma-pantailako obra osatzen dute, Martiriak (lurra, airea, sua, ura). St. Paul katedralean, Londresen erakusten da estreinako aldiz Bezpera Anglikanoan, eta hori da Ingalaterrako Elizako katedral batean ipinitako lehenengo bideo-instalazio iraunkorra. Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth) piezaren inaugurazioa Faurschou Foundation-en, Pekin, Transformation bakarkako erakusketaren baitan.

2015
Zazpi instalazio, gehienak suaren eta uraren gaian oinarrituak, hiru lekutan aurkezten dira, Adelaide Festival of Arts-en baitan, Australia. Zazpi obrako erakusketa bat egiten da Kukje Gallery-n, Seul. Yorkshire Sculpture Park-ek, West Yorkshire, Erresuma Batua, instalazio-erakusketa handi bat aurkezten du bere kapera eta galerietan.

[Itzultzailea: Jon Muñoz.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]