Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
Franz von Stuck
Félix Vallotton
Atalak
Pierre Bonnard eta Édouard Vuillard
- Izenburua:
- Pierre Bonnard eta Édouard Vuillard
- Erakusketa:
- Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
- Gaiak:
- Argazkigintza | Artea eta denbora | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Nabiak
- Mugimendu artistikoak:
- Intimismoa
- Artelan motak:
- Argazkia | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Bonnard, Pierre | Vuillard, Édouard
Pierre Bonnard eta Édouard Vuillarden lanen arteko antzekotasuna nekez izan daiteke ustekabekoa. Artista biek lotura estua izan zuten beren ibilbidearen hasieran, 1880ko hamarkadaren amaieran, nabien mugimenduaren programa sinbolistarekin bat egin zutenean. Askotan “intimistatzat” hartu izan dira beren gaien izaera pribatuagatik, eta bai Bonnardek bai Vuillardek, hobekien ezagutzen zituzten pertsonak eta gauzak margotzea erabaki zuten: beren senitarteko eta lagun minak, edo beren obraren babesleak ziren mezenasak.
Ez da harritzekoa, beraz, Bonnardek eta Vuillardek, biek ere Kodak kamerarekiko miresmena erakutsi izana. Bat-bateko argazki-kamerari esker, bi artista hauek eguneroko bizitzako une iheskorrenak hauteman zitzaketen botoi bat sakatu hutsarekin. Bonnardek kanpoaldean egin zituen bere argazki gehienak, eta kanpoko argi aberatsari esker, bere familiaren bizimoduaren unerik berezkoenak hautematea lortu zuen. Bonnarden bizimodu pribatuko argazki hauek oso gutxitan erabiliko zituen gerora bere margolanen zuzeneko eredutzat. Hala ere, denbora errealean bizitako unerik iheskorrenak ere betiko hautematen dituzten bat-bateko argazki hauei darien nostalgia da, hain zuzen ere, Bonnardek bere pinturetan adierazi nahi zuen efektua.
Bonnardek ez bezala, Vuillardek barrualdeetan egin zituen bere argazki gehienak, eta barrualde horietako argitasunik ezaren ondorioz, bere modeloek patxada handiz itxoin behar izaten zuten higiezintasunetik askatuko zituen kameraren “klik-klak” soinu letargikoa entzun arte. Vuillarden argazki eta pinturek arreta handiz zaindutako kalitatea dute, baina lanotan ez da Bonnarden argazkietan antzematen den bat-batekotasunik ikusten. Vuillardek ere bere argazkiak ondoren margolanak egiteko zuzenean erabili ez bazituen ere, argazki hauetan ederki antzematen dira Vuillardek berezkoak zituen konposaketarako zorroztasun berezia eta diseinurako gaitasun nabarmena.