Bilbo eta pintura
Zazpikaleen Bilbotik hiriburu modernora
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Bilbo eta pintura
- Gaiak:
- Etnologia | Folklorea | Artea eta ekonomia | Artea eta gizartea | Artea eta identitatea | Artea eta paisaia | Artea eta politika | Artearen historia | Gizarte-kronika | Itsas paisaia | Landa-eszenak | Tradizioa | Euskal Herria | Bilbo | Bizkaia | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Abangoardia | Modernismoa
Areto hauetan barrena, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen lehenengo erdira bitartean euskal pinturan sartu ziren teknika artistiko berritzaileak eta adierazpeneko gai eta eredu berriak ezagutu ahal izango dituzu. Erakusketako pinturak formatu handiko obrak dira, eta funtsezkoak izan ziren artisten ibilbidean; halaber, margolanok Bizkaiko gizartearen identitate estetikoa finkatu duten eraldaketa historikoak ulertzeko elementuak ematen dituzte. Izan ere, Europako beste hiriburu handi batzuetan bezala, merkataritzako burgesia indartsu batek sustatu zituen eraldaketa horiek, eta Bilbo garai hartako kultura artistikoaren erdigune bihurtu zuen horrek.
Erakusketaren lehenengo zatian, mende amaierako Bilbon barrena sartu eta, garai hartako dokumentazio-materialen bitartez, hiria esploratzeko gonbita egiten da. Jarraian, pinturari buruzko lehenengo aretoan, Bilboko itsasadarra eta bertan txertatutako portua aurkezten dira, hiriko bizitza ekonomikoaren eragile eta kultura- eta kirol-arloko interes berrien agertoki modura. Hurrengo aretoan erakusgai dauden koadroen bidez, itsasoko eta mendiko munduak aurrez aurre jartzen dira: portua duten herriak eta barnealdeko herrixkak, hiritik eta elkarrengandik oso hurbil; euskal kulturatzat ulertzen duguna mugatzen lagundu duten lurralde eta tradizioak... Azkenik, hirugarren aretoan biltzen diren obren bitartez, garaiko margolariek euskal folklorearekin lotutako gai etnografiko jasoekiko sentitu zuten interesa azaltzen da. Dantzak eta musikak erakarri zituzten bereziki, zeinak identitate-zentzu berria hartu zuten.