Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
Edgar Degas
Atalak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
- Gaiak:
- Argazkigintza | Artea eta denbora | Artea eta pertzepzioa | Artea eta teknologia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa
- Mugimendu artistikoak:
- Inpresionismoa | Sinbolismoa
- Artelan motak:
- Argazkia | Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Degas, Edgar | Gauguin, Paul | Moreau, Gustave | Muybridge, Eadweard | Picasso, Pablo | Rodin, Auguste | Rosso, Medardo | von Stuck, Franz
Argazkigintzaren asmakuntzak izugarrizko iraultza eragin zuen XIX. mendeko kulturan. Erakusketa honetan, beren argazki-lanengatik ezagunak ez izanagatik ere, beren artelan eta lan-metodoetan bitarteko honetaz baliatu ziren abangoardiako hamalau artista europarren lanak aurkezten zaizkigu. Ikusgai dauden lanetan agerian gelditzen denez, kamera ez zen errealismoa lortzeko tresna hutsa izan, berebiziko garrantzia izan baitzuen estetika sinbolista baten bilaketan. Estetika sinbolista hura ez zen mundua den horretan irudikatzeko nahiera errealistan oinarritzen, ikusmenaren bidezko hautematearekin lotura zuzenik ez duten barru-barruko egia unibertsalak aditzera emateko nahiera idealistan baizik. Argazkigintzak Gustave Courbet-en jakin-mina piztea ulergarria zaigu, izan ere, haren ustez pintoreak soilik bere begiez ikus zezakeen hura irudika baitzezakeen. Gustave Moreau-ren arte fantastikoagoan edo Paul Gauguin-en Tahitiko irudi oparoetan antzematen den argazkigintzarekiko interesa, ordea, nekezagoa zaigu ulertzen. Nolanahi ere, horixe da, hain zuzen ere, erakusketa honetan azaltzen zaiguna.
Argazkigintza 1830eko hamarkadan asmatu zen, eta asmakuntza horrek, kameraren garapen teknologiko bizkorrarekin batera errotik aldatu zuen ikusmena, denbora eta oroimenaren gaineko ulermena. Eadweard Muybridge-ren sekuentziakako argazki ikusgarrian, giza begiak antzeman ahal izateko laburregia zen esperientzia baten segundoko milarena “ikus” zitekeen lehenbiziko aldiz. Eta 1880ko hamarkadan, Kodak kamerei esker, erabiltzen errazak eta eskuragarriak askorentzat, edozeinek zuen argazkigintza ez profesionalean aritzeko aukera.
Erakusketa honetan bildutako hamalau artisten lanetan argi antzematen da kamerak izandako eginkizuna. Gustave Moreauren eta Franz von Stuck-en kasuetan, argazkiak, estudioan kontu handiz landutakoak, behin betiko olio-lanetarako “zirriborro” gisa erabiltzen ziren. Zenbait artistek, Auguste Rodin eskultoreak esaterako, ez zuten inoiz argazkirik egin, eta beste batzuek, berriz, Edgar Degas-ek edo Medardo Rosso-k adibidez, gustura asko ibili ziren teknika berri hura lantzen. Gauguinen edo Picasso-ren kasuetan, argazki-bildumek —bai dokumentalak, postalak edo artelanen erreprodukzioak—, zuzeneko eragina izan zuten konposaketa-osagaien antolaketa, sailkapen eta aukeraketan. Kasu askotan, zenbait pintura, marrazki edo eskultura dagozkien argazkiekin alderatuz gero, agerian gelditzen da argazkigintzak mendearen amaiera aldean izandako eragin handia. Erakusketa honetako aztergaia, azken batean, argazkigintza tresna eraldatzaile garrantzitsua bilakatu izana dugu, arte-objektu, dokumentu, berrikuntza zientifiko eta merkataritza-tresna bihurtzearen bidez hain zuzen ere.
Erakusketa hau Dallas Museum of Art-ek antolatu du.