Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
Sarrera
Paul Gauguin
Atalak
Edgar Degas
- Izenburua:
- Edgar Degas
- Erakusketa:
- Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
- Gaiak:
- Argazkigintza | Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Mugimendua | Erretratua eta autorretratua | Dantza
- Mugimendu artistikoak:
- Inpresionismoa
- Teknikak:
- Olio-pintura | Pastela
- Artelan motak:
- Argazkia | Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Degas, Edgar | Moreau, Gustave | Muybridge, Eadweard
Bere adiskide eta garai bereko Gustave Moreau pintorearen antzera, Edgar Degas heziketa klasikoa jaso eta maisu italiarrak miresten zituen artista izan genuen. Hala eta guztiz ere, Moreauk ez bezala, Degasek eguneroko bizitzako gertakariak hartzen zituen gaitzat, Bibliako istorioak edo mitoak baino gehiago, eta bere estiloak gehiago jotzen zuen naturalismorantz eta gutxiago erromantizismorantz. Degasen lanak zazpi erakusketa inpresionisten arteko seitan egon ziren erakusgai eta talde hartako gainerako kideek bezalaxe, burgesia garaikidearen berezko gaiekiko interesa izan zuen.
Gauza nabarmena da Eadweard Muybridge-ren sekuentziakako argazkien esperimentuek liluratuta utzi zutela Degas. Argazki haiek giza begiak inoiz atzematerik izango ez zutena uzten zuten agerian, esaterako, arrapaladan doan zaldi baten lau hankek lurra utzi eta animaliaren gorputzaren azpian biltzen direneko segundo-zatikia. Muybridgeren argazkien eragina oso nabarmena da Degasek zaldien mugimenduaz egindako olio-pintura, pastel zein argizarizko lan ugaritan.
Degas bera argazkilari profesionala izan zen bere bizitzako aldi batean zehar, eta beren gelditasunean berezkotasun-izpirik ere ez duten dantzarien argazkiak egin zituen saioak egiten edo atseden hartzen ari ziren bitartean. Bere adiskideen argazkiak ere egin zituen, eta ordu luze bezain gogorretan izaten zituen azkenik gabeko saioetan, beira-xaflen bidezko kamera finkoen teknologia mugaturen ondorioz garai hartan erabiltzen ziren kerosenozko lanparen beroa jasaten. Argazkigintzan bere eskultura, olio-pintura edo pasteletan adinako esperimentaziorako sena eta jakin-mina erakutsi zituen Degasek. Stephane Mallarmé poeta sinbolista handiari eta Pierre-Auguste Renoir maisu inpresionistari egindako erretratu esanguratsuan Degas argazkilariaren autoerretratu sotila ezkutatzen da ispiluan.