Serra/Seurat. Marrazkiak
Sarrera
Serra. Ibilbideak (Ramble Drawings) [2]
Iruzkinak
Serra. Ibilbideak (Ramble Drawings) [1]
- Izenburua:
- Serra. Ibilbideak (Ramble Drawings) [1]
- Erakusketa:
- Serra/Seurat. Marrazkiak
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Argia | Iluntasuna | Konposizioa | Lan-prozesua | Materialak | Papera | Eskala | Eskulturagintza | Marrazkigintza | AEB | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Arkatz
- Aipatutako artistak:
- Serra, Richard
Georges Seuraten marrazkiek mirespen handia piztu zuten haren ingurune hurbileko artista askoren artean: Paul Signac-ek, esate baterako, pintore batek inoiz eginiko ederrenak zirela adierazi zuen. Hori esanda, nolabait ere, gutxietsi egiten zuen marrazkia, genero txikiagotzat hartzen baitzuen artistaren obra osoaren barruan, eta ez lan garrantzitsutzat. Antzeko zerbait gertatzen da Richard Serrarekin ere. Nazioartean, eskultore gisa da ezaguna, eta haren marrazkiak ia osagarritzat jo izan dira artistaren ekoizpenean. Alabaina, egileak berak ezinbestekotzat jotzen ditu, bere obra osoaren barruan sorkuntza autonomo eta funtsezko gisa.
Richard Serraren iritzian, eskultura ez da mugatzen zizelkatzera, modelatzera, galdatzera edo hustera: berak askotariko forma eta materialetara jotzen du gizakien esperientzia espaziala esploratzeko eta azpimarratzeko. Era berean, Serrak gainditu egin du marrazkiaren tradizioa, eta hizkuntza autonomo bihurtu du; haren ustetan, ez da beste helburu batzuetarako bitarteko hutsa, eta, ildo horretan, teknika, formatu eta material berriak aplikatzen ditu marrazkigintzan.
Serrak 2015ean hasi zuen Ramble Drawings izeneko marrazki-saila; euskaraz, Ibilbideak. Izenburu horren jatorria artistak garai hartan sortu zuen instalazio batetik hartua da, altzairu herdoilkorrezko 24 xaflarekin sortu zuen instalazio batetik, hain zuen. Garrantzi bizia ematen die materialei, eta horren erakusgarri da eskuz eginiko paper japoniarra aukeratzen duela; izan ere, paper hori egiteko moduagatik, ez dago bestearen berdina den orririk. Bakoitzaren tamainak, gramajeak eta testurak zehazten dute haren gainean egingo den marrazkia, eta agerian geratuko dira prozesua bera eta haren aztarnak.
Ramble edo Ibilbide horiek, tamainaz txikiak izan arren —Serraren beste sail batzuekin alderatuta, behinik behin—, nolabaiteko monumentaltasuna hartzen dute; izan ere, hemen 33ko taldean daude antolatuta, sareta itxuran. Konposizio horrek badu loturarik sailaren izenburuarekin, sorkuntza-prozesuan barrena egitera gonbidatzen baikaitu; hau da, marrazkiak banaka ikustera, baina baita bata bestearekin konparatzera ere. Hori horrela, lamina horietako bakoitzak ageri dituen efektuak azter ditzakegu, eta aise ulertu ahalko dugu zerk eraman duten artista horiek sortzera.