Bilbo eta pintura
Aurelio ARTETA, Gerraren triptikoa (Tríptico de la guerra), 1937–38
Iruzkinak
José María UCELAY, Zuberoako dantzak (Danzas suletinas), 1956
- Izenburua:
- José María UCELAY, Zuberoako dantzak (Danzas suletinas), 1956
- Erakusketa:
- Bilbo eta pintura
- Gaiak:
- Folklorea | Kritika | Argia | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Eszena-generoa | Erbestea | Gerra Zibila (Espainia) | Dantzariak | Bilbo | Bizkaia | Paris | Musika-tresnak | Pertzepzioa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Olio-pintura
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Ucelay Uriarte, José María
José María Ucelay Parisera joan zen 1922an, eta han Paco Durrioren erreleboa hartu zuen, Frantziako hiriburuko euskal artisten komunitatea elkartzeko lanetan. Eusko Jaurlaritzaren Arte Ederretako zuzendari nagusia izan zen Espainiako Gerra Zibilean, eta Ingalaterran erbesteratuta egon zen 1950 arte. 1953an, Pío Barojak idatzitako Guía del País Vasco lana ilustratu zuen. Esan daiteke bi intelektualok izan zirela euskal probintziez hitz egiten lehenak Gerra Zibilaren ondoren eta frankismo bete-betean.
Barojaren gidaren eraginpean, Ucelayk Zuberoako dantzak margotu zuen. Koadroan, Zuberoako inauterietako maskarada bat ikus daiteke. Bi talde antagonikok parte hartzen dute bertan, eta jantziek eta gorputzen mugimenduek bereizten dituzte: gorriak dotoreagoak dira, eta beltzak, basatiagoak. Pertsonaien artean, zamaltzaina nabarmentzen da, hots, gerrian zaldi itxurako armazoi bat daraman dantzaria. Zuberoako maskarada zaldiaren etxekotzearekin lotutako jaia da. Pío Barojaren gidaren arabera, animalia horrek alearen espiritua irudikatzen du Euskal Herrian. Ucelayk zenbait euskal instrumentu tradizional kokatu zituen lehen planoan, besteak beste, alboka, ttun-ttuna, akordeoia eta txirula, baita ospakizun horretan erabiltzen diren zenbait objektu ere, esaterako, zamaltzainak Godalet-dantza ospetsuan erabiltzen duen edalontzia, hots, haren inguruan dantzatu eta, bi oinak elkartuta jauzi eginez, une batez haren gainean jartzeko baliatzen duena. Alabaina, Ucelayren gizaki-irudiek ez dute “euskal pintura” izenez ezagutzen denaren folklorismorik; ondorioz, kide zituen artista batzuek kritikatu egin zuten, haren pertsonaiek “baserritarrez jantzitako aristokrata ingelesak” ziruditela esanez. Artistaren pintura, arreta handiz egina, eremu magiko eta misteriotsuetan barneratzen da errealismotik abiatuta.
Ucelayren obrak haren bizi-esperientzia islatzea eta bere familia-ingurunea irudikatzea du helburu. Eszenaren paisaia Zuberoan dago kokatuta, zubereraz mintzo diren lurretan, atzealdean Gotaineko eliza ikusten baita. Koadroko pertsonaiak, berriz, artistaren inguruko jendea dira, Busturiko aristokrazia, hau da, artistaren oinetxe inguruko baserrietako bizilagunak.